Noiz sortua: 2020-03-26 00:30:00

Koronabirusa. Eragina ekonomian. Mikel Yang. Basque Trade China, bulegoko zuzendaria

«Hubei probintzian dena itxi zuten aste batzuetan»

Eusko Jaurlaritzaren Txinako bulego komertzialeko buruak dio enpresen jarduera «oso gutxika» ari dela normaltasunera itzultzen. Neurri zorrotzek ez dute etenik han.
SPRI Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2020ko martxoak 26
Funtsezkoa ez beste jarduera guztiak itxi, edo ahal den jarduerari eutsi, enpresak maila batean edo bestean zabalik utzita. Hortxe kokatu da eztabaida nagusia eragile sozialen artean egunotan. Txinan hasi zen koronabirusaren amesgaiztoa, Hubei probintzian, eta, osasun ondorio larriekin batera, ekonomia gogor jo zuen lehen eremua da. Mikel Yang Basque Trade China bulegoko zuzendariak esan dio BERRIAri jarduerari berrekin diotela egunotan, baina segurtasun neurri oso zorrotzekin oraindik. Uste du Txinak ez duela hain azkar utziko atzean COVID-19a eta haren ondorioak, «nazioartekoturik duelako bere ekonomia eta koronabirusa orain pandemia delako».

Nola dago Hubeiko eta, oro har, Txina osoko industria? Industriak normal ari dira lanean?

Gutxika goaz, normaltasunerako bidean urratsak egiten hasi gara, baina larrialdi maila bati eusten diote ia eskualde guztietan. Hilabete bat daramagu erritmo apur bat hartu nahian enpresetan, baina Hubei probintzian, adibidez, oso zaila da oraindik. Gainontzeko lekuetan, enpresa handiak beren jarduerari berrekin diote, nahiz eta oraindik maila apal batean den. Enpresa txikiak eta ertainak, berriz, oraindik itxita daude gehienak. Urtarrilean eta otsailean ekonomiak, oro har, asko sufritu du Txinan. Industria handiak %13 inguru jaitsi du jarduera urteko bi lehen hilabeteetan.

Urteberri txinatarrarekin batera, autogintzako handiek ateak itxi zituzten, eta orain ari dira abiadura pixka bat hartzen, ezta?

Autogintzaren moduko sektoreek nazioarteko katearen mendekotasun handia dute. Ingeniaritza, agian, Alemaniatik ekarri behar da; bada, pandemiak dena baldintzatu du, eta ez da erraza normal aritzea horrela. Nahiz eta Txinan martxan jarri nahi dugun, oraindik ezin da normal jardun. Gainera, esan behar da kontsumoak ere behera egin duela nabarmen urtarrilean eta otsailean.

Nola egiten dute lan beharginek? Nolakoak dira segurtasun neurriak?

Jarduerari berriz ekin nahi dionak baimena eskatu behar dio dagokion administrazioari, eta hark ezarritako baldintzak bete behar ditu. Osasun alorreko segurtasun neurriak zorrotz bete behar dituzte enpresek, eta agintaritzak onespena eman behar du jarduera berriro has dadin. Beharginak zein probintziatik datozen, zenbat tartearekin aritzen diren lanean, zer-nolako babes gailuak dituzten... horren arabera ematen du agintaritzak onespena edo ukatu. Oso zorrotzak izaten ari dira, egia esan; beharginak arriskutsutzat jotzen den probintziaren batetik badatoz, berrogeialdiak egin behar dituzte lantegian sartu aurretik. Baina enpresek ez badituzte eskatutako baldintzak betetzen, ezin dira jardueran hasi.

Txinan lantegiak dituzten euskal enpresak hasi dira lanean?

Bai, denek ekin diote jarduerari, maila batean edo bestean. 150 euskal enpresa dauden hemen. Horietatik 85ek ekoizpen plantak dituzte, eta denak ari dira lanean, baina segurtasun neurri handiak hartuta. Beharbada, langileen %80ekin ari dira. Batzuk telelanaren bidez, eta beste asko lantegietan.

Beraz, Txina ateratzen ari da, baina oraindik koronabirusaren ondorioak oso nabarmenak dira, ezta?

Ez dago txertorik, eta ez gara immuneak. Horrekin dena esanda dago. Txinara kanpotik etortzen ari dira kasu berriak, eta oso zorrotzak izan behar dugu oraindik. Beldur gara epidemiak berriro indar hartuko ote duen, eta ezinezkoa da erabateko normaltasuna gaur-gaurkoz.

Zenbat galduko du Txinako ekonomiak 2020. urtean? Ba al dago aurreikuspenik?

Epidemia hasi aurretik, gobernuaren aurreikuspena zen %6 inguruko hazkundea edukitzea, baina ikusi egin beharko da zenbatekoa den birusa eragiten ari den zuloa. Ez dago esaterik zer gertatuko den. Urteko lehen bi hilabeteak galdutzat eman ditzakegu, baina benetako arazoa izan daiteke gure ekonomia oso nazioartekotua dagoela: badakigu egoera globala zein den. Elkarren mendeko gara denok gaur egun; hornitzaile gara, baina erosle ere bai.

Oinarrizkotzat jotzen ez den industria ez beste guztia ixteko eskaera egin du hemen gehiengo sindikalak. Zer egin zuten Txinako agintariek epidemiak goia zuenean?

Hemen dena itxi zuten hilabete eta erdiz; Hubeiko probintziari buruz ari naiz. Beste eremu batzuetan ere itxiera orokorra izan zen aste batzuetan. Eta orain zuhurtzia handiz zabaldu dira lantegiak, neurri oso zorrotzekin. Adibidez, Pekinen lehen mailako zaintzarekin daude orain. Eremu bakoitzean zaintza maila desberdinarekin jokatzen dute, arriskuaren arabera. Mugikortasuna erabat kontrolatu nahi dute, gakoa delako birusa zabaldu ez dadin.

Aholkurik bai Euskal Herriko enpresarientzat? Epe jakin batean ekoizpena normalizatuko ote da hemen ere?

Ez naiz ausartzen, han hartu dituzten neurriak eta Txinan hartu ditugunak desberdinak direlako. Nola betetzen diren neurriak ere garrantzitsua da. Txinaren sistemak eta txinatarren kulturak erraztu egiten du erabakitzen dena benetan gauzatzen. Politika oso zorrotzak ezarri dituzte, eta hemen denek bete dituzte. Europako herrialde askotan ez lirateke beteko, adibidez Italian edo Espainian. Ez dago hemengo diziplinarik ezta filosofiarik ere.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 4an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 11.184 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 650 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.409 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Osasungintzako langileak txaloka, Nafarroako Ospitalean, Iruñean. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Datozen orduetan iritsiko dira Nafarroara Turkian atxiki zituzten arnasgailuak

Berria

10:00etan hasi dute Maria Txibite Nafarroako lehendakariak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzakoak azken igandeetan, Espainiako beste autonomia erkidegoetako presidenteekin batera, Pedro Sanchezekin egin ohi duten bilera.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

Etxea ikasgela

Garikoitz Goikoetxea

Itxialdiak hankaz gora jarri du irakaskuntza: etxean ari dira ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Pantaila edo telefono bidezkoa da irakasle-ikasleen arteko erlazio bakarra. Hezkuntzaren erronkak ageri-agerian geratu dira egunotan: adibidez, desberdintasun sozialak orekatu beharra. Etxealdian arriskuan egongo da hori.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna