Koronabirusa munduan

Wuhanen ez dute sintomarik gabeko kasu berririk atzeman

Txinako Hubei probintziako hiriburuko herritar guztiei ari zaizkie testak egiten. Azken bi hilabeteetan lehen aldia da positibo asintomatikorik atzeman ez dutela. Gobernua baikor agertu da

Wuhango fabrika bateko langileak, probak egiten. LI KE / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Txinako Wuhan hirian atzeman zuten COVID-19a zuen aurreneko kasua, eta, ordutik, mundu osora hedatu da gaitza. Bada, albiste on baten berri eman zuten atzo.Hango osasun agintariek jakinarazi zutenez, igandean ez zuten sintomarik gabeko gaixo berririk antzeman. Horrela, hirian duela bi hilabete asintomatikoak ziren kasuen zifrak igortzen hasi zirenetik, modu horretako positiborik erregistratu ez duten lehen aldia da.

Maiatzaren 14an hasi ziren Wuhanen testak modu masiboan egiten, beste piztualdi txiki bat izan ostean. Hala, biztanleria osoari proba egitea da asmoa: 11 milioi pertsona bizi dira bertan.

Emandako datuen arabera, herenegun 60.000 pertsonari egin zioten azido nukleikoaren analisia, eta diagnostiko berbera jaso zuten denetan: negatiboa.

Agintariek azaldu zutenez, emaitzei erreparatuta, testak modu masiboan egitea eraginkorra izaten ari da, eta horren efektuak nozitu dituzte jada, kutsatuen zenbakiek behera egin baitute.

Hain zuzen, orokorrean kasu asintomatikoek zaildu egin dute birusaren kutsatzeak hesitzea, horiek ere eramaileak direnez transmisioa eteteko traba izan direlako.

Modu horretan, Wuhanen dagoeneko ia herritar guztiei egin diete testa. Kanpainari ekin ziotenean, hamar eguneko epean 6,68 milioi laguni egin zioten proba, eta, orduan, 218 kasu asintomatiko atzeman zituzten —ekinaldiaren aurretik, berriz, analisia egina zuten Wuhango hiru milioi pertsona inguruk—.

Txinan koronabirusak gogorren jo duen eremua da Hubei probintziako hiriburua. Gobernuak zabaldutako datuen arabera, gaitzaren ondorioz herrialdean hil diren 4.600 herritarretatik %80 Wuhanen bizi ziren.

Beste hamasei kasu Txinan

Igandean bildutako Wuhango emaitzak onak izan baziren ere, nazio mailan bai, atzeman zituzten positibo berriak: hamasei, hain justu.

Horrela, kasuen gorakada apal bat erregistratu zuten, bezperan soilik bi kutsaturen berri eman ostean. Osasun agintariek jakinarazi zutenez, detektatutako positibo guztiak atzerritik etorritako pertsonenak izan ziren.

Hala, Sichuan probintzian atzeman zituzten horietako gehien: 11. Beste hiru kasu, berriz, Barne Mongolian detektatu zituzten, eta gainerako biak, aldiz, Kantonen.

Horrez gain, iturri ofizialen arabera, azken egunean hiru pazienteri eman zieten alta; beraz, orain Asiako erraldoian 76 kutsatuk jarraitzen dute aktibo; horietako hiru larri daude.

Bestalde, Txinako Osasun Batzorde Nazionalak ez zuen beste heriotzarik jakinarazi, eta 4.634 dira COVID-19a dela-eta herrialdean hildakoak. Pandemia hasi zenetik ofizialki diagnostikatutako kasuak, berriz, 83.017 dira.

Askoz zifra altuagoa da orain arte gaixoekin kontaktua izan dutenei jarraipena egin dieten pertsona kopuruarena: 745.147. Horietatik 4.723 lagunek behaketan segitzen dute, eta hiru kasu dira susmagarriak.

Testuinguru horretan, apurka, ari dira Txinan osasun krisia lehengoratzen. Duela bi aste, pandemia hasi zenetik lehen aldiz, ez zuen kasu bakar baten berri eman Asiako potentzia nagusiak, eta hobera egiten segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.