Hegaluzearen erantzukizuna

Berdela merke saldu eta antxoa kanpaina «txarra» izan ondoren, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak goiz irten dira atunaren bila. Hegalabur kuota «ia osoa» saldu dute.

Bi arrantzale hegaluzea kutxetan sartzen, Getariako portuan. GORKA RUBIO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
«Krisia gogorra izaten ari da gizarte guztiarentzat, eta irteten zaren arte ez dakizu itsasoak zer emango dizun, baina ontziek hegaluzean dute jarria itxaropena». Miren Garmendia Gipuzkoako Arrantzale Kofradien elkarteko idazkaria da, eta adierazgarria da haren esaldia. Izan ere, arrantzaleen aurtengo errealitate gordinaren isla baino ez da. Antxoaren kanpaina «txarra» izan dela ez du ezkutatu, eta, aurretik, berdela iaz baino %15 eta %20 artean merkeago saldu zen. Gauzak hala, udako kanpaina gutxitan bezain garrantzitsua da.

Gipuzkoako 37 ontzi —ia guztiak— eta Bizkaiko bi hegaluzetara irten ziren herenegun. Lehendabizi beita harrapatuko dute—kanabera erabiltzen dute gehienek— eta gero hasiko dira arrantzan. Azore uharte inguruan ibili diren ontziek «zerbait badagoela» diote, eta antxoa ugari egotea kanpaina on baten aurrekari izan daiteke, hegaluzea jan bila sartzen baita Bizkaiko golkora. Aurreko bi urteetakoak behintzat oparoak izan ziren. Iaz, esaterako, abuztuaren 27rako kuota osoa arrantzatua zuten. Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan 7.940 tona deskargatu zituzten, eta kiloak batez beste 3,51 euroko prezioa izan zuen enkantean.

Hegaluzeari dagokio antxoa txikiak eta COVID-19ak eragindako kaltea konpontzea. Jaurlaritzaren Arrantza Behatokiaren arabera, antxoaren kanpaina arrantzontzien urteko diru sarreren %25 da; aurten, kuotaren %58 baino ez dute erabili. Iragan astean erabaki zuten gehiago ez harrapatzea, eta bi ontzik jarraituko dute bakarrik. «Antxoa egon badago, baina itsasoa eta merkatua ez datoz bat. Antxoa txikia da, kontserbarako balio ez duena, eta horrekin lortzen da preziorik onena. Astebetez baino ez zen egon handia, eta Asturiasen, gainera», azaldu du Garmendiak.

Hegaluzetara errentagarritasun handiagoaren bila joan dira arrantzaleak. Goiz joan beharra dute, gainera, Europako Batasunak Espainiari emandako 15.000 tonak ez baitaude kofradiaka edo ontzika banatuta. Euskal arrantzaleek banaketa egiteko eskatu dute azken urteetan, arrantzaturiko kopurua dosifikatu eta kanpaina denbora luzatzeko —urrira arteko kanpainak ez dira antzinako kontuak—. Euren eskaerek, baina, ez dute arrakastarik izan oraingoz, eta kuota betetzean kanpaina bukatu egiten da. Hegaluzea, baina, ez da antxoa bezain delikatua; hobeto kontserbatzen da ur hotzean eta hozkailuetan, eta merkatuan «arazo gutxiago» izatea espero du kofradiako idazkariak.

Ostalaritzaren bultzada

Hitz gakoa, baina, «merkatua» da, eta hor bai, nabaritu da koronabirusaren eragina. «Ostalaritza kontsumoak erabat egin du kale antxoarekin. Hilabetez itxita egon ondoren, orain irekiko dituzte taberna eta jatetxeak, eta hegaluzeari tiraka hasiko dela espero dugu. Egia da etxeko kontsumoa handitu egin dela, baina errestaurazioaren merkatuak atontzen du prezioa».

Hegaluzetara baino ez dira joango, euskal ontziek hegalabur kuota «ia osoa» saldu baitute berriz. Atungorria deritzona da, zimarroia, urtez urte jatetxeetan ospe handiagoa hartzen ari dena, baina euskal arrantzaleei errentagarriagoa suertatzen zaie kuota Espainia hegoaldeko haztegiei saltzea. Iaz %80 saldu zuten; duela bi urte, %82. Izan da osorik saldu duten urterik ere; 2013, kasurako.

Baina aurten ezin da arriskatu. «Guretzat gorde dugun kopurua gutxi da, testimoniala», aletu du Garmendiak: «Gehiago nahi genuen, badugu proiektu bat horren inguruan, baina koronabirusak merkatua aztoratu du. Operazio hori egiteko aukera on bat izan genuen eta baliatu egin dugu. Diru sarrera garrantzitsua da ontzientzat, eta horri esker hegaluzetara joateko aukera dute. Erregaia-eta aurretik ordaindu behar dira».

Idazkariak ez du argitu zenbatean saldu duten kuota. Erreferentzia modura, iaz portuetan deskargatu ziren 1.113 tonek kiloko 8,19 euroko batez besteko prezioa izan zuten lonjan, eta 2018ko 1.126 tonek, 7,5 eurokoa. Urte hartan, Gipuzkoako kofradiako presidenteak argitu zuen haztegiak «kiloko zortzi eta bederatzi euro artean ordaintzeko prest» zeudela. 2017an, kiloko bost euroan erosi zuten kuotaren zati bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.