«Isilarazi egin gaituzte»

129 emakume biluzik grabatzeagatik, bost urteko espetxe zigorra ezarri diote Iruñeko gizon bati, baina biktimek epaia salatu dute, ez dutelako hitz egiteko aukerarik izan.

Emakume batzuk, ahoa zapi moreekin estalita daukatela, artxiboko irudi batean. ESTEBAN GARAY / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Dozenaka emakume biluzik grabatu zituen Daniel Luciak, haien baimenik gabe, Iruñeko Dana Models agentziako lana baliatuta. 129 andrekoa da kopuru ofiziala, baina badira gehiago ere; azaleratu ez diren dozenaka kasu. Sei urte geroago, bost urte egin beharko ditu kartzelan, epaiketaren atarian aldeen arteko akordioa lortuta. Hala ere, ibilbide horretan zehar bada babesgabe sentitu denik. Biktima izan diren emakumeek epaiaren eta justiziaren aurka egin dute. Salatu dute epaiketan ez dituztela beren testigantzak jaso, beren hitza ere ez dutela entzun: «Isilarazi egin gaituzte sei urtez».

Modelo agentziako zuzendaria zen Lucia; 2013tik 2015era filmatu zituen emakumeak. Horietatik 48 adingabeak ziren; gazteenak 13 urte zituen. Gizonezkoa harremanetan jartzen zen modelo gisa lan egin nahi zuten emakumeekin, eta haiekin gelditzen zen agentzian. Une batean, bainujantzia janzteko eskatzen zien; gelatik ateratzen zen arren, kamera grabatzen uzten zuen, eta hala lortu zituen irudiak. Fiskaltzak 409 urteko espetxe zigorra eta 750.000 euro baino gehiagoko isunak eskatu zituen, intimitatearen aurkako 129 deliturengatik; 115 urteko zigorra ezarri diote, baina bost urte baino ez ditu egingo preso, Zigor Kodeko 76. artikulua aplikatuta: zigor txiki asko pilatu ditu, baina kartzelaldiak ezin du iraun zigor larrienagatik ezarritako kondenaren hirukoitza baino gehiago.

Epaiaren berri izan ondoren, emakume horiek batu egin dira, eta mugimendu bat sortzea erabaki dute: Justizia 129 Emakumeentzat. Bertako kidea da Claudia Delgado; azaldu du mezu elektroniko baten bidez jakin zutela epaiketa bertan behera gelditu zela, otsailaren hasieran: «Aldeen artean akordio bat lortu zutela aipatzen zen, baina zer alde? Biktimekin ez badute ezer kontsultatu, nork ordezkatzen gaitu?». Azpimarratu du ez zaiola «bidezkoa» iruditzen biktimei «barrena husteko eta hitz egiteko» aukera ukatu izana, eta erantsi du luzea izan dela bidea: «Ez dugu ulertzen zergatik behar izan diren sei urte zigorra ezartzeko; egia da justizia motela dela, baina ez nago ziur horren motela den». Justizia patriarkalaren adibidetzat jo du kasua; besteak beste, prozesuan soilik behin jarri direlako biktimekin harremanetan, ea grabatutako bideoetan agertzen zirenak haiek ziren ala ez identifikatzeko. «Gaur arteez dugu ezer gehiago jakin».

Eragina egunerokoan

Delgadok azaldu du gertaera horiek eragina izan dutela egunerokoan. Batzuek laguntza psikologikoa ere behar izan dute. Hala ere, nahiz eta bizipen guztiak berberak ez izan, erantsi du badituztela zenbait ezaugarri komun. «Aldagela batzuetan sartzean, askok pentsatzen dugu kamera bat egon daitekeela bertan, irudiak jasotzen; horrekin bizi behar dugu». Gaineratu du erasotzailearekin topo egiteko beldurra ere sentitu dutela. Haren arabera, mendekotasunen bat dutenentzako zentro batean egon da, baina ohiko bizitza egiten jarraitu du; besteak beste, zerbitzari eta futbol partidetako epaile lanetan.

Hainbat dira beren testigantzak eskaini dituzten emakumeak, anonimoki. «Zaila da hitzez adieraztea zer sentitzen den zure pribatutasuna inbaditu dutela jakitean, eta bitxiena da gogoratzen dudanean zikin sentitzen naizela, zerbait txarra egin izan banu bezala», dio haietako batek. Halere, argi du ez direla beraiek «lotsatu» beharko liratekeenak, eta ezin direla isilik gelditu. Aitortu du epaia jakitean «ezintasuna, amorrua eta sumina» sentitu zituela: «Niretzat amesgaiztoa hasi egin da; orain badakit ez dagoela justiziarik».

Beste emakume batek, berriz, adierazi du orain dela sei urte «kalbario» bat hasi zela: «Andre gisa izena kentzen ziguten irudiak erakutsi zizkiguten, desatseginak zirenak; shock egoeran geratu nintzen». Justiziaren jokabidea ere salatu du, ez zietelako hitz egiteko aukerarik eman. «Berriro ere betikoa gertatu da: gure protagonismoak ez du ezertarako balio, baina borrokalariak eta indartsuak gara; inoiz baino indartsuago aterako gara hemendik».

Entzunak izateko

Mugimenduko kideek aurrera begira jartzea erabaki dute, ea zerbait gehiago egin daitekeen jakin nahi dute; horretarako, eskutitz bana bidali diete Nafarroako Parlamentuari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari eta Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilariari. «Justizia dagoeneko eginda dago, akordio bat egin dute, eta ezin da pertsona bera bi aldiz epaitu delitu berarengatik; baina jakin nahi dugu zeintzuk diren gelditzen zaizkigun aukerak, ez gaudelako pozik». Gainera, Delgadok azpimarratu du, gai bat edo beste izan, dagoeneko ez direla justiziaz fio. Izan ere, uste du ez direla gai izan 129 pertsonaren «gertaera bidegabeak» entzuteko, eta, beraz, ez direla gai izango soilik pertsona bat inplikatuta dagoen kasuetan hari aditzeko.

Mugimenduak bidelagunak ere izan ditu; Astelehen Lilak elkartea, adibidez. «Izugarri babestu gaituzte, haiek izan dira batzarrak egiteko eskaerak egin dituztenak ere; alboan izan ditugu hasieratik». Delgadoren arabera, elkartea «ahalik eta egokien» ari da aholkuak ematen, eta aitortu du «oso pozik» daudela haien eta beste herritar batzuen babesarekin. Esaterako, Kote Cabezudoren biktimen babesa eta laguntza ere jaso dute. Hala ere, erantsi du orain «itxaron» egin behar dela, nahiz eta «nekatuta» egon.

Bien bitartean, hainbat jarduera dituzte esku artean. Epaiaren ostean mobilizazio bat egin zuten, eta, orain, testigantza anonimoak zabaltzen dabiltza sarean. «Kasu guztiei ikusgaitasuna ematen ari gara, eta helburua da antzeko egoera batean edo okerrago egon daitezkeen biktima batzuk ere babestea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.