Korsikako Asanblearen bi testuak: legeak egin, edo legeak egokitu

Uharteko alderdi nazionalisten gehiengoak deliberazio komun bat adostu dute. Eskuinak berea mantendu du, eta autonomistei eta independentistei abstenitzera deitu die

Simeoni Korsikako gobernuburua eta haren alderdiko lurralde kontseilariak, herenegun; eskuinean, Maupertuis Asanbleako presidentea. #BARRA_ABILDUA#MAUPERTUIS_N.
ander perez zala
2023ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Jean-Martin Mondoloni lurralde kontseilariak (Un Soffiu Novu) herenegun egindako komentario bat izan da, azkenean, Korsikaren autonomiari buruzko negoziazioen laburpenik egokiena: «Gure eta nazionalisten arteko diferentzia bokal bat da». Eskuindarrek legeak egokitzeko eskumena nahi dute —«adapter des lois»—, eta autonomistek eta independentistek, legeak egitekoa —«adopter des lois»—. Bokal bateko desberdintasuna, Mondolinik esan zuen modura, edo, zehatzago izanda, letra bakarrekoa; diferentzia txikia da, baina, aldi berean, handia, handiegia. Eta horrek agerian utzi du batzuen eta besteen arteko jarrerak gerturatzea ezinezkoa izan dela. Gilles Simeoni uharteko gobernuburua, hortaz, deliberazio bakarrik gabe geratu da, baina, behintzat, lortu du mugimendu nazionalistako indar guztiak —eta Pierre Ghionga eskuineko lurralde kontseilari «autonomista ez-nazionalista»— proposamen beraren inguruan biltzea, Corsica Libera alderdia izan ezik, abstenitu egingo dela adierazi baitzuten atzo Korsikako hedabideek; eskuinak, noski, bere testuari eutsi dio. Lerro hauek idazterako, parlamentuak ez zuen horiei buruzko bozketarik egin.

Korsikako Asanbleak herenegun ekin zion uhartearen etorkizun instituzionalari buruzko eztabaidari, eta, hasieran, parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek agerian utzi zuten desberdintasun asko zeudela haien artean; horren erakusle, herenegungo ezohiko saioan denera sei testu aurkeztu zituztela Korsikaren autonomiaz. Halere, mugimendu nazionalistako bi indar autonomistek—Femu a Corsica eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdia— eta bi indar independentistek —Core in Fronte eta Corsica Libera— keinuak egin zituzten ados jartzeko; baita Ghiongak ere.

Eskuin erregionalista eta eskuin jakobinoa biltzen dituen Un Soffiu Novu talde parlamentarioaren kasuan, hasieratik utzi zuen argi ez zuela bat egingo nazionalisten deliberazioarekin. Herenegun, esaterako, ez zuen parte hartu testu komun bat adosteko negoziazioetan —atzoko ordu txikietara arte iraun zuten, eta atzo goizean ekin zieten berriz—, eta, lehenago, parlamentuko saioan, Mondolonik esan zien ez dutela ziurtasunik autonomia legegileak korsikarren bizitza hobetuko duen. Besteak beste, hori izan zen eskuindarren argudioetako bat legeak egokitzeko proposamena egiteko.

Hori bai, Mondolonik eskari bat egin zien gainontzeko alderdi politikoei: eskatu zien ez blokeatzeko haien proposamena, «elkarri ez erasotzeko akordio baten bitartez», Marie-Antoinette Maupertuis Asanbleako presidenteak atzo jakinarazi zuenez. Lurralde kontseilari eskuindarra, hortaz, nazionalisten abstentzioa eskatzen aritu zen atzo —Simeoni buru zuen zerrendak gehiengo osoa bildu zuen 2021eko Asanblearako hauteskundeetan—, haien deliberazioa ere Frantziako Gobernuari bidaltzeko; lerro hauek idazterako, uharteko autonomisten eta independentisten artean inork ez zuen ezer jakinarazi afera horretaz.

Mugimendu nazionalistaren deliberazio komunaren edukiaren zain, hori osatzen duten alderdien asmoa zen hamarkadotako aldarrikapen historikoak jasotzea: besteak beste, autonomia legegilea, Korsikako herriaren aitortza, korsikeraren koofizialtasuna eta egoiliar estatusa. Autodeterminazioaren afera, eta independentziarako aukera ere hizpidera ekarri zuten, batez ere Core in Frontek.

Urtebeteko negoziazioak

Uhartearen autonomiari buruzko prozesua Yvan Colonna militante independentistaren heriotzaren ondoren hasi zen; Colonna iragan urteko martxoaren 2an jipoitu zuten, kartzelan, eta hilabete horretako 22an hil zen. Gertakari horrek haserre handia eragin zuen Korsikan, manifestazioak ugaritu egin ziren hainbat astez, eta, azkenean, Parisek onartu egin zuen autonomiaz negoziatzea, «taburik gabe».

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa aritu da gobernuaren ordezkari gisa, eta lau aldiz bildu da uharteko hautetsiekin; joan den ekain amaieran irlara joatekoa zen, baina Nahel gaztearen hilketak plana aldarazi dio, eta baliteke hilabeteon itzultzea. Edonola ere, ez da ezer ziurra, Frantziako barne egoerak askotan aldarazi baitu negoziazioen egutegia; kasu askotan, nazionalisten haserrerako.

Edonola ere, badirudi prozesuak aurrera jarraituko duela, eta Frantziako Gobernuak erabaki beharko du zer egin Korsikako Asanbleak onartzen duenarekin. Parisek uhartearentzako autonomia legegilea onartuko balu ere—ez zuen halakorik egin Matignongo prozesuan (1999-2002)—, gerora beharrezkoa litzateke Frantziako Kongresuaren hiru bostenaren babesa; hori Frantziako Konstituzioaren eta erakundeen erreforma egitean bozkatuko lukete, 2024an, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen asmoen arabera.

Macron hilaren 14an mintzatuko da afera horretaz, eta orduan azalduko du zer egingo duen Korsikaren aferan —baita Kaledonia Berriarenean ere—. Prozesu horretan bada, ordea, arrisku bat: Macronek eta haren aliatu parlamentarioek ez dutela gehiengo osorik.

Simeoni jakitun dago horretaz, eta Mondolonik ere horretaz ohartarazi zuen herenegun. Halere, Korsikako gobernuburuak aurrera jarraitzeko beharra adierazi du behin eta berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.