Pentsiodunek «ekintza zehatzak» eskatu dizkiete politikariei

Azaroaren 16an manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Eragile sozialek, sindikatuek, mugimendu feministak eta ikasleek bat egin dute
Mugimendu feministak datozen hilabeteetan egingo dituen mobilizazioen berri egiteko agerraldia, atzo.
Mugimendu feministak datozen hilabeteetan egingo dituen mobilizazioen berri egiteko agerraldia, atzo. M. RAMIREZ / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko urriak 23
Bilboko udaletxeko eskailerak pentsiodunez beteta zeudela, eta «Borrokan jarraitzen dugu» zioen pankarta bati eusten ziotela, politikarientzako mezu argi bat eman zuen Arantxa Corrales Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduko kideak atzo: «Bukatu da promesen garaia; gure erakundeei eskatzen diegu behingoz beren ardura bete dezaten, eta pertsonei bizitza duina bermatu diezaietela». Pentsio publiko eta duinak aldarrikatu zituzten beste behin ere erreibindikazio ezagunarentzat ikono bihurtu den lekuan. Madrilerako martxa amaitu eta manifestazio jendetsua egin zenetik astebetera berriz ere eskaera bera egin dute.

Eta aurrerantzean mobilizatzen jarraituko dutela ohartarazi zien agintariei, «helburuak bete arte». Azken hilabeteetan, gainera, eragile sozialekin, sindikatuekin, mugimendu feministarekin eta ikasleekin harremanetan jarri dira euren borroka zabalduz joateko. «Gure aldarrikapenak eurenak ere badira; gehiengoarenak dira». Udazkenean asteleheneroko kontzentrazioekin jarraituko dute, baina, horiez gain, mobilizazio «jendetsuetara» deituko dituzte herritarrak.

Martxa handi horietako lehena azaroaren 16an egingo dute, Espainiako Kongresurako hauteskundeak egin eta astebetera. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egingo dituzte martxak. Abenduan, berriz, kontzentrazioak egingo dituzte Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko atarietan, eta urtarrilean beste manifestazio jendetsu bat egingo dute mugimenduaren bigarren urteurrenarekin batera.

Lorpen batzuk izan dira

Horietan guztietan, eragile sozialek, sindikalek edo ikasle mugimenduek bat egingo dute pentsiodunen borrokarekin. «Mobilizazioekin zein modutan parte hartuko duten eurek zehaztuko dute», esan zuen Corralesek. Hain zuzen, atzo prentsaurrekoa eskaini zuten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten sindikatu eta eragile sozialek, baita mugimendu feministako kideek ere; pentsiodunen mobilizazioetan parte hartuko dutela berretsi zuten.

Pentsiodunek esan zuten ia bi urteko ibilbidean lorpen batzuk izan dituztela, «baina ez dira nahikoak», Corralesen hitzetan. «Hauteskunde garaiak etengabe inposatzen dizkigute, eta promesak errepikatu egiten dira, baina gure arazoak larrituz doaz; gure aldarrikapenak hauteskunde programetan kokatzea lortu dugu, baina, ondoren, ez dituzte helburuak bete». Horregatik, politikariei esan zien promesen garaia amaitu dela, eta, horregatik, pentsiodunen mugimenduak erabaki du mobilizazio gehiago antolatzea, hauteskunde programetan bildutako neurriak egia izan arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna