LGTBI kolektiboaren aurkako 25 eraso salatu dituzte Araban

LGTBIfobiaren aurkako egunari begira, txosten bat atera dute Gasteizko Udalak eta Ikusgune behatokiak. Igoera izan arren, ohartarazi dute eraso gehienak ez direla salatzen

RAUL BOGAJO / @FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Irainak, mespretxu adierazpenak, jazarpena, eraso fisikoak... LGTBI komunitatearen aurkako 25 eraso salatu zituzten Araban 2019ko maiatzetik 2020ko apirilera. Gasteizko Udalak eta Ikusgune hiriburuko LGTBIfobiaren aurkako behatokiak atzo aurkeztutako txostenaren arabera, gora doaz sexu joeraren edo genero aniztasunaren kontrako jardunak: iazko azterketan hamahiru eraso jaso zituzten. Ikusguneko ordezkari Amets Martinez de Herediak argudiatu dute salaketa gehiago dagoela, bai gorroto diskurtsoa hazten ari delako, bai herritar gehiagok ezagutzen dutelako behatokiaren lana. Eta ondorioztatu du LGTBIfobia handia dagoela oraindik: «Iruditeria kolektiboan oso errotuta dauden jokabideetan islatzen da».

Igandean izango da LGTBIfobiaren aurkako eguna, eta horren harira aurkeztu dute txostena, «lesbianei, gayei, transexualei eta bisexualei adierazteko haien aurkako erasoak ez direla inola ere onargarriak, eta funtsezkoa dela haiek erregistratzea eta jendaurrean salatzea». Izan ere, Ikusgunek nabarmendu du eraso gehienak ezkutuan daudela; salaketa aurkezteko oztopoen artean aipatu du jazarpenaren beldur izatea, indarkeria eta diskriminazioa normalizatuta edukitzea, erakundeei mesfidantza izatea, edota zigor sistema arbuiatzea. Ildo horretan, txostenak gogoratu du desoreka handiak daudela erasoen inguruan elkarteek eta administrazioek emandako datuetan. «Salatu diren eraso guztiak ez dira delitutzat jotzen, eta, horrenbestez, administrazioek ez dituzte zenbatzen».

Dokumentuaren arabera, ikusgaitasuna erronka bat da oraindik LGTBI komunitatearentzat: «Ez da nabarmenkeria kontu bat. Ikusgaitasuna aldarrikatzen dugu aitortza behar dugulako, eta eskubideak erreklamatzeko». Eraso motetan, irainekin eta jazarpenarekin lotutako hamasei kasu zenbatu dituzte, gorroto diskurtsoarekin lotutako sei, eta hiru eraso fisiko. Halere, guztiak larritzat jo ditu Ikusgunek: «Ez dira bakarrik erasoa jasandako pertsonen aurka gertatzen, baizik eta kolektibo osoaren kontra».

Hona hemen behatokiak eremuka egin duen azterketa:

LANTOKIA

Lan eremuan gertatu da salatutako eraso gehien: bost. Txostenak dio ohikoa dela LGTBI kolektiboko kideek beren errealitatea ezkutatzea lantokian, ikusgaitasunak erasoak ekar ditzakeelako. Irainak eta umiliatzeak jaso ditu dokumentuak, baita transexual baten aurkako jazarpen kasu bat ere: trantsizioa abiatu aurreko argazkiak zabaldu zituzten, eta lan giro arrotza sortu. «Halakoak posible dira gainerako lankideek ez dituztelako jarrera horiek arbuiatzen, eta ez dietelako babesa adierazten transei». Enpresei eta sindikatuei eskatu die diskriminazioaren aurkako planak lantzeko.

KALEA

Espaziorik «kalteberena» da kalea, eta are gehiago, gauez. Ikusgunek oroitu du «diskriminatutako kolektiboen aurka jotzeko» aprobetxatzen dutela batzuek espazio publikoa: «Iragana ekartzen digu akordura». Jendaurrean egindako maitasun adierazpenek oraindik burlak dakartzatela jaso du txostenak, eta horrek eragina duela: «LGTBIen %57ri askatasuna murriztu zaie kalean».

SARE SOZIALAK

Askotariko erasoak izaten dira sare sozialetan, baita harremanetarako aplikazioetan ere: irainak eta umiliatzeak, estortsioak, pertsona bat seropositiboa dela zabaltzea, gorroto diskurtsoak... Halakoen erabilerari buruz gogoetatu beharra aipatu du txostenak: «Kontua ez da beldurra ematea, baizik eta arduraz erabiltzeko deia egitea». Horrekin lotuta, ohartarazi du giroa deritzon ostalaritza eremua gutxitzen ari dela: «Tresna birtualen erabilera premia bihurtu da, eta xantaiarako edo bestelako erasoetarako haztegi izan daiteke».

FAMILIA

Txostenak adierazi du familia indarkeriazko esparru izan daitekeela LGTBI komunitatearentzat, eta nabarmendu du adingabeak bereziki kalteberak direla. Iazko albiste larri bat ekarri du gogora: 16 urteko mutil batek salatu zuen gurasoek jo egin zutela homosexuala izateagatik; zaintza kendu zioten sendiari. «Gurasoek gazteak etxetik botatzen dituztenean, kalte psikologiko larriak eragin diezazkiekeen zirkuitu sozial batean sartzen dira; administrazio publikoen lehentasuna izan behar litzateke zirkuituok hobetzea, eta ahalik eta erantzun azkarrena eta eraginkorrena ematea».

POLITIKA

Txostenak aztertu duen aldian hiru hauteskunde izan dira, eta horrek agerian utzi du politikan ere hedatuta dagoela LGTBfobia. Hauteslekuetan bi eraso izan zirela aipatu du dokumentuak, eta salatu du Arabako politikari gay batek «etengabeko jazarpena» pairatzen duela eskuin muturreko alderdi politiko baten aldetik: «Eztabaida politikoan sexu joera edo genero identitatea arma gisa aipatzea LGTBIfobikoa da».

ADMINISTRAZIOA

Erakunde publikoetako langileen trebakuntza areagotu beharra berretsi du txostenak, eta koordinazioa hobetzea gomendatu du. Polizia aipatu du, besteak beste, jasotako kexa baten harira: irain batzuen inguruko salaketa tramitatzeari uko egin zioten, «gorroto deliturik ez zegoelakoan eta hura zuzenbide pribatuari zegokiolakoan». Transexualen eskubideen berri ez izatea eta, ondorioz, trantsizioan den pertsona bati tratu egokia ez ematea ere salatu du txostenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.