Etxera itzultzeko oniritzia eman diete Zubieta kaleko bizilagunei

Zuloa estaltzeko lanak amaitu dituzte, eta eraikina «segurua» dela dio Eusko Trenbide Sareak egindako txostenak. Kontxako tunela zulatzeko lanak eten egin dituzte

Metroaren obrak direla-eta zuloa sortu zen joan den ostiralean, eta ingurua moztu behar izan zuten. GORKA RUBIO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Joan den ostiraletik, etxera itzuli ezinda zeuden Donostiako metroaren obrengatik Zubieta kaleko 8. zenbakiko bizilagunak, baina, atzo arratsaldean, Donostiako Udalak baimena eman zien etxera bueltatzeko. Eusko Trenbide Sareak egindako txosten teknikoaren arabera, Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinak bermatuak ditu segurtasun arauak, eta, beraz, bizilagunak etxera itzul ahal dira. Hain zuzen ere,udaleko zein Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bizilagunekin bildu ziren atzo txostenaren berri emateko, eta jakinarazi zieten zuloa estaltzeko lanak amaituta zeudela, eta berme guztiekin bueltatu ahal zirela etxera. «Segurtasun aldetik ez dago eragozpenik etxera bueltatzeko, eta nahiko lasai itzuli ahal izango dira», esan zuen bilera amaitzean Nekane Arzallusek, Hirigintzako zinegotziak.

Ostiralean, Donostiako metroaren lanek kalteak eragin zituzten Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikineko sotoan: eraikinaren zutabe bat oinarririk gabe geratu zen, eta zulo bat sortu zen zimenduetan. Arazoaren jatorria 120 metro harago egiten ari diren tunel batean dago, itsas mailatik behera egiten ari diren obretan. Ur filtrazio bat izan zen, eta 20 metro kubikoko zuloa eragin zuen horrek. Ondorioz, Zubieta kaleko 8. zenbakiko bizilagunek kanpoan pasatu behar izan zuten gaua, Londres hotelean, eta han egon ziren atzo arte.

Udalak txosten tekniko bat egiteko eskatu zion Eusko Trenbide Sareari, eta teknikariak ikerketak egiten aritu dira azken egunetan, zuloa egin zen tokian. Hala, metroaren obrek eragindako ur filtrazioa konpontzeko lanean ibili dira teknikariak asteburuan, eta zuloa estaltzea lortu dute. Kaltetutako guneak georradar bidez ikuskatu dituzte, eta ondorioztatu dute eraikina «segurua eta sendoa» dela.

Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak teknikariek egindako lanaren berri eman zuen atzo. «Hirugarren egunez jarraian, arkitektoak eraikina aztertu du, eta segurua dela ondorioztatu du». Bizilagunak «lasai» daudela esan zuen Aizek, eta hasieratik izan ditela martxan jarritako ikerketa guztien berri.

Metroaren lanak ez dituzte eten, baina Kontxako tunela zulatzeko lanak ostiraletik geldirik daudela baieztatu zuen Aizek.Lanak berrabiarazi baino lehen ikerketa batzuk egin behar dituzte teknikariek, eta behin horiek eginda, metroaren obretan jarraitzeko moduan egongo direla adierazi zuen.

Salaketa

Donostiako EH Bilduk Eneko Goia alkateari eskatu zion «urgentziazko agerraldia» egin dezala udalbatzan istripuari buruzko azalpenak emateko. Reyes Karrere koalizio independentistaren udal taldeko bozeramaileak ohar batean nabarmendu zuenez, eskatuko diote eman ditzala «istripuaren zergatiak», eta jakinarazi dezala zer «neurri» hartzen ari diren herritarren segurtasuna bermatzeko, lanak bizilagunei eragiten ari zaizkien «kalteak arintzeko», baita obra horretan lanean ari direnen segurtasuna bermatzeko ere. ELAk, berriz, lanak gelditzeko eskatu du, eta salaketa aurkeztu du Gipuzkoako Lan eta Segurtasun Ikuskaritzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.