'Charlie Hebdo'-ren epaiketa adierazpen askatasuna defendatzen hasi dute

Hamalau pertsona daude inputatuta. Akusatuei atentatuen konplize izatea leporatzen diete, maila desberdinetan. Epaiketak azaroaren 10era arte iraungo du

Abokatu bat, atzo, Parisen, atentatuaren aurkako epaiketa egiten ari diren auzitegian. IAN LANGSDON / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Urte hasiera gogorra izan zuen Frantziak 2015ean. Urtarrilean, eraso bortitzak egin zituzten Parisen, EI Estatu Islamikoari eta AQAP Arabiar Penintsulako Al-Qaedari loturikoak izan zirenak. Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren kontrako erasoarekin hasi, eta Polizia eta supermerkatu baten aurkakoarekin jarraitu zuten; guztira hamazazpi lagun hil zituzten. Atzo hasi zen atentatu horien kontrako epaiketa, eta erasoak egin zituztenen konplizeek izandako rola ebaluatuko dute —segurtasun indarrek tiroz hil zituzten atentatuak egin zituzten hiru erasotzaileak —. Epaiketak azaroaren 10era arte iraungo du.

Charlie Hebdo aldizkaria 2006. urtetik ari zen mehatxuak jasotzen, Mahomaren karikaturak publikatu zituenetik, eta, hain zuzen, irudi horien ondorioz egin zuten haren aurkako sarraskia. Atzo, gertatutakoa oroitzeko eta salatzeko, kazetak berriro argitaratu zituen Mahomaren marrazkiak: «Ez gara makurtuko», azpimarratu zuen Laurent Sourisseau zuzendariak. Hala, polemika sortu zuten bineta guztiak nahasten dituen azala kaleratu zuten, Hori guztia honengatik izenburupean.

Richard Malka Charlie Hebdo-ko abokatuaren arabera, hori da aldizkariaren «espiritua»: hots, haien askatasunei, kritika egiteko askatasunari, uko egitea baztertzea. «Hori egingo bagenu, etorkizun iluna prestatuko genuke hurrengo belaunaldientzat». Emmanuel Macron presidenteak ere babesa helarazi zion aldizkariari. Turkiak, aldiz, erabakia gaitzetsi zuen, karikaturek islamari «errespetua galtzen» diotelakoan.

Hamalau pertsona daude inputatuta: horietako hamar behin-behinean atxilotuta daude, beste bat kontrol judizialaren pean aske eta gainontzeko hirurak bilatzeko eta atxilotzeko aginduarekin. Horientzat, bizi osorako kartzela zigorretik hasi eta hamar eta hogei urte arteko zigorrak ere eskatzen dituzte. Hain zuzen, «erakunde terrorista batean» parte hartzea eta erasoen konplize izatea leporatzen diete: laguntza logistikoa, finantzarioa edota materiala ematea.

Lehen erasoa urtarrilaren 7an egin zuten, Charlie Hebdo kazeta satirikoaren aurka, eta Said eta Cherif Kouachi anaiek hamabi lagun hil zituzten; Yemengo Al-Qaedak bere gain hartu zuen erasoa. Hurrengo egunean, berriz, Kouachi anaiekin harremana zuen Amedy Coulibalyk agente bat hil zuen; eta hilaren 7an, supermerkatu judu baten aurka jo zuen Coulibalyk berak, beste lau pertsona hil zituelarik; bahituta eduki zituen pertsonei esan zien EIren izenean jardun zuela.

Parisen erasotzaileen aurka abiatutako auziak jende ugari bilduko du, hartutako dimentsioaren isla argia izanik: 49 entzute egun izango dira, eta, besteak beste, 94 abokatu, 144 lekuko eta akusazio partikular gisa aurkeztutako 200 parte arituko dira prozesuan.

Auzitegian atzo eginiko lehen saioan, Samia Maktouf abokatuak inputatutako kideek erasoetan izan zuten paper erabakigarria azpimarratu zuen: «Hemen daudenak bigarren mailakoak bezala kalifikatzea errefusatzen dut. Hiltzaileei atentatuak egiten utzi zien jendea da». Philippe Assor abokatuak prentsari eginiko adierazpenetan, berriz, adierazi zuen zigorrak garrantzitsuak direla, baina, batez ere, balio sinbolikoa dutela horiek. «Erantzunak eta ikerketa dira garrantzitsuenak», gaineratu zuen.

Inputatuta daudenetatik 11 lagun eseri ziren akusatuen aulkian atzo eginiko lehen saioan, beste hirurak bilatzeko eta atxilotzeko agindua baitute 2018ko martxotik. Hutsune handia izan zen azken horiena: falta zirenak, Hayat Boumeddiene —Coulibalyren bikotea zena— eta Mohamed eta Mehdi Belhoucine anaiak dira. Le Monde egunkariaren arabera, 2015eko urtarrileko atentatuak baino egun batzuk lehenago abiatu ziren Irak-Siria eremura.

Epaiketa konplexua

Safya Akorri defentsako abokatuetako batek argi esan zuen: auzi horrekin justiziari «proba gogorra» egingo zaio.

2017tik Frantziako lurretan muturreko islamistek egindako eraso baten inguruan abiatutako lehen epaiketa da atentatu horiena. Hain zuzen, orduan egin zuten Mohamed Merahk egindako sarraskiei buruzko auzia —zazpi pertsona hil zituen 2012an Tolosan eta Montaubanen (Okzitania) eginiko erasoetan, segurtasun indarrek hura hil aurretik—.

Bestalde, bere izaera historikoaren erakusgarri, epaiketa osorik filmatuko dute; lehenengo aldia izango da Frantzian hori egiten dutena «terrorismo» ekintza batekin loturiko auzi batekin. Halere, irudiak ez dituzte zuzenean emango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.