Espainiako aurrekontuak

EH Bilduk eta ERCk «ezker erabilgarria» izan nahi dute

Arnaldo Otegiren esanetan, bi indarrek aurrekontuak babestuko dituzte «herritarren bizi baldintzak hobetu ahal izateko» eta eskuin muturraren agendari «galga» jartzeko

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia, atzo, agerraldi bateratuan, atzeko pantailan Marta Vilalta ERCren idazkari nagusiaren ondokoa dagoela. EH BILDU.
Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Jendearentzako ezker erabilgarria» izan nahi dute EH Bilduk eta ERC Esquerra Republicanak, Arnaldo Otegiren esanetan. «Bai jendearen eskubideak berreskuratzeko eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko, bai gure herrien askatasuna lortzeko», nabarmendu zuen atzo koalizio independentistaren koordinatzaile nagusiak. Espainiako Gorteetan modu koordinatuan elkarlanean aritzeko akordio bat dute bi indar politiko independentistek iazko apiriletik, eta, Espainiako Gobernuaren aurrekontuei emango dieten baietzaren arrazoiak azaltzeko, agerraldi telematiko bateratua egin zuten atzo Otegik eta Marta Vilalta ERCren idazkari nagusiaren ondokoak.

Koalizio independentistaren koordinatzaile nagusiak azaldu zuenez, aurrekontuei buruzko eztabaida «testuinguru konplexu eta jakin batean» izan da, eta EH Bilduk eta ERCk bi arrazoirengatik bozkatuko dute PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernuak proposatutako aurrekontu proiektuaren alde. «Osasun pandemia baten erdian gaude, eta horrek ondorio ekonomikoak eta sozialak ditu. Betikoek etengabe ordaintzen dituzte ondorio horiek, eta ezin dugu hori baimendu». Hori batetik. Otegiren hitzetan, «klase herrikoiek, apalek» ordaintzen dituzte ondorioak. Iruditzen zaio «ziurtasunik gabeko» garai bat dela oraingoa, eta jendeak «ziurtasunak» behar dituela.

Eta, bestetik, uste du aurrekontuen eztabaida «aspalditik» datorren «estatu krisi baten erdian» izan dela, eta eskuin muturraren eskutik badagoela atzera «autoritarismora» bueltatzeko «benetako arriskua». Otegirentzat, eskuin muturraren agendari «galga jarri behar zaio». Pentsatzen du, gainera, mahai gainean jarri behar dela «[Espainiako] estatuaren lurraldetasun arazoari erantzun demokratiko bat emateko beharra». Hori egin behar da, haren arabera, estatuaren «plurinazionalitatea eta herrien erabakitzeko eskubidea» onartuz. Nabarmendu zuen EH Bilduk eta Esquerrak dituzten 18 diputatuak —13 ERCk eta bost EH Bilduk— eta hamahiru senatariak—11 ERCK eta bi EH Bilduk— «guztiz erabakigarriak» direla Madrilen, eta biek «amankomunean» lan egiten jarraituko dutela.

Otegiren iritziz, «argi» dago «aurrekontuetatik haratago» doala debatea. «Norekin onartzen diren, eta hurrengo hilabeteetan eta urteetan estatuak zein bide politiko egingo duen daude debatean». Azken asteotan esan izan du «gauzak beste modu batean egiteko aukera leiho bat» irekitzen dutela asteon Espainiako Kongresuan onartzekoak diren aurrekontuek. Baina atzo nabarmendu zuen ez dutela «gehiegizko irmotasunez» ikusten leiho horrek zabalduta jarraituko duela.

EH Bilduren buruzagiari galdetu zioten ERCk gobernuarekin adostu duen harmonizazio fiskalaz. Otegiri iruditzen zaio, ordea, ERCko inork ez duela kontzertu ekonomikoari buruzko debaterik irekitzeko asmorik zuzenketa partzial horrekin. Nabarmendu zuen, gainera, ez dela «deseroso» sentitzen EAJk eta PDeCATek ere aurrekontuak babestuko dituztelako —Mas Paisek ere atzo baieztatu zuen baiezkoa

«Askoz ere zorrotzagoak»

Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak atzoko osoko bilkuran esan zuen aurrerantzean «askoz ere zorrotzagoak» izango direla gobernuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.