Denbora gainera etorri zaio Netanyahuri, blokeo politikoa gainditu ezinda

Presidenteak gobernua osatzeko eman zion epea bukatu zaio, gehiengorik lortu gabe. Eginkizun hori Naftali Bennettek izateak mesede egin diezaioke, karguan jarraitzeko

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. DEBBIE HILL / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Reuven Rivlin Israelgo presidenteak emandako 28 eguneko epea ez du nahikoa izan Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak gobernua osatzeko. Bart gauean amaitu zitzaion horretarako epemuga, eta gobernabidea ahalbidetuko dion gehiengo bat lortzeko negoziazioak blokeatuta zeudela harrapatu zuen.

Herrialdearen etorkizun politikoaz erabakitzeko ahalmena Rivlini itzuliko dio, behin-behinean, atzerako kontuaren amaierak. Netanyahuri hamalau eguneko luzapena eman diezaioke hark, gobernua eratu dezan, baina ez da hori gertagarriena, eta eginkizun hori beste hautagai bati ematea aurreikusten da. Zurrumurruen arabera, Yair Lapid izango da pertsona hori, martxoko hauteskundeetan boz gehien bildu zuten alderdietan bigarrena izan zeneko burua, hots, Yesh Atid alderdikoa. Rivlinek inongo hautagairen alde egin ez eta Knesset parlamentuari lehen ministroa aukeratzeko hiru asteko epea ematea ere bada aukera bat, baina ez dirudi horren alde egingo duenik.

Netanyahu gogotik ahalegindu da azken egunetan erabakia Rivlinen esku gera ez zedin. Eskuin muturreko Yamina alderdiko buru Naftali Bennettengana jo zuen lehenik; lehen ministroaren kargua partekatzea proposatu zion, eta Bennett izatea karguan legealdiaren lehen urtean. Hark, ordea, «gehiengoa izango duen akordio bat» aurkezteko eskatu zion lehenik. «Inoiz ez diot eskatu Netanyahuri lehen ministro izatea; gobernu bat eskatu nion, baina, zoritxarrez, ez du halakorik», adierazi zuen, jarduneko lehen ministroarekin bildu ostean. Yaminaren babesarekin 59 parlamentariren aldeko botoa izango luke Netanyahuk, baina, hala ere, gehiengorik gabe geratuko litzateke, gutxienez beste bi diputaturen babesaren faltan.

Zenbaki horretara iristeko, Raam alderdi islamista ekuazioan sartzea proposatu du Netanyahuk, baina alderdi horren babesa lortzeak eskuin muturreko ultraortodoxoena galtzea eragingo luke, nahiz eta horien sostengua ere ez duen hitzartua. Bezalel Smotrich Alderdi Sionista Erlijiosoko liderra da aukera horren aurka irmoen mintzatu dena. Zerrenda Arabiar Batua alderdia bazkide izango duen gobernu bat pentsaezina da harentzat, eta «Israelentzat arriskutsua» izango litzatekeela esan zuen.

Bennett limurtzen saiatu da Netanyahu, baina ez da hori izan Yaminako liderrak zabalik izan duen negoziazio bakarra. Izan ere, ez du baztertu aldaketarako blokea deiturikoarekin bat egitea. Lapid du buru bloke horrek, eta oposizioa bateratzea helburu. Kontserbadoreak, zentrokoak, laboristak eta alderdi arabiarrak elkartu nahi ditu Lapidek, baina ezer gutxik batzen ditu Netanyahu agintetik kentzeko nahia alde batera utzita, eta horrek pentsarazten du ez dela izango gobernabidea ziurtatzeko bezain sendoa.

Dena dela, baliteke gehiengo hori artikulatzen saiatzeko orain arte falta izan duen bultzada ematea Rivlinek Lapidi, hari ematen badio gobernua osatzeko ardura. Berak lortu ez duena Lapidek lortuko duen beldur da Netanyahu: Bennett konbentzitzea lehen ministroaren kargua partekatzeko. Horregatik, Rivlinen erabakiaren menpe dago, hein handi batean, jarduneko lehen ministroa.

Txarrenean onena

Bere aukera agortu du Netanyahuk, emaitzarik lortu gabe, baina jokaleku txarrenetan onena litzateke harentzat Rivlinek gobernua osatzeko ardura Bennetti ematea, Lapidi eman ordez. Berriz ere lehengora itzultzea eman lezake, eta nahikoa babesik ez duela jakinda gobernua eratzen saiatzen jarraitzea, baina Netanyahu hasia da lehen ministroaren karguan jarraitzeko beste bide batzuetan pentsatzen, eta horretarako erabakigarria izan liteke Yaminaren babesa.

Atzo bertan azaldu zuen haren alderdi Likudek zertan datzan asmoa: lege proiektu bat onartu nahi dute, zuzeneko hauteskundeak egiteko lehen ministroaren kargurako. Bozen irabazlea automatikoki karguan jarriko litzateke. Edonola ere, bide itsua izan daiteke hori ere, lege proiektua onartzeko Knesseten gehiengoaren babesa beharko bailitzateke.

Ekinbide hori aurrera eramaten saiatzeko eta negoziatzen jarraitzeko, Bennettek gidaritza izatea komeni zaio Likudi. Horregatik, Yaminako liderra babesteko aukera zabalik utzi zuen atzo alderdi horrek, artean gobernua osatzeko epea amaitu gabe zegoela. Israelgo zenbait hedabideren arabera, alderdi horren helburua da Bennetti behin-behinean ahalik eta babes gehien ematea, Rivlini presio egiteko eta presidenteak haren alde egiteko, gobernua osatzeko eginkizuna esleitzerakoan.

Parlamentuko diputatuek emandako gomendioetan oinarritzen da presidentea eginkizun hori ematerakoan. Netanyahuren atzetik gehien jaso zuena izan zen Lapid, eta horrek ere haren aldera mugiarazten du balantza. Oposizioak gobernua osatzeko aukerak Likud eta haren aliatu posibleak bateratzea eragin dezake, ordea, eta Bennettekiko babesa ematea, negoziazioak luzatzeko estrategia gisa.

Askorik ezingo dituzte luzatu, edozein modutan, blokeo politikoa gainditu eta bozak berriz egitea saihestu nahi badute. Horretara iritsiz gero, bosgarren aldia litzateke bi urte eta erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.