Pandemia aurreko kopuruak aurten gainditzeko bidean da Mondragon

Urteko lehen bost hilabeteetan salmentak %10 handitu ditu, industriaren bultzadari esker. Iaz %5 handitu zuen fakturazioa, eta 80.000 langiletik gora enplegatu zituen

ENDIKA PORTILLO / @FOKU.
Irune Lasa.
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Pandemia osteko suspertze ekonomikoaren olatua hartu zuten iaz Mondragoneko kooperatibek, eta olatu horretan jarraitzen du aurten, «testuinguru zailean» bada ere. Fakturazioan eta enpleguan pandemiaren aurreko kopuruetara hurbildu ziren 2021ean, eta, salmentetan behintzat, 2019ko kopuruak aise gainditzeko bidean doaz.

Izan ere, ekitaldiko lehen bost hilabeteetan fakturazioa %10 handitu du taldeak, batez ere industria adarraren bultzadari esker. «Martxa onean ari dira, ziurgabetasun geopolitikoa, lehengaien kostuaren igoera eta inflazioaren gorakada gorabehera», Iñigo Uzin Mondragoneko presidenteak agiri baten bidez azaldu duenez.

Aurtengo emaitza positibo horiek batu egiten zaizkie iaz erdietsitakoei. Orotara, kooperatibek 11.404 milioi euroren salmentak egin zituzten 2021. urteko ekitaldian, 2020. urteko 10.865 milioi euroak baino %5 gehiago, eta 2019ko 11.608 milioi euroetatik oso gertu.

Sektoreka, fakturazioan industriaren ekarpena esanguratsua izan zen. Industria kooperatibek 6.017 milioi euroren salmentak izan zituzten (+%14,2) eta ia-ia pandemia aurreko mailara bueltatuz. Salmenta horietatik %72 Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egin zituen Mondragonek. Gaur egun, taldeak 132 filial ditu nazioartean.

Banaketan (Eroski eta Erkop barne) salmentak 5.387 milioi eurora iritsi ziren (-%3,7), besteak beste, Eroskiren desinbertsioen ondorioz. Jaitsiera gorabehera, azpimarratzekoa da Eroski taldeak azken hamar urteetako emaitzarik onena lortu duela 2021ean, 105 milioi irabazita, «nahiz eta elektrizitateak, negozioak lehiarako duen aldagai estrategikoak, kostu handia eduki».

Inbertsioak ere handitu zituen iaz Mondragonek. 2020ko urte gogorrean baino %16,5 gehiago,—390 milioi euro— inbertituz. Urrunago ditu 2019ko 507 milioi euroak.

Mondragonek 80.821 pertsonako langile taldearekin itxi zuen iazko ekitaldia, eta horrek esan nahi du, oro har, kooperatibek aurreko urteko enplegu mailari eustea lortu zutela, eta ez dituela urrun 2019ko 81.507 langileak. Industria alorreko kooperatibek 37.521 behargineko taldea izan zuten lanean, eta horietatik 20.000tik gora daude Euskal Herrian. Banaketak, berriz, 39.588 laguneko langile taldearekin itxi zuen ekitaldia.

Finantza arloko erakundeei dagokienez, Mondragonek azaldu du Laboral Kutxak «ohiko banku negozioen astenia egoera orokorra gainditu duela 2021ean, 108,8 milioi euroko irabazi bateratuarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.