Diru gehiago aldundientzat

Bizkaiak %2,26 gehiago bideratuko du sailetara, eta Gipuzkoak, berriz, %5,4 gehiago. Rementeria kexu da gastu arauarekin. Olanok ez du gogo handirik zergak jaisteko

Lander Muñagorri Garmendia - Iker Aranburu
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Aurrekontu hazkorrak aurkeztu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek. Batek zein besteak gehiago gastatuko dute datorren urtean: 37,8 milioi gehiago izango ditu Bizkaiak, eta 39,7 milioi euro gehiago Gipuzkoak. Batek zein besteak zerga bilketaren urte onak baliatu dituzte zergapetzea txikitzeko, eta, horren ondorioz, dirua aurreztuko dute zorraren amortizazioan eta interesetan: bost milioi euro aurreztuko dituBizkaiak, eta lau milioi Gipuzkoak.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia gustura azaldu zen 2020rako aurkeztutako aurrekontuekin. Aldundiak 1.681 milioi euroko aurrekontu propioa izango du, eta langileen gastuak (232 milioi), zorraren gastuak (163 milioi) eta kreditu globala kenduta (bi milioi), 1.283 milioi geratuko zaizkie sailei gastatzeko: iaz baino %2,26 milioi gehiago dira, eta inoizko kopururik handiena. Datu horiek eskuetan, hala hitz egin zuen: «Ondo gaude, Bizkaia ondo dagoelako; ez da mezu optimista bat, mezu errealista bat baizik».

Aurrekontu sozialak izango direla ere esan zuen, eta enpleguaren aldeko apustua egingo dutela. Gizarte Ekintza sailera bideratuko da aldundiak eskura izango duen diruaren %44. Denera, 564,8 milioi euro (+%5).

Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun saila izango da diru aldetik proportzioan gehien haziko dena (+%9,8), lehen bi milioi euroak jarriko baitu Enplegu Plan berrian. Ogasunak ere beste horrenbesteko igoera izango du, zerga iruzurraren aurkako Batuz proiektua abian jarriko dutelako.

Bizkaia Dorrean martxan jarriko duten Nazioarteko Ekintzailetza Zentrorako bi milioi euro bideratuko dituzte, eta Ezkerraldeko Teknologia Parkerako beste 4,7 milioi. «Estrategikoak dira egitasmo horiek, Bizkaiak aurrera egiteko balioko dutenak».

Gastu araua kritikatu zuen Rementeriak. 2012az geroztik Hego Euskal Herriko aldundien eta gobernuen aurrekontuak gehienez %2,8ko haz daitezke urte batetik bestera, zerga bilketa edozein izanda ere. Espainiako Gobernuari galdetu zion ea merezi ote duen muga horri eustea. Aurtengo eta hurrengo urteko kontuetan muga hori egongo ez balitz, 60 milioi euro gehiago gastatzeko aukera izango luke aldundiak.

Handienetan bigarrena

Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak 915 milioi euroko aurrekontu proiektua onartu zuen atzo. 2019rako aurreikusitakoa baino 39,7 milioi gehiago dira (+%4,53), baina hazkunde erreala baliteke ez izatea hain handia, azkenean aurten 905 milioi gastatuko dituela uste baitu Markel Olanoren gobernuak. Sailentzat 863 milioi izango dira (+%5,4).

Aldundiaren historian aurrekonturik handienetan bigarrena da 2020koa. 2009an baizik ez zuen diru gehiago izan (1.080 milioi), baina aurrekontu bereziak izan ziren horiek, atzeraldi bete-betean aldundiak zorraren bidez gastua handitzea erabaki baitzuen, krisiaren kalteak txikitzeko.

Olanok azaldu duenez, hiru dira aurrekontuen helburu nagusiak. Batetik, «gastu sozialaren aldeko apustua mantendu» nahi dute, «Gipuzkoa desberdintasun sozial txikienetakoa duen Europako lurraldea izan dadin». Guztira, 399 milioi bideratuko dituzte gastu sozial hutserako. Biztanleko 566 euro izango dira, aurten baino 24 euro gehiago.

Inbertsioetan ere «anbiziotsu» jokatu nahi du aldundiak. 131 milioi jarriko ditu atal horretarako. Aipatutako inbertsioen artean hauek daude: Adinberri zahartzaroari buruzko ikerketa zentroa (7,6 milioi), Mubil mugikortasun elektrikorako zentroa (2,2 milioi), eta Ziur zibersegurtasun zentroa (1,1 milioi).

Olanoren gobernuaren hirugarren helburu nagusia «erakundea sendotzea» da. Hau da, zorra txikitzea, atzeraldia badator erakundeak kontu saneatuagoak izan ditzan. Zehazki, 2020. urtean 45,6 milioi euro gutxitu nahi du zorra, 386 milioiraino. Olanok nabarmendu duenez, 2015ean foru gobernura itzuli zenetik, 175,6 milioi txikitu du zorra. Horri esker, interesetan diru asko aurreztu du: 2012an, urtean hemeretzi milioi ordaindu zizkieten bankuei interesetan, eta sei milioi izango dira 2020an.

Zerga erreforma

Olanok argi utzi zuen ez duela bat egiten Arabako eta Bizkaiko aldundiek bultzatu nahi duten zerga erreformarekin. «Ez dugu geure burua ixten, baina ez dago gure lehentasunen artean; ez dugu bokaziorik zergak jaisteko lasterketa batean parte hartzeko». Haren arabera, zerga sistema «ona» behar da, «nahikotasun finantzarioa» erakunde publikoen beharrak asebetetzeko.

Adierazpen horiekin, Olano Eusko Jaurlaritzaren alde lerratu da zerga erreformari buruzko eztabaidan. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak behin baino gehiagotan esan du ez duela zerga murrizketarik nahi, eta lehentasuna eman dio zerbitzu publikoak ordaintzeko nahiko diru izateari. Ondare zerga «berrikustea» proposatu duen arren, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak atzo zehaztu zuen ezein erreformak ezin duela bilketa txikitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.