Mexikoko Defentsa ministro ohia atxilotu dute AEBetan

Salvador Cienfuegosi drogekin trafikatzea eta dirua zuritzea leporatu dio AEBetako Drogen Aurkako Agentziak. Mexikoko historian lehen aldiz hartu dute atxilo Defentsa ministro bat

Salvador Cienfuegos, Mexikoko Defentsa ministro ohia, 2013ko agerraldi batean. JOSE MENDEZ / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Salvador Cienfuegos Defentsa ministro izandakoa atxilotu zuten ostegun iluntzean Los Angelesko aireportuan (Kalifornia, AEB). AEBetako Drogen Aurkako Agentziak (DEA) agindu zuen atxiloketa, drogen trafikoa eta dirua zuritzea egotzita. Enrique Peña Nieto presidentearen agintaldian izan zen ministro. 72 urteko jenerala Mexikoko historian atxilotu duten lehen Defentsa ministroa da.

Mexikoko politika hankaz gora jarri du Cienfuegosen atxiloketak. Albistea Marcelo Ebrard atzerri ministroak eman zion Andres Manuel Lopez Obrador presidenteari, AEBek ez baitzuten ofizialki jakinarazi. New Yorkeko auzitegi bat Cienfuegosek krimen antolatuarekin izan dezakeen harremana ikertzen ari dela azaldu zion Ebrardek. Hain zuzen ere, epaitegi horixe bera izan zen Joaquin Guzman Chapo munduko droga trafikatzailerik boteretsuenetako bat epaitu zuena.

Cienfuegosen atxiloketak zeresana sortu du nazioartean, estatuko kupularen parte izandako jenerala baita. Mexikoko segurtasun indarrek krimen antolatuarekin eta narkotrafikoarekin duten ustezko harremanari buruzko eztabaida hauspotu du atxiloketak. Eta ez da lehen aldia izan.

Cienfuegosen izena Mexikoko historian atxilo hartutako lehen Defentsa ministroarena izango da, baina arrazoi bertsuengatik atxilotutako eta ikertutako gobernuko kide gehiago daude.

Genaro Garcia Luna da horietako bat. Chapo Guzman eta Cienfuegos ikertu dituen auzitegi bera ari da ikertzen 2006 eta 2012 artean Mexikoko Segurtasun Publikoko Prokuradoretzako idazkaria izandakoa. Lehena buru zuen Sinaloako kartelarekin lan egitea egotzi zioten. Akusazioak leporatzen dio dirua onartu izana Sinaloako kartelari Mexiko osoan «askatasunez» aritzen uztearen truke. AEBetan dute atxilotuta Garcia Luna.

Espainiak ere abiatu du Mexikoko zenbait goi karguren aurkako ikerketarik. Emilio Ricardo Lozoyari, Enrique Peña Nietoren gobernuan Mexikoko petrolio enpresaren zuzendaria izandakoari, ustelkeria, dirua garbitzea, influentzia-trafikoa eta krimen antolatuko partaide izatea egotzi diote. Lozoyak, era berean, salatu du Luis Videgaray Ogasuneko idazkari ohiak eta Peña Nieto presidente ohiak ere dirua onartu zutela.

Bizitza armadari emana

Militarren semea da Salvador Cienfuegos, eta 16 urte bete zituenean eman zuen izena akademian. Ordutik, Mexikoko armadako kide izan da, eta ministro izatera heldu aurretik ere estatuan botere gehien zuen jeneraletako bat zen.

Mexikoko armadaren kargu gorena izan zen sei urtez, 2012 eta 2018 artean. Urte horietan, egunero 80 hildako uzten zituzten herrialdeko narkotrafiko taldeek. Cienfuegosen betebeharra, hain zuzen ere, eguneroko indarkeria hori geldiaraztea izan zen.

Gobernuaren eta krimen antolatuko taldeen arteko gatazka bizi izan zuen armadako buru gisa. Felipe Calderon presidenteak «gerra» deklaratu zion narkotrafikoari 2006. urtean, eta Peña Nieto presidenteak horretan segitu zuen: 2016an Chapo Guzman Sinaloako kartelaren burua atxilotu zuen. Ziurgabetasun eta arrisku handiko urteak izan ziren; urtean 100.000 pertsona baino gehiago hil zituzten.

Cienfuegosek legedi bat ezartzea eskatu zion presidenteari, militarrek kalean zer eskumen zituzten argitzeko. Inoiz ez zen azalpenik iritsi, ordea. Cienfuegosek handik zortzi urtera jaso zuen erantzuna, baina Mexikoko Gobernuak ez zituen bere eskumenak zehaztu.

Haren helburua heriotzak eragoztea zen, baina armadaren buruzagitzan egondako sei urteetan salaketak jarri zizkioten neurrigabeko indarkeriagatik; Tlatlayako eta Ayotzinapako sarraskien erantzule izatea leporatu zioten. Lehenengo kasuan, 2014ko uztailean, soldadu talde batek 22 lagun hil zituen. Armadaren arabera, hildakoek armak zituzten, eta hainbat lagun zituzten bahituta. Lekukoen esanetan, ordea, ustezko bahitzaileek armak utziak zituzten hil zituztenean.

Ayotzinapako kasuan, berriz, urte bereko irailean, Guerreros Unidos karteleko kideek 47 lagun hil zituzten, eta, lekukoen arabera, militarrek ez zuten ezer egin laguntzeko.

Bi kasuetan, ikerketan ez kolaboratzea erabaki zuen jeneralak, nahiz eta armadako kideak sarraskien lekuko izan ziren. Salatzaileek «armadaren abusuak ezkutatzeko» ahaleginak leporatzen dizkiote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.