Pozaren eta gorrotoaren artean

Azerbaijanen eta Armeniaren arteko aurreko gerran ihes egin behar izan zuten azeriar askok euren herrietara itzultzeko aukera izan dute, baina suntsituta aurkitu dituzte.

Aghdam herriko eraikin bat suntsituta, Azerbaijanen. Armeniarren esku geratu zen herria 1993an, Karabakh Garaiko lehen gerran. AITOR TXABARRI.
Baku
2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Karabakh Garaia bereganatu nahiak piztu zuen Armeniaren eta Azerbaijanen arteko gerra 1988an, eta 1994raino luzatu zen. Gatazka hartatik Armenia atera zen garaile, eta, Karabakh Garaiko lurraldeez gain, Azerbaijango hainbat eremu ere bereganatu zituen. Ondorioz, eremu horietan bizi ziren azeriarrek alde egin behar izan zuten beren etxeak utzita. «Maiatzaren 17an kamioi batean alde egin behar izan genuen gure etxetik. Orain ez zaigu ezer geratzen. Gure herrian utzi genituen gauza guztiak armeniar soldaduek suntsitu zituzten», dio Mubarizek, 1992. urtean bere herritik alde egin behar izan zuen azeriarretako batek. Haren bizitza eta ihesean joan behar izan zuten gainontzeko herritarrena ez da erraza izan geroztik.

1990eko hamarkadan, 700.000 pertsona inguruk alde egin behar izan zuten beren lurretatik.«Gure etxeetatik alde egin genuenean, Bardara etorri behar izan genuen familia osoarekin. Etxe zahar batzuetan sartu gintuen Azerbaijango Gobernuak, eta han bizi izan ginen 1992tik 2015era. Egoera oso latza zen: ez genuen argindarrik, ez urik, ez ezer. Horrela igaro behar izan genituen hamahiru urte luze», azaldu du Asifek. Lachinen bizi zen bera, baina 1992an bere etxetik alde egin behar izan zuen. Hark, beste askok bezala, bizimodu berri bat sortu behar izan zuen Azerbaijanen, baina etxetik urrun.

Azken asteetan, errefuxiatu horietako batzuek aukera izan dute bizi ziren lurraldeetara itzultzeko, bisita moduan bada ere. Urte luzez bizi izan ziren inguruak erabat suntsituta ikustea kolpe gogorra izan da haientzat, nahiz eta erbestean bizi izan ondoren etxera itzultzeko gogoz egon. «Gure lurraldea okupatu zutenetik, hau da etxera etortzen naizen lehenengo aldia. Espero nuena baino askoz okerragoa da egoera. Gure herria ikaragarri polita zen, denetatik geneukan, baina orain ez da ezer geratzen. Egoera hau penagarria da. Zer egin dute gure herriarekin? Ezin dut sinetsi», esan du atsekabetuta Malahatek, Aghdam herria nola geratu den ikusi ostean.

Erbesteratuek pozez hartu zuten Azerbaijango armadaren azken garaipena, aurreko gerran galdutako lurrak berreskuratu dituztelako,nahiz eta oraindik denbora luzea beharko duten euren etxeetara itzultzeko. «Gaur, gure soldaduen garaipenaren ostean, prest gaude gure lurretara, gure etxeetara, bueltatzeko», dio pozik Sumayak. Hark ere 1992. urtean ihes egin behar izan zuen etxetik.

Gorrotoa

Etxera itzultzeak ez du gutxitu armeniarrekiko gorrotoa. Gerra irabaztea ez da nahikoa. «Nahi dudan gauza bakarra da armeniarrek guk bizi izan dugun sufrimendua bizitzea. Hori gertatzean, orduan, eta bakarrik orduan, justizia lortuko dugu», ohartarazi du Sumayak. «Armeniarren eta gure artean ezberditasun handiak daude, gure soldaduak, laguntza eskaini diete Hadrut, Gulabli eta Aghdamen zeuden armeniarrei bertatik ateratzeko. Aldiz, beraiek muzin egin diote eskaintza horri eta etxeak suntsitu zituzten, gure familiei ahalik eta min gehien eragiteko», adierazi du Asifek.

Gatazka guztietan bezala, ordea, bi aldeek izan dituzte galerak eta heriotzak. Aurreko gerran ez bezala, oraingoan armeniarrei egokitu zaie galtzaileen aldean egotea eta irabazleek bereganatutako lurretatik ihes egin behar izatea. Armeniarrek joan den larunbatean hasi zuten hiru eguneko dolu-aldia, gerran hildako 5.000 herritarren alde, gehienak zibilak. Borrokak azaroan amaitu ziren arren, haserrea ez da desagertu, eta azken asteetan ugari egin dira Nikol Paxinian presidentearen dimisioa eskatzen dutenen ahotsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.