Malcolm X-ren hilketa berriz ikertzeko eskatu dute haren alabek

Eskubide zibilen aldeko mugimenduan infiltratuta zegoen polizia agente baten gutunak FBI eta New Yorkeko Polizia Departamentua lotzen ditu hilketarekin

Islamaren Nazioa mugimenduko ikur bilakatu zen Malcolm X. GETTY IMAGES.
Iosu Alberdi.
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
1965eko otsailaren 21ean hil zuten Malcolm X ekintzailea. Orain, 56. urteurrena baliatu du haren familiak ikerketa berriz irekitzeko eskatzeko. Joan den igandean adierazi zutenez, FBI Ikerketa Bulego Federala eta New Yorkeko Polizia hilketarekin lotzen dituen «froga berri bat» jaso dute; polizia agente ohi batek hil aurretik utzitako gutuna. Hala, hamarkadetako zalantzen ostean, informazio gehiago eman dezakeen edozein froga «sakonki aztertzeko» exijitu zuten.

Aktibistaren alabek azaldu zutenez, Raymond Wood izeneko New Yorkeko polizia agente ohi batek hil aurretik aitortza gutun bat utzi zuen. Gutun horren arabera, agenteak eskubide zibilen aldeko mugimenduan infiltratzeko eta liderrak delituak egitera bultzatzeko agindua jaso zuen. Haren senide batek ezagutarazi zuen idatzia, eta, adierazi zuenez, hiriko Poliziak eta FBIk eman zioten agindua, mugimendua «ahultzeko» asmoz. «Deitoragarriak eta nire jende beltzarentzat kaltegarriak izan ziren ekintzetan hartu nuen parte. New Yorkeko Polizia Departamentuaren izenean egin nituen ekintzak beldurraren eta mehatxuen pean eginak izan ziren», aitortu zuen gutunean.

2011n idatzitako testuan, polizia agenteak onartu zuen «jarduera kriminalen frogak aurkitzea» zuela bere eginbeharra, FBIk mugimenduko kiderik entzutetsuenen «izen ona belztu» zezan eta atxilotu zitzan. Hala, azaldu zuen bere nagusien «zuzendaritzapean» gizarte mugimenduetako kideak delituak egitera bultzatu zituela. Besteak beste, Woodek idatzita utzi zuen Malcolm X-ren bi bizkartzain atxilotzen lagundu zuela, hark Audubon Ballroom antzokian han hil zuten emaniko hitzaldia baino egun batzuk lehenago. Haren lana omen zen egun hartan ekintzaileak bizkartzainik ez izatea. Horrez gain, Woodek gutunean adierazi zuen hilketaren xehetasunak ezkutatu zituela Poliziak.

Hiru zigortu

Malcolm X-ren hilketagatik, Islamaren Nazioa taldeko hiru kide akusatu zituzten, eta heriotza zigorra ezarri zitzaien: Khalil Islam 2009an hil zen, eta Mujahid Aldul Halim eta Muhammad Abdul Aziz baldintzapean aske daude. Malcolm X mugimendu hartako kiderik ezagunenetako bat izan zen, baina hilabete batzuk lehenago utzi zuen taldea, eta zenbait mehatxu eginak zizkioten hainbat kidek.

Kasuak, ordea, ertz gehiago ditu, eta, duela urtebete inguru, Manhattango Fiskaltzak adierazi zuen gertatutakoa gainbegiratzen ari zirela, Netflix plataformak zabaldutako dokumental sorta baten ondorioz. Lan horiek zalantzan jarri zituzten zigortutako kideetako biren ustezko egiletzak. Innocence Project taldearekin bildu zen orduan fiskaltza. Talde hori AEBetako justizia sistemaren hutsen eta polizia azpijokoen eraginez kartzelatutako lagunen defentsan aritzen da.

Asteburuan, Malcolm X-ren sendiak eginiko agerraldiaren ostean, ikerketak martxan jarraitzen duela jakinarazi zuen fiskaltzak. New Yorkeko Polizia Departamentuak, bestalde, ohar bat plazaratu zuen nabarmenduz bere esku dagoen guztia egingo duela zalantzak argitzeko, «orain arte egin dugun moduan».FBIk, berriz, ez zuen adierazpenik egin.

Espetxean zela ezagutu zuen Malcolm X-k Elijah Muhammad, Islamaren Nazioa mugimenduko burua. Hamar urteko zigorra beteta, 1952. urtean irten zen kartzelatik, eta Detroitera joan zen bizitzera. Han, denborarekin, mugimenduaren ikur nagusi bilakatu zen. Uko egin zion Little abizenari, esanez esklabo-jabe zuriek jarria zela, eta X-rengatik aldatu zuen, Afrikako jatorri galduari erreferentzia eginez. Berak esana da ezen, indarkeriaren alde ez zegoen arren, «bortizkeria autodefentsa bilakatzean» ez litzatekeela indarkeria modura hartu behar, «inteligentzia gisa baizik». Malcolm X-k 1964. urtean utzi zuen mugimendua,baina bera kide zen bitartean 25.000 bazkidek bat egin zuten harekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.