Maria Hernandez. Golflaria

«Benetako denboraldi on bat egiteko gogoz nago»

2022a «nahiko ona» izan dela dioen arren, Hernandezek «segida handiagoarekin» jokatu nahiko luke 2023an. Ametsa, 2010ean egin bezala, txapelketa bat irabaztea litzateke.

TRISTAN JONES.
Iñaki Berastegi.
2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Otsailean Kenyan abiatuko duen denboraldia prestatzen ari da Maria Hernandez (Iruñea, 1986). 2014an Txinan hartu zuen bakterio baten eraginez 2017an jokatzeari uko egin behar izan zion, eta, orduz geroztik, urtero urratsak egiten ari da aurrez zuen maila berreskuratzeko. Ametsa bere ibilbideko bigarren txapelketa irabaztea da; 2010ean lortu zuen lehena, Eslovakian: «Berriro ongi sentituz gero goian egon naitekeela uste dut».

Zer erronka dituzu 2023. urterako?

Ilusioz eta gogoz heltzen diot denboraldi berriari. Astez aste hobetzea, horixe nahi dut, eta ea berriro ere ongi sentitzeko gai naizen. Denboraldia amaitutakoan gustatuko litzaidake atzera begiratzea eta jarraitutasun handiko denboraldia egin dudala ikustea.

Nolakoa da golf jokalari baten denboraldiaurrea?

Gehienbat, arlo fisikoa lantzen dugu, denboraldian zehar, bidaiak eta txapelketak direla eta, ezin baitiogu nahi eta behar bezainbeste denbora eskaini. Horrez gain, joko motza lantzen ari naiz batik bat.

Zenbat pertsonak osatzen dute zure taldea?

Nire entrenatzaile nagusia Madrilen dago, putt-a hobetzen laguntzen didan entrenatzaile bat ere badut Frantzian, eta prestaketa fisikoa ere Madrilen egiten dut. Beraz, bidaia asko egiten ditut Iruñetik Madrilera.

2022an emaitza on batzuk lortu dituzu. Denboraldi ona izan al da?

Aste onak izan ditut, baina baita ez hain onak ere. Gustatuko litzaidake aurten gorabehera gutxiago izatea. Urte nahiko ona izan da, baina asko hobetu daitekeela uste dut.

2021arekin alderatuta, hobea izan da?

2021ean, nire ustez, erregularragoa izan nintzen. Egia da 2022an emaitza hobeak lortu ditudala, baina, denboraldi osoa hartuz gero, sentipen askoz ere hobeekin amaitu nuen 2021ean. Egin nuen jokoa eta lortutako azken emaitzak ez datoz bat, nire iritziz.

Bakterio bat dela eta, 2017an ez zenuen jokatu. Urtetik urtera hobetzen ari zarela uste duzu?

Nire jokoa asko hobetu dudala uste dut. Halere, ez dut lortu hori emaitzen bitartez erakustea. Benetako denboraldi on bat egiteko gogoz nago.

Urtebete jokatu gabe emateak asko eragin dizu?

Ez da batere erraza izan, ez. 2017an ez nuen jokatu, baina aurreko denboraldietan ere ia geldirik egon nintzela esan daiteke. Betirako izango dudan zerbait da, baina askoz ere gehiago zaintzeko balio dit.

Non hobetu behar duzu gehien?

Denean hobetu daiteke. Dena den, joko motza izan da betidanik nire ahulgunea, eta hor jauzi bat ematea dagokit: joko luzea nahiko ondo landuta daukat. Arlo psikologikoan eta fisikoan ere etengabe hobetu behar da, eta, hobekuntza txikia bada ere, asko nabaritu daiteke. Horregatik, arlo guztietan hobetzeko ahalegina egiten dut egunero.

Nola hobetu daiteke joko motza?

Buruak eragin handia dauka. Joko motz horretan arlo psikologikoak zeresan handia dauka, eta teknikoki ere ideiak argi izatea funtsezkoa da.

Ametsa txapelketa bat irabaztea da?

Kontrakoa esango banizu, gezurretan ariko nintzateke. Urrun ikusten dudan zerbait da, eta, beraz, etengabe hobetzea eta berriro ongi sentitzea da nire lehen asmoa. Berriro ongi sentituz gero goian egon naitekeela uste dut. Nire jokoa geroz eta sendoagoa da.

Carlota Ziganda, Elena Hualde eta zu goi mailako profesionalak zarete. Badirudi Nafarroako golfa osasuntsu dagoela.

Bai, zalantzarik gabe. Jokalari ugari daude goian, eta espero dezagun geroz eta gehiago izatea. Elenaren [Hualde] lehenengo denboraldia izan da profesionaletan eta asko ikusi dugu elkar, eta, Carlotari [Ziganda] dagokionez, urtean pare bat astez topo egiten dugu.

LET Europako Golf Zirkuituaren arabera, sarietan, 364.000 eurotik gora irabazi dituzu zure ibilbidean. Diru asko da?

Gauza bat da irabazten duzun dirua, eta beste bat zuretzako geratzen dena. Irabazten duzun horri gastuak kendu behar zaizkio: bidaia asko dira, hegaldiak, hotelak... Ez da diru asko, gastuak oso handiak baitira. Babeslerik ez baduzu, zaila da.

Zer iritzi duzu LIV zirkuituaren eta ohiko zirkuituen arteko talkari buruz?

Jokalari guztiak ulertu ditzaket, oso erabaki pertsonala baita: onenekin lehiatzea edo diru gehiago irabaztea. Dena da errespetagarria. Emakumezkoen Aramco txapelketak antolatzen dituen berbera da LIV zirkuituaren atzean dagoena, baina batak ez du bestearekin zerikusirik, Aramco txapelketa horiek gure zirkuituaren barruan daudelako. Are gehiago, gizonezkoen zirkuitu berri hori osatu aurretik, emakumeekin probatu zituzten txapelketa horiek. Egia da, LIV zirkuituak PGA eta Europako zirkuitua hobetzera behartu dituela eta, beraz, gizonezkoei baliagarria izan zaiela, han eta hemenbaldintzak hobetu direlako; baina denen artean ados jar daitezela, bestela kirolak galtzen duelako.

Zuei inolako hobekuntzarik ekarri al dizue?

Ez. Zoritxarrez, ekonomikoki, gizonezkoen eta emakumezkoen zirkuituak ez du zerikusirik.

Non hasiko duzu 2023a?

Otsaileko lehen astean Kenyan ariko naiz. Pare bat aldiz han aritutakoa naiz, eta ikusiko dugu zer baldintza ditugun, iaz haize bolada handiak izan baikenituen. Baldintzak egokiak badira, zelaia ez da zaila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.