Badakite zer egin

Eibarrek Getafen jokatuko du gaur, ligako bigarren jardunaldian. Pedro Leon, Ivan Ramis eta Fabian Orellana min hartuta daude, eta ez dira ariko, eta ikusteko dago Ruben Peñak jokatuko duen

Pape Diop, Gonzalo Melero Huescako erdilariarekin lehian, ligako estreinakoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Partida eskasa jokatu zuen Eibarrek aurreko igandean, Ipuruan, Huesca igo berriaren aurka, eta, halakoetan ia beti gertatzen den bezala, galdu egin zuen (1-2). Ligari hasiera kaskarragorik ezin izan zion eman taldeak, lehen zatian, batez ere, jokalariak ez baitziren gai izan joko itxurazkoa sortzeko.

Atzo, oraindik ere horri bueltak ematen ari zen Jose Luis Mendilibar: «Ez da erraz ulertzekoa hain gaizki jokatu izana, aurreko denboraldiko jokalariekin osatu nuelako taldea, eta den-denok oso garbi daukagulako nola jokatu». Soka estu hori arintzeko aukera daukate gaur jokalariek Getafen (Espainia), etxeko taldearen aurka, eta entrenatzaileak ondo baino hobeto daki zein den bidea gauzak taxuz egiteko: «Dakigun bezala jokatu behar dugu, eta gauzak ondo egin. Zortea ezin da aipatu zuk zurea egin ezean».

Aurreratu zuen aldaketaren bat edo beste izango dela hamaikakoan, «baina ez aste hasieran buruan neuzkan guztiak. Duela egun batzuk, aurreko hamaikakotik hamar jokalari aldatuko nituen, baina, egunak aurrera joan ahala, aldaketen kopurua txikituz joaten da, eta hasieran uste baino gutxiago egingo ditut». Non aukeratu handirik ere ez dauka, min hartutako jokalarien zerrenda handitu egin baita asteon. Gaurko ez dira izango ondorengo hauek: Pedro Leon, Ivan Ramis eta Fabian Orellana, eta Ruben Peña ariko den edo ez zalantzazkoa da, bihurritua izan zuelako oinean atzoko entrenamenduan. Eskuin hegaleko atzelariaren egoera ikusita, hemeretzi jokalari doaz Getafera, Peña barne. Asier Riesgo eta Alejandro Galvez utzi ditu kanpoan Mendilibarrek. Hau dena kontuan izanda, eta ikusirik aurreko igandeko ia inork ez zuela irabazi gaur hasieratik aritzeko aukera, zaila baino zailagoa da hamaikakoa asmatzen.

Getafe aurkari zaila izango da, aurreko sasoian erakutsi zuen bezala: «Ez da erraza hauen aurka jokatzea. Oso bertikala dute jokoa, baloiarekin ez dute denbora asko galtzen, eta azkarrak dira erasoan». Espainiarrek hainbat aldaketa egin dituzte aurreko sasoiko taldetik, eta fitxaturiko jokalari esanguratsuenak honako hauek dira: David Soria eta Leandro Chichizola atezainak, Ignasi Miquel atzelaria, Ivan Alejo —Eibarreko ohia— eta Nemanja Maksimovic erdilariak, eta Jaime Mata aurrelaria.

Partida nondik nora joan daitekeen azaldu zuen Mendilibarrek: «Bi taldeetako batek gauzak ez baditu oso gaizki egiten, behintzat, berdindua izango da lehia».

Fitxaketa bat, agian

Datorren ostiralean bukatuko da jokalariak fitxatzeko epea Espainiako Ligako taldeentzat, eta Pedro Leonen lesioak eragin dezake mugimenduren bat, atzo Mendilibarrek aipatu zuenez: «Fitxa aldetik aukera daukagu, eta, agian, merkatuan begiratu egin beharko da, baina itsutu gabe. Pentsatzen dut klubeko idazkaritza teknikoak izango duela jokalariren bat zainduta eta une jakin batean etor daitekeena». Gaur egun, Eibarrek 24 jokalari dauzka, eta bat gehiago bakarrik ekar dezake, beste inork taldea uzten ez badu behintzat.

GETAFE-EIBAR

Getafe. David Soria; Damian, Djene, Miquel, Antunes; Portillo, Arambarri, Maksimovic, Amath; Molina eta Angel.

Eibar. Dmitrovic; Arbilla, Oliveira, Bigas, Jose Angel; Jordan, Escalante, Diop, Hervias; Kike eta Enrich.

Epailea. Medie Jimenez.

Lekua. Alfonso Perez (17.393 ikusle).

Ordua. 20:15ean (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.