Aldaketak bai, iraultzarik ez

Saskibaloiko Espainiako Ohorezko Mailako hiru euskal taldeek azalberrituta ekingo diote sasoiari. Fitxaketa eta irteera asko izan dituzte. Aulkian ez dago aldaketarik.

IDK Gipuzkoa eta Lointek Gernika iragan sasoiko Espainiako Kopako final-laurdenak jokatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Jokalari berri ugari izango dituzte datorren denboraldian Espainiako Ohorezko Mailako hiru euskal taldeek: Lointek Gernika Bizkaiak, IDK Gipuzkoak eta RPK Araskik. Taldea zuzentzearen arduradunak, ordea, berak izango dira: Mario Lopez (Gernika), Azu Muguruza (IDK Gipuzkoa) eta Madelen Urieta (Araski). Entrenatzaileek denboraldi-aurre osoa dute fitxaketak multzoan txertatzeko, eta proiektuei jarraipena ematea da asmoa. Irailaren 28an hasiko da liga, eta hiru taldeek etxean jokatuko dute lehen neurketa.

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA

Talde osoa

Asko falta da ligari hasiera emateko, baina taldea osatua du jada Lointek Gernikak. Sailkapeneko goialdeko taldeekin borrokatzea izango du helburu. Horrez gain, berriro ere Eurokopa jokatuko du. Zuzenean ligaxkan ariko da gainera, atarikorik jokatu gabe. F multzoan izango da, Espainiako Perfumerias Avenida, Hungariako Uni Gyor eta Portugalgo Olivais taldeekin batera.

Eraberrituta ekingo dio denboraldiari Gernikak. Sei fitxaketa egin ditu, eta beste hainbeste jokalarik utzi dute taldea. Fitxaketen artean, Blake Dietrick eskoltaren itzulera nabarmendu behar da. Joan den sasoian aritu zen Gernikan, denboraldiko lehen partean; urtarril hasieran utzi zuen taldea. Jokalari garrantzitsua izateko ekarri zuten, eta sobera bete zituen berarengan jarritako esperantzak. Seattletik fitxatu du Gernikak, denboraldi osorako oraingo honetan. Taldeko izarretako bat izango dela espero da, funtsezko pieza Lopezentzat. Dietrickez gain, ordea, fitxaketa garrantzitsuak egin ditu klubak. Belen Arrojo, Perfumerias Avenida talde indartsutik etorri da. Talentua eta freskotasuna emango dizkio Gernikari hegalekoak. Postu berean jokatzen du Julie Wotjak ere. Italiako ligako izarretako bat izan da. Handik dator Nikolina Milic ere, eta barrualdea indartzeko asmoz ekarri dute. Nogaye Lo, berriz, gaztea da, eta etorkizun handiko jokalaria. Azkenik, Gaby Ocete joko antolatzailea esperientzia eta eskarmentu handikoa da, ibilbide luzea baitarama maila nagusian. Bestalde, Naiara Diez kapitainak beste sasoi baterako luzatu du kontratua.

IDK GIPUZKOA

Pisuzko aldaketak

Bost jokalarik utzi dute IDK Gipuzkoa, eta izen handiak daude tartean: Iva Brkic eta Lyndra Weaver, esaterako. 2017ko udan iritsi ziren biak, eta ezinbestekoak izan dira azken bi urteetan taldeak egindako denboraldi arrakastatsuetan. Horrez gain, klubeko erreferente diren bi jokalarik hartu dute erretiroa: Onintza Adurizek eta Iulene Olabarriak. Batera esan diote agur beren kirol ibilbideari. Esperientzia eta eskarmentu handiko jokalariak ziren. 2002-2003ko denboraldian iritsi zen IDK Gipuzkoara Olabarria, eta 2009-2010ekoan Aduriz. Sara Iparragirrek, berriz, AƱares Iraurgin jokatuko du datorren sasoian, baina IDK Gipuzkoari lotuta jarraituko du; minutuen bila doa 20 urteko eskolta gaztea.

IDK Gipuzkoak merkatura jo du taldea utzi duten jokalariek lagatako hutsuneak estaltzeko, eta bost fitxaketa egin ditu: Ariel Edwards, Laura Garcia, Marita Davidova, Mehryn Kraker eta Snezana Aleksic. Edwardsen fitxaketak sortzen du zaleengan ilusio handien. Kalitate handiko jokalaria da, maila oso oneko errefortzua. Araskin jokatu zuen iragan denboraldian, eta ligako saskiratzaile nagusia izan zen. Dena ondo bidean, garrantzitsua izango da taldearentzat. Hazten jarraitzeaz gain, denboraldi honetan ere Espainiako Koparako sailkatzea izango du helburu Azu Muguruzak zuzendutako taldeak. Aurki ekingo diote denboraldi-aurreari, eta irailaren 3an jokatuko dute lehen lagunartekoa, Araskiren kontra.

RPK ARASKI

Helburu bera

Araskik laugarren denboraldia izango du Ohorezko Mailan. Bertan egonkortzea lortu du, baina, urtero bezala, mailari eustea izango du helburu. Taldea indartzeko asmoz, sei fitxaketa egin ditu Gasteizko klubak: Maria Asurmendi, Tania Perez, Laura Quevedo, Caliya Robinson, Tamara Seda eta Raquel Carrera. Gaztetasuna eta esperientzia uztartzea bilatu du. Fitxaketen artean dago Maria Asurmendi joko antolatzailea. Euskal jokalaririk onenetako bat da iruindarra, eta taldearen burua izango da. Horrez gain, Izaskun Garciak beste urtebetez jarraituko du klubean. Taldearen lehentasunetako bat zen haren kontratua luzatzea. Bestalde, hiru jokalarik utzi dute taldea: Edwardsek, Paula Estebasek eta Umi Diallok. Edwardsena izango da hutsunerik nabarmenena. Aipatu bezala, iragan sasoian lan ikusgarria egin ondoren, IDK Gipuzkoak fitxatu du. Zuzendaritzan ere badago aldaketa: Iratxe Rodriguez da Araskiko presidente berria; Livia Lopezen lekua hartu du. Proiektuarekin segitzeko asmoa duela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.