Maite Oroz. Athleticeko jokalaria

«Min hartu aurretik baino jokalari osoagoa naiz fisikoki»

Hilaren 22an urtebete beteko da Maite Orozek ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuenetik Bartzelonaren aurkako ligako partida batean. Osatze prozesu luze baten ostean, «ilusioz eta irrikaz» dago bihar liga hasi eta lehiara itzultzeko.

ainara arratibel gascon
Lezama
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Entrenamendua amaitu, eta Lezamako zelai nagusiko harmailetan patxadaz mintzatu da Maite Oroz (Iruñea, 1998) Athleticeko jokalaria. Angel Villacampa entrenatzaile berriaren jokatzeko era barneratuz doazela nabarmendu du. Bihar ikusiko dira lehen zertzeladak, Levanteren zelaian jokatuko duten ligako lehen partidan (12:00).

Jokalari guztiak egon ohi zarete denboraldi-aurrea pasatu eta partida ofizialetan lehiatzeko gogoz. Urtebete min hartuta egon eta gero, zu are gehiago egongo zara, ezta?

Bai. Hilabete asko izan dira geldirik, eta jokalarioi gustatzen zaiguna ofizialki jokatzea da. Irrikaz eta ilusioz nago horretarako. Denboraldi-aurreak beti dira gogorrak, baina aurtengoa niretzat ez da hala izan. Apenas izan nuen oporrik, bizpahiru aste baino ez. Sasoi onenean iritsi nahi nuen lehen entrenamendura. Beraz, lehen egunetako lan fisikoa oso ondo eraman nuen.

Lehen egunetan esan zenuen beldur pixka bat zenuela hanka sartu eta tupust egiteko orduan. Pasatu al zaizu sentipen hori? Nola zaude?

Halako lesio larri bat izan eta gero, beti duzu beldurra berriro min hartzeko, eta zalantza belaunak nola erantzungo duen. Baina, entrenamenduak eta lagunarteko partidak aurrera joan ahala, uxatuz joan naiz kezka eta ikara horiek. Belauna ondo dago, eta fisikoki ere sasoiko nago. Errehabilitazioaren azken txanpan egindako ariketak oso baliagarriak izan zaizkit: kontaktuko lan asko egin dugu ni konfiantza hartuz joateko.

Nola duzu gogoan min hartu zenuen eguna?

Egun oso gogorra izan zen; sekula ez nuen halako lesiorik izan. Denbora luzez jokatu gabe egon behar duzula jakiteak ematen dizun kolpeaz gain, oso ziurtasun txikia duzu etor daitekeenaren inguruan. Baina lesioak helduago egin nau, bai pertsona moduan, bai futbolari moduan. Futbolaren beste alde bat ezagutzeko aukera eman dit lesioak.

Zein da alde hori?

Bakarrik eta isilean lan egitearena. Taldekideekin ez zaude hainbeste denbora, osatzeko lana beste ordutegi batzuetan egiten duzulako askotan. Gogorra da hori. Baina balio dizu konturatzeko zenbat oztopo gaindi ditzakezun, eta ikusteko askotan txikikeriengatik estutzen duzula zure burua. Ziur nago etorkizunari begira garai onei balio handiagoa emango diedala. Halaber, aukera izan dut fisioterapeutekin eta mediku taldeko beste kideekin harreman estu bat egiteko, eta hori ere ederra da. Haiekin denbora asko pasatu dut, eta izugarri lagundu didate, baita taldekideek, familiak eta lagunek ere. Nire zutarria izan dira.

Jokalari gazte baten ibilbidean nolako eragina du sasoi bat jokatu gabe egoteak?

Alde ona ateratzen ahalegindu naiz. Fisikoki, adibidez, min hartu aurretik baino jokalari osoagoa naiz, orain arte landu ez nituen gorputz atal batzuk lantzea egokitu zaidalako. Psikologikoki ere, esan bezala, gogorragoa naiz, oztopo asko gainditzea egokitu zaidalako.

Behin osatuta, zer helburu dituzu denboraldi honi begira?

Jokalari moduan hazten eta ikasten segitzea, eta goiko jokoan hobetzea. Angelek [Villacampa entrenatzaileak] ere nire jokoan gorabehera gutxiago izatea eskatzen dit, erregularragoa izatea, eta hori ere lortu nahi dut.

Villacampa aipatu duzu. Zer moduz harekin?

Oso gustura. Gertukoa da, eta esperientzia handia duela ikusten da. Detailerik txikiena ere zaintzen du, eta partidak oso ondo prestatzen ditu. Taktikoki eta teknikoki asko ari gara ikasten harekin.

Joseba Agirrerekin lau sasoi egon eta gero, behar zenuten aldaketa, ezta?

Josebarekin oso gustura geunden. Angelekin bezala asko ikasi genuen, eta hura ere oso gertukoa zen. Baina, Josebak berak agurrean esan zuen moduan, bai berak, baita guk ere aldaketa bat behar genuen. Lau denboraldi asko da, eta komeni da taldeari aire freskoa emango dioten pertsonak iristea, motibazioa eta lehiakortasuna gorenean mantentzeko.

Entrenatzaile aldaketa izanda, joko aldetik oso Athletic desberdina ikusiko da denboraldi honetan?

Entrenatzaile bat aldatzen denean, beti izaten dira aldaketak; bakoitzak bere estiloa du. Angelek behin eta berriz nabarmentzen diguna da jokaldiak lantzeko. Erasoan jokatzea nahi du, eta atzean ez sartzea. Hala gertatuz gero, urrutien dagoen jokalaria bilatzea nahi du, eta hala aurrerapauso bat ematea.

Bihar izango da joko era berri horren lehen zertzeladak ikusteko aukera, ligako lehen partida jokatuko baituzue Levanteren zelaian. Zer moduz ekingo dio taldeak sasoiari?

Ilusioz eta lehiatzen hasteko irrikaz gaude. Denboraldi-aurrean partida hobeak eta kaxkarragoak izan ditugu. Baina denek ikasteko balio izan digute, liga hasiera honi begira sentipenak hartuz joan,eta entrenatzaile berriak ezarri nahi duen jokatzeko erara ohitzeko.

Carrantza irabazi zenuten, baina Realaren aurka 3-0 galdu zenuten Euskal Herria Kopako finala, nahiko partida kaskarra jokatuta. Zer pasatu zitzaizuen hor? Porrot hori izan zen gogorrena?

Bai, titulu bat zegoelako jokoan eta derbi bat zelako. Egin esan, guk geuk ere ez dakigu zer pasatu zen. Ez genuen halako porrot bat espero. Haiek oso ondo indartu dira, eta prestakuntzan urrats bat aurretik zeuden. Antzeman egin zen. Geldikako jokaldietan bi gol sartu zizkiguten, eta hori ezin zaigu pasatu. Adiago egon behar dugu. Gero ahalegindu ginen neurketari buelta ematen, baina ezinezkoa izan zen. Denboraldi aurrea, dena den, iragana da. Buruan dugun bakarra biharko partida da.

Nolako norgehiagoka espero duzu?

Lehiatua eta zaila. Aurreko sasoian bezala, Levante oso ondo indartu da, eta goian egoteko moduko taldea eratu du. Talde osoa dauka. Hori dela eta, guk oso batuta egon behar dugu, talde bat izan eta partidako une zailetan lehiatzen jakin, besoak ez jaitsi. Hori izango da gakoa.

Ondo indartu den arren, taldeko golegile nagusia galdu du Levantek: Charline Corral. Nola eragingo dio horrek haien jokoari?

Charline golegile petoa da, eta guri gol asko sartu dizkigu. Baina haren lekuan Esther fitxatu dute,Atletico Madriletik. Ziurrenik ez da hain golegile petoa, baina mugikortasun handia du, eta horrek beste aukera batzuk emango dizkie. Adi egon beharko dugu. Fitxatu dituen beste jokalariek ere, gazteak izan arren, talde oso onetan jokatuko dute.

Gainontzean, nola ikusten duzu liga? Nor izan daiteke denboraldi honetan txapelketako ezustea?

Orekatua eta ikusgarria ikusten dut. Aurreko denboraldian, emakumeen futbolak gorakada handia izan zuen, eta klub gehienek egin dute apustu horren alde. Hori oso inportantea da. Horri eusteko, taldeok ikuskizun ona eskaintzen segitu behar dugu, eta egunero hobeagoak izateko lan egin. Izan ere, orain arte inork ez digu ezer oparitu. Aurreko sasoia kontuan hartuta, Atletico Madril ikusten dut faborito. Baina Bartzelonak ere sekulako taldea egin du. Ezustea, berriz, edozeinek eman dezake, aipatu bezala berdintasun handia izango baita.Edozein talde izan daiteke gai besteari irabazteko, eta ziur espero ez diren emaitzak egongo direla.

Zein da zuen helburua? Duela bi sasoi bezala hirugarren geratzea posible ikusten duzu?

Ez diogu ezeri uko egiten. Uste osoa dut taldekide bakoitzarengan, eta aukera izan daiteke hirugarren geratzeko. Baina, Angelek esaten digun bezala, ez dugu buruan izan behar postu jakin batean geratzea, baizik eta partida bakoitzean ondo lehiatzea. Hori da gure helburua. Gure ahalmenei ahalik eta etekin handiena atera behar diegu.

Zeintzuk dira taldeak dituen ahalmen horiek?

Denbora asko daramagula elkarrekin jokatzen, eta argi dugula zertara jokatzen dugun. Fitxaketa asko egin dituzten taldeetan hori lortzeko denbora bat behar dute. Gainera, taldean giro oso ona dugu, eta, pixkanaka jokoan hobetuta eta talde bat izanda, gauza handiak lor ditzakegu. Dena emango dugu horretarako, eta partida bakoitzaren bila joango gara, aurkaria edozein izanda ere.

Klubak duen filosofia dela eta, merkatua mugatua duzue. Beste taldeak, ordea, gero eta gehiago indartzen dira. Denboraldi bakoitza gero eta zailagoa egiten al zaizue?

Ziurrenik, bai. Baina hori ere bada motibazio bat guretzat, erakutsi nahi dugulako etxekoekin bakarrik nor baino nor gehiago aritu gaitezkeela edozein talderekin, eta horretaz harro gaude.

Sasoi honetan fitxaketa bakarra egin du klubak: Andrea de la Nava atezaina. Fitxaketarik egin gabe, eta erreferente diren jokalariak adinean aurrera doazela kontuan hartuta, taldearen ahalmena eta lehiakortasuna gutxituko den beldur al zarete?

Ez, harrobian lan oso ona egiten ari direlako aspalditik, eta denboraldiero lehen taldera igotzen diren jokalariak maila oso ona dutelako. Horrek gainontzekoak behartzen gaitu lo ez hartzera eta une oro gure onena ematera.

Sasoi honetan bost jokalari igo dira lehen taldera: Nerea Nevado, Oihane Valdezate, Naroa Uriarte, Leire Monente eta Amaiur Sarriegi. Nola ikusi dituzu? Baten batek atentzioa eman dizu?

Ez nuke bat aipatuko. Guztiak ikusi ditut ikasteko gogoz eta duten onena emateko prest. Egia esan, irakaslerik onenak dituzte: Ainhoa [Tirapu], Vanessa [Gimbert], Erika [Vazquez]... Eskarmentu handiko jokalariak dira. Sasoi guztietan beren onena ematen dute, eta profesional izugarriak dira. Asko ematen digute oraindik, eta denek dugu haiengandik zer ikasia.

Bibiane Schulzeren fitxaketa dela-eta klubaren filosofiaren inguruan sortutako eztabaidaz zein iritzi duzu?

Hori zuzendaritzaren erabakia da, eta ni ez naiz horretan sartzen. Fitxatu badute, klubarentzat onena zelako izan da, eta iristen diren jokalari guztiak dira ongi-etorriak. Gure filosofia dugu, eta argi dago harrobian lan handia egin behar dela bide honetatik jarraitzeko. Denboraldi honetan talde gehiago ditugu beheko mailetan, eta hori funtsezkoa da. Izan ere, zenbat eta gazteagotik hasi haiekin lanean hobeto.

Askotan ikusi duzu Carranza torneoan, Taconen aurkako finalerdian, orpoz egin zenuen jokaldia? Maiz galdetu dizute horren inguruan?

Asko hitz egin da horretaz, eta sarean bolo-bolo ibili da. Baina nik ez diot aparteko garrantzirik eman. Momentuan ez nintzen jabetu egindakoaz, jokoa oso bizkor doalako. Ikusleen algarak entzun nituen, baina ez nekien zergatik. Aldagelara nindoala aulkiko jokalariek aipatu zidaten jokaldia, eta gero maiz ikusi dut, Twitterren askotan aipatu nautelako.

Teknika handiko futbolariak dira halako jokaldiak egiteko gai. Baduzu erreferenterik?

Txikitan Ronaldinho gustatzen zitzaidan. Haren jokaldiek txundituta uzten ninduten. Orain, berriz, jokalari guztiengandik ahalegintzen naiz ikasten.

Soin Hezkuntza ikasten ari zara. Zer moduz?

Ondo doazkit ikasketak. Laugarren maila hasiko dut aurten, azkena. Aurreko sasoian goizez entrenatzen hasi ginen, baina pena da, kasu honetan eskolak goizez baitira. Dena den, irakasleekin moldatzen naiz, eta gauzak ondo doazkit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.