Genero arrakala

Enpresek soldatak erregistratu beharko dituzte sexuen arabera

50 langiletik gorako lantegietan izango da derrigorrezkoa, eta sei hilabeteko epea dute horretarako. Berdintasun planetan jaso beharko dituzte arrakala gainditzeko neurriak

Espainiako Ogasun, Lan eta Berdintasun ministroak, Madrilen atzo eginiko agerraldian. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak laneko genero desberdintasunaren aurkako bi dekretu onartu zituen atzo. Berrikuntza nagusia da 50 langile baino gehiago duten enpresak behartuta egongo direla sexuaren aldagaia kontuan hartuta soldaten erregistroak sortzera. Agiri horretan azaldu beharko dira gizonek zein emakumeek lan berarengatik jasotzen dituzten soldaten batezbestekoak. Horretarako, lanpostuak baloratzeko sistema bat ezarri beharko dute, eta kanpoko aholkularitza batek lansarien auditoria bat egin beharko die. Hori guztia eta hori konpontzeko neurriak berdintasun planetan jaso beharko dituzte enpresek. Bi dekretuak Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak, Berdintasunekoak, eta CCOO eta UGT sindikatuek adostu dituzte. Ez dute patronalen babesa jaso.

Yolanda Diaz Lan ministroak azaldu duenez, erregistro horrekin emakumeek eta sindikatuek «lanabes garrantzitsu bat» izango dute soldata berdintasunak eskatzeko. Diazek zehaztu du enpresek sei hilabeteko epea izango dutela araudian jasotakoa garatzeko, eta Lan eta Berdintasun Ministerioak emango dizkiela hori egiteko bitartekoak eta ereduak. Agiri horietan, soldaten informazioa jaso beharko dute, sexuen arabera bereizita, zuzendaritzako langile eta goi kargudunenak barne, balio bereko lanen arabera sailkatuta, eta horren araberako soldaten batezbestekoak eginda. Oinarrizko soldatez gain, osagarriak eta soldataz kanpoko ordainsariak ere jaso beharko dituzte. Horri buruz, Irene Montero Berdintasun ministroak azpimarratu du oinarrizko soldata ez dela desberdintasun iturri nagusia izaten, ordainsari osagarriak baizik, eta, batez ere, antzeko zereginen inguruan egiten diren balorazio ekonomiko ezberdinak. «Tradizioz emakumeei lotuta egon diren trebetasunak gutxiago baloratzen dira, eta emakumeek egiten dituzten zereginak gutxiago baloratzen dira ekonomikoki gizonek egiten dituzten balio bereko zereginekin alderatuta». Emakundek iaz kaleratutako txosten baten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizonezkoek emakumezkoek baino %11 gehiago irabazten dute batez beste, lan beragatik eginiko ordu bakoitzeko.

Planak, derrigorrezkoak

Soldaten erregistroetan arrakalarik balego, hori konpontzeko neurriak enpresen berdintasun planetan jaso beharko dituzte enpresek. CCOOk azpimarratu duenez, araudi berriak balioko du planak berme gehiagorekin negoziatzeko, «are eta ageriago utziko baitu desberdintasun erreala».

Iaztik dago indarren berdintasun planei buruzko araudia: iragan martxoaren 7tik aurrera, 150 langile baino gehiago dituzten enpresak derrigortuta daude berdintasun plan bat izatera. 100 eta 150 langile bitarteko enpresek urtebete gehiago izango dute horretarako, eta 50 eta 100 langile artekoek, berriz, 2022ko martxora arte. Araua betetzen ez duten enpresek 626 eta 6.250 eurora bitarteko isunak jaso ditzakete, eta administrazio publikoen kontratazio prozesuetatik kanpo gera daitezke.

Araudira atzo sartutako neurri berrien arabera, berdintasun planak indarrean egongo dira aldeek adosten duten denboraren arabera, eta gehienez ere lau urterako. Denbora horretan lantaldea txikitu eta 50etik beherakoa bada ere, aktibo jarraituko du planak. Enpresek Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro Publikoan erregistratu beharko dute berdintasun plana, eta administrazioak bereizgarri bat emango die bakoitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.