Buteflikak barkamena eskatu die Aljeriako herritarrei

Presidente ohiak eskutitz bat argitaratu du dimisioa eman eta biharamunean. Senatuko burua behin-behineko presidente izendatu dute bozak egin arte

Herritar bat gobernuarekin kritikoa den Liberté egunkaria irakurtzen, atzo, Aljerren. MOHAMED MESSARA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Bi hilabete baino gutxiagoko epean erori da Abdelaziz Buteflikaren agintea, eta gertakariak bata bertzearen gibeletik kateatu dira abiadura bizian. Herenegun eman zuen dimisioa, Aljeriako presidentetzari hilaren 28ra arte eusteko asmoa jakinarazi eta 24 ordura. Atzo, berriz, eskutitz bat argitaratu zuen ezustean, herritarrei barkamena eskatzeko. «Barkamena eskatzen dizuet zuen aurka egin ahal izan ditudan akats guztiengatik, izan solas bat edo ekintza bat, gizakia naizenez ez nagoelako akatsetatik salbu», idatzi zuen APS agentziak argitaratu zuen oharrean. Trantsizio politikoa atzo hasi zen ofizialki, Kontseilu Konstituzionalak Buteflikaren dimisioa onartu zuelako. Konstituzioaren arabera, 90 egunean deitu behar dute hauteskundeetara.

Buteflikak eskutitzean erran du barkamen eske «zintzoa» egin duela. «Nire ardurak utzi ondoren, nire egitekoa zen azken eskutitz honen bidez oker egin nien herrikide horiei barkamena eskatzea». Hala ere, pozik agertu da bi hamarkada iraun dituen agintaldiarekin. «Politikatik atera ondoren, ez nago triste, eta ez dut beldurrik gure herrialdearen etorkizunarengatik. Alderantziz, uste dut erreforma prozesuak lider berriekin jarraituko duela». Hain zuzen, presidentearen aurkako mugimendua hasi zuten manifestariek aldarrikatzen zuten erreforma politikoa, baina Buteflikak berak eginen zituela hitzeman zien, eta, kargua utzi ondoren, hark hasitako bidetzat aurkeztu ditu.

Buteflikak 1999an irabazi zituen hauteskundeak lehenbizikoz, eta ordutik lau agintaldi oso bete ditu. Hil honen 28an bukatzekoa zuen laugarrena. Herrialde arabiarretako egungo agintari gorenen artean boterean urte gehien zituen buruzagia zen, Omango sultanaren eta Bahraingo erregearen ondoren; errepublikak bakarrik kontuan hartuz gero, berriz, urte gehien zeramatzan, Baxar al-Assad Siriako presidentearen aitzinetik —2000. urtean izendatu zuten hura—.

Aljeriak 42 milioi biztanle inguru ditu; Afrikako herrialdeetan handiena da azalerari dagokionez —baita herrialde arabiar guztien artean eta Mediterraneoan kosta dutenen artean ere—, baliabide natural aberatsak ditu, Europatik gertu dago eta ingurune geopolitiko gatazkatsu batean dago. Horregatik, trantsizioan gertatzen dena gertutik zainduko dute munduko herrialde boteretsuenek eta inguruan dituenek. «Kontuan hartu dugu Abdelaziz Buteflika Aljeriako presidentearen dimisioa», adierazi zuen atzo Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. «Espero dugu Aljeriako herriaren nahiak beteko dituen trantsizio prozesu demokratiko eta baketsu bat egitea».

Trantsizio horren makineria burokratikoa atzo bertan paratu zen martxan. Kontseilu Konstituzionalak Buteflikaren dimisioa onartu ondoren, Abdelkader Bensalah Senatuko burua izendatu zuen behin-behineko presidente. Hauteskundeetara deitu arte izanen da estatuburua, eta ezinen da presidentetzarako boz horietara aurkeztu. Gobernuaren buruzagi, berriz, Nuredin Bedaui izendatu du, atzo arte Barne ministro zena. Agintari horiek hartu dute trantsizioa egiteko ardura, Ahmed Gaed Salah armadako buruarekin batera.

Manifestarien jarrera

Trantsizioaren garapenean, ordea, berebiziko garrantzia izanen du Buteflikaren aurka mobilizatu diren milioika herritarrek hartuko duten jarrerak. Izan ere, orain arteko manifestaziorik handienak joan den ortziralean egin zituzten, eta mobilizazioen lelo nagusiak sistema politiko osoari zuzendu zizkioten. Aljeriak 1962an lortu zuen independentzia, eta FLN Nazio Askapenerako Fronteak agindu du orduz geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.