Ondo baliaturiko orduak

Victor Estebanek gorroto zuen lau eta erdikoa, baina sei urteren buruan espezialista bihurtu da. Ligaxkan sartu da, laugarren urtez jarraian, eta finalerdiak ditu begiz jota.

Victor Esteban, takoak jartzen, Astelena pilotalekuan, joan den apirilean, Iker Irribarriaren aurkako final-zortzirenetako partidaren aukeraketan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Maitasun eta gorroto harreman bati buruz mintzo da Victor Esteban (Ezkarai, Espainia, 1993): «Gustatzen ez zaizun horretara egokitzea ez da prozesu erraza izaten, baina, lortzen baduzu, gozamen bilaka daiteke». Lau eta erdiko jokoarekiko bere ikuskerak izandako bilakaera laburbiltzen du esaldi horrek. Azken urteetan diziplina horrek eman dizkio egun handi gehien, baina beti ez zen horrela izan. «Batzuetan, jokamoldea zure baldintzetara egokitzen da; beste batzuetan, aldiz, zuk egokitu behar duzu. Duela sei urte, pila bat kostatzen zitzaidan lau eta erdian jokatzea. Ezer egiteko gai ez banintz bezala ekiten nion; buruko kontua zen».

Lehen ia ez zuen jokatu nahi izaten, eta, orain, urte gutxiren ondoren, finalerdiak hatz puntekin ukitzen ditu. Zergatik, baina? «Nik afizionatu mailan oso gutxi jokatu nuen lau eta erdian. Askoz gehiago aritu nintzen buruz buru: GRAVNI torneoa, Espainiako Txapelketa... Lau eta erdian, berriz, lauzpabost partida bakarrik jokatzen nituen urteko. Horrela zaila zen prestatzeko motibazioa aurkitzea». Pilota profesionalean, baina, lau eta erdian jokatzen jakitea garrantzitsua da, are gehiago aurrelari izanda. Txapelketak udazken osoa hartzen du, eta gero, sanferminetako torneoa dago. Eta horrek eragin zuen aldaketa Victorrengan: puntako pilotari izateko, ikasi beharra zeukan.

«Orduak sartuz ikasi nuen», onartu du. Ez zuen txunditu eraldaketak. Gehiago izan zen obligazioa. «Gogoan dut teknikariekin hitz egin nuela, baita familiarekin ere. Lau eta erdian hobetu nahi nuen, eta lanean hasi nintzen. Ordu pila bat izan ziren. Sake asko egin nituen, pasa egiteak beldurra ematen zidan, eta neurria hartu nion arte... Errestoarekin berdin; sakea ezberdina da, eta kosta egin zitzaidan. Jokamolde ezberdinena da». Eta ikuskera aldatu behar izan zuen: «Gai nintzela sinestean zentratu nintzen. Buruko lana zen».

Eta, urteen poderioz, «gustura» jokatzen du orain. «Ilusio gehien sortzen didan txapelketa da, ziur asko azken urteetan lortu ditudan emaitzengatik». Ez da gutxiagorako; aurtengoa laugarren urtea du jarraian final-laurdenetako ligaxkan. Baina ez da hori bakarrik: emaitza onak lortu ditu, nahiz eta inoiz ez den finalerdietarako sailkatu. Iaz, Aimar Olaizolari irabazi zion, eta Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdiaren aurka galdu; «gero, finala jokatu zuten», gogoratu du.

2017koa handiagoa izan zen: bi partida irabazi zituen, eta azkenekoa 22-18 galdu. «Ostiralean, Olaizolari irabazi nion, eta larunbatean Elezkanok 22-21 galdu zuen Bengoetxearen aurka, 18-21 joan ondoren. Tanto bat gehiago egin izan balu, finalerdietan nengoke». Xehetasun asko eman ditu, arantza hor dagoen seinale. «Halakoekin oroitu egiten zara, baina kirola horrelakoa da».

Bizkarrekoa izan zen, baina begiak ireki zizkion. «Gauza politak lor ditzakedala ikusi nuen», eta langa altu jarri du: «Helburua finalerdiak dira, baina ligaxkako pilotari guztiok helburu bera dugu».áLigaxka berezia du gainera, zerrendaburu bakarra baitago, Altuna III.a, eta gutxienez aurpegi berri bat egongo da finalerdietan, ez Victor, ez Erik Jaka eta ez Peio Etxeberria ez direlako inoiz Lehen Mailako txapelketa bateko finalerdietan sartu. «Egoera berria da. Beste urte batzuetan Altuna, Bengoetxea, Olaizola eta Ezkurdia izan ditut multzoan. Aurten, aldiz, oso irekia dago».

Anbizioa du, eta ez zaio arrazoirik falta, final-zortzirenetan 22-7 irabazi baitzion Iker Irribarriari. «Udan gutxiago jokatu dut, baina lau eta erdikora fresko iristeko balio izan dit». Uda ondo baliatu du, behintzat. «Aita eta anaia [Gorka pilotari profesional ohia] beti daude laguntzeko prest. Anaia sasoiko dago, eta sakea zein errestoa lantzeko prest dago». Horrela errazagoa da «orduak» sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.