Steven Forti. Ikerlaria

«M5Sk zailtasun handiak ditu ulertzeko nola jarraitu aurrera»

Jaiotzetik hamar bat urtera, Italiako alderdiak bere lehen kongresua egingo du, beheranzko joeraren erdian: «Pisu handia izango du, baina ez dut uste hausturarik egongo denik».

FABRIZIO FENUCCI.
ander perez zala
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun

Iragan urtarrilaren 26ko Emilia-Romagnako bozak berebizikoak izan ziren 5 Izar Mugimenduak (M5S) eta Alderdi Demokratikoak (PD) osatzen duten Italiako koalizio gobernuarentzat, eskuina garaitu eta bizirik irautea bermatu baitzuen. Halere, boz horiek M5Sren beherakadaren beste atal bat izan ziren: botoen %4,74 besterik ez zuen jaso. BERRIA Steven Fortirekin (Trento, Italia, 1981) mintzatu da alderdiaren egoeraren irudia osatzeko; ikerlaria da Lisboako Nova Unibertsitatearen Historia Garaikideko Institutuan, eta irakasle elkartua Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan.

M5S gai izan da aurreikuspenak eta itxaropenak betetzeko?

Ez. Antisistema gisa jaio den alderdi batek itxaropen handiegiak sortzen ditu. [Matteo] Salviniren Lega ere populista da, baina diferentzia bat du, eta da esparru batzuk aukeratu dituela non errazagoa den erantzunak ematea.

Migrazioaren kasuan, haren [Legaren] komunitatea etsai baten inguruan batu du. M5Sk ere asko aipatu zuen auzi hori, baina bere eztabaidagai nagusiak gardentasuna, ustelkeriaren aurkako borroka eta egunerokoa hobetzea ziren. Herritarrak berehala ohartzen dira egunerokoa hobetu zaien ala ez, eta hori lortzea zailagoa da. M5Sren xedeetako batzuk, pentsioen erreforma edo herritarren errenta, langabezia subsidio handitu bilakatu dena, zailagoak dira lortzeko. Itxaropen handiak sortu zituzten, eta gobernura iristean zailtasunak izan dituzte erantzun azkarrak emateko.

Beste gauza bat ere badago, eta baliagarria da Legarekin konparazioa egitea: M5Sk ez du lortu egokia den agintari klase bat eratzea; eskuin muturra gai izan da, urte asko zeramalako maila lokalean. Ezin ahaztu, gainera, esan zutela ez zirela inorekin aliatuko 2018ko bozetara arte. Urtebete eta gehiagoan, Italian azken 70 urteetan izandako eskuin mutur okerrenarekin elkartu dira, eta, krisi arraro baten ostean, kastatzat zutenarekin, PDrekin.

Gorakada azkarregi baten biktima ere izan da?

Eragina izan lezake, baina ez du zertan hori izan. Podemosek antzeko gorakada izan zuen, baina orain ez ditu [M5Sren] problematika horiek. Espainian, distantziak kontuan hartuta, Ciudadanosekin konpara genezake; ez ideologiaren ikuspuntutik, egituran dituen arazoengatik baizik. Sistema politikoak oso azkar aldatzen diren garai batean gaude.

Italian badirudi ezker-eskuin ardatzera itzultzen ari direla, figura politiko baten inguruan antolaturikoa. Bere garaian Silvio Berlusconiren inguruan izan zen, eta egun Salviniren inguruan. M5S tokirik gabe gera liteke?

Badirudi bi poloko testuinguru batera goazela, baina, Berlusconiren garaian bezalako zentro-eskuin bat eta ezker bat izan beharrean, egun beste bi daude.

Batetik, ezkerrera eta zentrora mugitzen den zentro-ezkerra, gehiengoaren proiektu bat berreskuratu nahi duena gizartearen zati progresistan. Bestetik, zentro-eskuin bat dugu eskuindar bilakatu dena, muturreko jarrerak hegemoniko dituela.

Aurten ikusiko dugu beteko den, eta baita hurrengoan ere, gobernu honek jarraitzen badu, M5Sk hartuko duen erabakiaren araberakoa izango baita. Ia desagertzen bada, aliantza bat osa dezake PDrekin, antolakuntzan autonomia mantenduta, baina beti aliatu gisa aurkeztuta. Edo, bakarrik jarraituta, hirugarren poloa izatea, botoen %8-14 izanda.

Jaiotzetik hamar bat urtera, lehen kongresua egingo du. Barne gatazka handia izan daiteke: Zer sektore gailenduko da?

Galdera oso zaila da. Sektore batek, alderdia ezkerrera eraman, eta PDra hurbildu nahi du; Diputatuen Ganberako presidente Roberto Fico dute buruzagi. Hor legoke Beppe Grillo alderdiaren sortzailea. Ez du kargurik, baina postu garrantzitsu bat du: bere buruari goratua esaten dio. Blogean idazten duenak eta esaten duenak oihartzun handia du.

Bada sektore txiki bat Legarekin egindako koalizioa aldarrikatzen duena, baina gehienak bota egin zituzten, joan egin ziren edo ardura txikiak dituzte. Beste sektorea Di Maiorena da; ministro izaten jarraitzen du, eta, dimisioa eman arren, figura garrantzitsua da. Beti izan da kritiko PDrengana hurbiltzearekin, eta ez dago argi zer iritzi duen Legaz. M5Sk zailtasun handiak ditu ulertzeko nola jarraitu aurrera.

Ikusteko dago zer egingo duen [Giuseppe] Contek [lehen ministroak], boto emaileen eta diputatuen artean arrakasta handia baitu. PDrengana hurbiltzearen alde dago, baina ez da alderdiko kide. Dena oso likidoa da. Kongresuak pisu handia izango du, baina ez dut uste garai erabakigarria izango denik, hausturarik egongo denik.

Alderdiari figura politiko sendo bat falta zaio?

Grillo figura garrantzitsu eta karismaduna izan da; hari esker izan ditu M5Sk kanpaina eta emaitza onak. Klase politiko bat hezteko gaitasunik eza agertzen da kasu honetan. Di Maiorekin saiatu ziren, baina hura ez dago prest; bai, jarraitzaileak ditu, baina ez da figura karismadun bat. Alessandro Di Battistak [diputatu ohiak], adibidez, mitin estiloa du, eta eztabaidagai nagusiak azaleratzeko gai da. Baina, berez, ez dago figura indartsurik. Eta, horren ondorioz, Grillok A edo B esaten badu, hori egiten da.

Nora joan dira 2018ko boto emaileak?

Parte bat abstentziora itzuli da; beste parte txiki bat, PDra edo ezkerreko indar txikietara; eta parte handi bat, Legara. Ultraeskuindarrek batez ere [Berlusconiren] Forza Italiatik hartu dituzte, baina M5Sren parte batetik ere bai.

Amorrua orokorra zenean, grillini-ek lortu zuten alde bateko eta besteko botoak lortzea, eta batez ere abstentziokoak, ez ezkerrekoak ez eskuinekoak ez zirela argudiatuta. Orain, boto emaileek Salvinirengana jo dute, indartsuago ikusten dutelako, politika egiteko gaiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.