Koronabirusa. Katalunia

Hauteskundeak maiatzaren 30ean egitea adostu du Generalitateak

Kataluniako Gobernua talde parlamentario guztiekin bildu da, eta PSC ez beste alderdi guztiek onartu dute otsailaren 14an egitekoak ziren bozak hiru hilabetez atzeratzea

Pere Aragones Generalitateko presidenteordea, Roger Torrent Parlamentuko presidentea eta Bernat Sole Kanpo Harremanetarako kontseilaria. QUIQUE GARCIA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Ahopean esaten zena baieztapen bihurtu zen atzo eguerdian, Kataluniako Parlamenturako bozak hiru hilabetez atzeratuko direla jakin zenean. PSCk ez beste talde parlamentario guztiek onartu zuten Generalitateak egindako proposamena, alderdien arteko mahaian, eta, ondorioz, data berria izango dute Kataluniako Parlamenturako hauteskundeek: maiatzaren 30a.

Pandemiak herrialdean duen bilakaera okerrak behartuta hartu zuten erabakia. Otsailaren 14an egitekoak ziren, hasiera batean, baina Generalitatearen Osasun Sailaren txosten baten arabera, COVID-19ak kutsatuen kopuruak eta ZIU zaintza intentsiboko unitateek hauteskundeetarako jarritako hasierako eguna baino zertxobait lehenago joko dute goia. Osasun Sailak aurreikusten du egun horietan 3.000 eta 4.000 positibo artean izango direla herrialdean, eta 620 eta 750 paziente artean ZIUetan.

Atzoko bilera egin zutenerako Kataluniako Generalitateko zerbitzu juridikoek idatzia zuten hauteskundeak atzeratzeko dekretua. Kontsentsuaren bila joan zen gobernua alderdien mahaira, baina ez zuen aurkitu; ez erabatekorik, behintzat. Pere Aragones Kataluniako jarduneko presidenteordeak eta ERCko zerrendaburuak gidatu zuen bilkura, eta hauteskundeak maiatzera edo ekainera aldatzea proposatu zuen. Gainerako alderdiek zehaztapen gehiago emateko eskatu zioten, eta, ondotik, jakinarazi zuen asmoa maiatzaren 30ean egitea zela. «Epidemiologikoki» data egokia dela nabarmendu zuen Alba Verges Osasun kontseilariak, tenperatura beroagoen ondorioz kutsatu gutxiago izango direlako, haren arabera, eta txertaketa kanpainaren emaitzak ikusteko gai izango direlako ordurako.

PSCk ez beste alderdi guztiek onartu zuten gobernuaren proposamena. Sozialistak bozak atzeratzearen aurka agertu dira hasieratik, baina azken egunetan bozen atzerapen tekniko baterako prest azaldu dira. Proposamen horrekin joan ziren atzoko bilerara, eta hauteskundeak martxoaren 14an edo 21ean egiteko aukera mahaigaineratu zuten. Generalitateak proposatutakoa onartu zuen gehiengoak, ordea.

Hori jakinda ere, bere asmoari eutsi zion PSCk. Hartutako erabakia justifikatzen duen «irizpide epidemiologikorik» ez dagoela salatu zuen Miquel Iceta alderdiko idazkari nagusiak, bileraren ostean egindako agerraldian. Ez zuen zehaztu bere alderdiak hauteskundeen atzerapenari helegitea jarriko dion, baina salatu zuen Kataluniako Gobernuak baimendu egingo duela otsailean egitekoak ziren hauteskundeetara aurkeztutako hautagaitzetan aldaketak egitea. «Gauza bat da hauteskunde data aldatzea eta beste bat joko arauak aldatzea», esan zuen.

'Illa efektuari' kalte

Atzerapen bat saihesten gehien ahalegindu den alderdia da PSC. Salvador Illa egun Espainiako Gobernuko Osasun ministroa dena izango da PSCren hautagaia, eta izendapen horrek izan duen oihartzuna baliatu nahi izan dute; zenbait hedabidek Illa efektua deiturikoa. Izan ere, inkestek aurreikusten dute emaitza onak izango dituela PSCk hauteskundeetan, eta JxC eta ERCrekin lehiatzeko moduan izan daitekeela. Epe motzeko jokaldi horrek udaberrian indarra galduko duen beldur dira sozialistak.

Gogor kritikatu zuen PSCren jarrera ERCko Sergi Sabriak, eta «arinkeriaz eta zinismoz» aritu izana leporatu zien sozialistei, gainerako taldeekin lortutako adostasuna txalotzeaz gain. Antzera mintzatu zen JxCeko Elsa Artadi. Hauteskundeak atzeratzea gauzarik «zentzuzkoena» dela nabarmendu zuen, baina maiatz amaierako hauteskundeak behar bezala egitea bermatzeko neurriak eskatu zituen, hala nola hauteskunde mahaiak osatzen dituztenak ordurako txertatuta egotea.

Oposizioko taldeek ez zioten eragozpen handirik jarri gobernuaren proposamenari, baina kritikak izan zituzten kudeaketaren eta erabakia hartzeko moduaren inguruan. Proposatutako data aukeratzeko irizpide sendorik kontuan hartu ez izana egotzi zioten gobernuari CUPeko Carles Rierak eta PDeCATeko Marc Castellsek. PPkoek, berriz, adierazi zuten erabakia hartu beharra gobernuak COVID-19aren aurka egin beharrekoak egin ez izanaren ondorio dela.

Catalunya En Comu Podem hauteskundeak maiatzaren 16an egitearen aldekoagoa zen, baina atzerapen bat beharrezkoa zela nabarmendu zuten alderdiko ordezkariek. Suharragoa izan zen Ciudadanoseko zerrendaburu Carlos Carrizosa, atzeratzeko erabakia defendatzeko orduan. «Gizartearen, osasunaren, osotasun fisikoaren eta bizitzaren» alde egiten duen erabakia hartu zutela adierazi zuen Carrizosak.

Legezkotasuna, ezbaian

Hauteskundeak atzeratzearen inguruko eskumena ere eztabaidagai izan da egunotan, Juan Carlos Campo Espainiako Justizia ministroak Generalitateari horretarako eskumenik ez zuela ohartarazi ondoren. Campori erantzun zion Meritxell Budo Generalitateko bozeramaileak, esanez «bideragarria eta legezkoa» dela. Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralak atzera egin zuen herenegun arratsaldean, eta onartu atzerapena «bideragarria» dela, osasun publikorako arriskutsua izan daitekeen kasuetan.

Generalitateko Aholku Batzorde Juridikoak txosten bat egina du, pandemiaren testuinguruan hauteskundeak atzeratzeko aukera jasotzen duena. Aurrekariak dira, alde horretatik, Eusko Legebiltzarrerako eta Galiziako Parlamenturako bozak; iragan urteko apirilean egitekoak ziren, baina uztailean izan ziren, azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.