Ur lasaiak, laster bilakatzen

Irati Osak beste domina bat gehitu dio bere sarien zerrendari. Zumaiarrak brontzezko domina lortu zuen aurreko astean, Danimarkako Europako Txapelketan, K2 mailan.

pettan uralde
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Irati Osa (Zumaia, Gipuzkoa, 1997) eta piraguismoa eskutik helduta joan dira beti. 11 urte besterik ez zituela hasi zen piraguan ibiltzen, jaioterrian. Pausoz pauso bidea eginez joan zen, lehen dominak lortzen hasi zen arte. Duela astebete, brontzea eskuratu zuen Europako Txapelketan; «esperientzia ahaztezina» izan da zumaiarrarentzat. Oraindik «ilusioz» gogoratzen du lorpena. Hala ere, ez da lortu duen domina bakarra. Aurretik beste hiru irabaziak zituen Europako eta munduko txapelketetan, bere ontziarekin eta, batez ere, bere ahaleginarekin. Kirola du ardatz egunerokoan, baina lanarekin ere uztartu du. Egun, Heziketa Fisikoko irakaslea da. Uretan eta uretatik kanpo, kirolaren balioak transmititzen dizkie ikasleei, eta Europako eta munduko mapan jarri du Zumaia.

24 urte besterik ez dituen arren, piraguismoaren elitean sartu da Osa. Ez da harritzekoa, ikusita zenbat ordu eskaintzen dizkion kirol horri. Harentzat, «opari bat» da maila gorenean dominak lortzea, eta lehen eguneko ilusio berarekin heldu die erronka guztiei: «Egunero ordu asko eskaintzen dizkiot honi, eta horrek fruituak ematea eta aitortza lortzea dira kirol honen gauzarik handienak. Profesional asko daude kirol honetan, eta, nahiz eta denok asko entrenatzen garen, denek ez dute hau lortzen. Niretzat, amets bat da Europako eta munduko txapelketetako podiumetan egotea».

Osaren etxean piraguismoa arnastu egiten da, beste inon ez bezala. Pixkanaka heldu zion Osak gurasoen zaletasunari. «Zaletasuna nire gurasoengandik datorkit. Beste kirol batzuk egiten nituen moduan, piraguismoa probatu nuen, eta, hasieratik, lasterketak irabaziz joan nintzen. Horrek harrapatu ninduen. Hasieran, zaletasun gisa ikusten nuen, baina, pixkanaka, maila igoz joan nintzen, prestaketa handiagoa zen, eta lehiatzea asko gustatzen zitzaidan». Aita entrenatzaile izatea gustuko duen galdetuta, barre egin du. Hala ere, harekin oso gustura dagoela onartu du. «Gustatzen zait aita izatea entrenatzaile. Inork ez nau hark baino hobeto ezagutzen. Gainera, badaki noiz nagoen nekatuta, eta noiz eman dezakedan gehiago». Kontuan izan behar da egiten duten ahalegina handia dela, haien probak ordubete baino gehiago irauten baitu, eta ontzia uretatik atera ere egin behar izaten dute.

Osa beti ibili da bere adineko piraguistak baino koska bat gorago. Txapelketa ugari jokatu ditu piraguista zaharragoen aurka, baina ez da inoren aurrean kikildu. «Jubenila nintzela jokatu nuen nire lehenengo senior txapelketa Europan. Oso maila handiko kirolariak ziren, beste mundu batekoak, eta nik horra iritsi nahi nuen. Hala ere, ez nuen pentsatzen maila absolutuan domina bat eskuratuko nuenik». Lau domina izatea ez da edonolako marka, baina gogor saiatu da horretarako, eta gehiago nahi du: «Lan asko eginez bete ditut nire ametsak, eta aurrerantzean gehiago saiatuko naiz, domina gehiago lortzeko».

Osa lehiatzen den modalitate nagusia K2 izenekoa da. Modalitate horretan bi piraguista ibiltzen dira kayak barruan, eta Osak Arantza Toledo izaten du ondoan. Toledok 22 urte ditu, eta Cuencan (Espainia) bizi da. Espainiako selekzioarekin daudenetik, batera lehiatu dira, eta, orain arte, ezin hobeto moldatu dira: «K2 absolutua Arantzarekin batera probatu nuen lehen aldiz, eta hor iritsi zen lehenengo domina. Egia da oso urrun bizi garela, eta ezinezkoa da batera entrenatzea. Gainera, hura ikasten ari da, eta ni lanean. Normalean, maiatzera arte ezin gara batera entrenatu. Bidaiak garestiak dira, eta denbora asko kentzen digute. Baina oso koordinatuak gaude, eta ez ditugu entrenamendu asko behar ongi lehiatzeko». Osak gehitu du Toledo «bikotekiderik aproposena» dela, eta «oso gustura» dagoela harekin.

Dirua aipatu du bidaiez hitz egitean. Piraguismoaz bizi daitekeen galdetuta, berehala erantzun du: «Ezinezkoa da. Gainera, ez litzaidake gustatuko». Piraguaz bestelako gauzak egitearen garrantzia ere azpimarratu du. Harentzat, oso garrantzitsua da arnasa hartzea eta noizbehinka uretatik ateratzea. «Irakaslea naiz, eta on egiten dit piraguaz gain beste zerbait egiteak. Denbora gehiegi ematen badut piraguan pentsatzen, neure burua estutzen dut. Gogorra izaten da lanetik atera eta segidan entrenatzera joatea. Baina, oraingoz, gustura nago».

Kirolari guztiei bezala, pandemiak gogor eragin dio Osari ere. Uretatik kanpo denbora asko egon behar izan zuten.«Pandemia garaia oso gogorra izan zen. Eguneroko entrenamenduak alde batera utzi behar izan genituen, eta etxean ere ezin genuen uretan egin genezakeen antzeko ezer egin. Fisikoa landu nuen etxeko gimnasioan, baina uretako sentsazioak ezin dira lortu».

Olinpiar Jokoak, ezin

Hurrengo Olinpiar Jokoak Parisen izango dira, 2024. urtean. Baina, zoritxarrez, Osa ezingo da han egon. K2 modalitateko maratoi proba ez dago olinpiar programan. Pena ematen dio, baina esperantza ere badu etorkizunean Joko batzuetan egoteko. «Kirolari guztion ametsa da. Baina, gaur-gaurkoz, badakigu gure modalitatea ez dagoela olinpiar programan. Egia da lau urtean behin aldatu egiten direla Jokoetako probak, eta piraguismoan aldaketak egon direla azkenengo Jokoetan. Zaila da, baina ez dakigu zer gertatuko den. Prest egongo naiz badaezpada». Bitartean, munduko eta Europako txapelketekin konformatu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.