Hasi da jada distira egiten

Ligako lehen bi partidetan Realeko jokalaririk onena izan da Martin Odegaard. Lerro arteko jokoa eman die txuri-urdinei. Mallorcaren aurka, gainera, gola sartu zuen.

Martin Odegaard, Mallorcari sartutako gola ospatzen. Realarekin sartutako lehena da. REALA.
ainara arratibel gascon
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Aurreko denboraldian Realak izan zuen hutsune nagusietako bat izan zen punta erdian aritzeko jokalariren batena. Xabi Prietok erretiroa hartu eta Sergio Canales Betisera joan ostean, lerro artean jokatzeko jokalaripetorik gabe geratu zen talde txuri-urdina, eta, batez ere aurkaria atzean sartzen zenean, ezinean aritzen zen Imanolen taldea. Hegaletatik saiatu arren, kosta egiten zitzaion gol aukerak sortzea. Batez ere etxeko partida askotan geratu zen agerian hori.

Hori berriz ez gertatzeko asmotan, udan Martin Odegaard ekarri zuen, utzita, Real Madriletik (Drammen, Norvegia, 1998), eta erdilari ilehoriak sasoi-aurretik erakutsi ditu bere ahalmenak: lerro artean jokatzeko gaitasuna eta jokoa ikusteko trebezia, futbolean jokatzen hasi zenetik dituen ahalmen teknikoekin batera.

Imanolek hasieratik eman dio konfiantza. Denboraldi-aurrean, minutu gehien jokatu zuen jokalari izan zen, eta, ligako lehen bi partidetan, Valentziaren eta Mallorcaren kontra, taldeko jokalaririk onena izan zen. Mallorcaren kontra, gainera,lehiako gol bakarra sartu zuen, Espainiako Ligan sartzen duen aurrena.

Atzetik indarrez etorrita, ederki amaitu zuen Miguel Angel Moyak eta Mikel Oiartzabalek hasitako kontraerasoa. Dena den, gola bainoago, beste gauza asko eman dizkio talde txuri-urdinaren zelai erdiari. Garrantzitsuena, aipatu bezala, lerro artekoa izan da. Lehen jardunaldian, bera izan zen aurkariaren zelaian pase gehien eman zuen jokalaria: 57. Horietatik 51 ondo eman zituen.

Gainera, punta erdian jokatuta, Oiartzabalek aurrerago joka dezake, eta aurkariaren atetik gertuago egon, duen gol sena baliatzeko. Bien artean, lekua behin baino gehiagotan trukatu dute, aurkarien artean nahasmena sortzeraino, eta talde txuri-urdinari joko aukera gehiago eman dizkiote hala. Baina, horrekin batera, lana ere eskaintzen dio taldeari. Izan ere, jada ez da nabarmentzen soilik bakarkako jokaldietan. Taldeko lanaren garrantziaz jabetu da, eta presioa egiten lehenetarikoa da. Mallorcaren aurka gehien korritu zuen jokalaria izan zen: hamabi kilometro, hain zuen.

Gustura dago norvegiarra Donostian. «Egunen batean Real Madrilen jokatzea da nire ametsa,baina une honetan Reala da hazten eta ikasten segitzeko lekurik aproposena. Hasieratik erakarri ninduten taldearen jokatzeko erak eta klubaren filosofiak».

Bera tematu zen Realera etortzen. Real Madrilek, izan ere,erdilaria Borussia Dortmundera joatea nahi zuen, eta hala Txapeldunen Liga jokatzea. Baina berak nahiago zuen Realaren eskaintza onartu eta Espainiako Ligan jokatu. Horretarako garaia dela uste zuen, eta nahikoa eskarmentu duela horretarako, nahiz eta 20 urte baizik ez izan.

Beti fokupean

Izan ere, hamabost urte zituenetik fokupean egon da. Norvegiako Ligan eta hango selekzioarekin debuta egiten jokalari gazteena izan zen. Haren jokoak Europako talde indartsuenak arreta erakarri zuen: Bayern Munichena, Liverpoolena, Manchester Cityrena... Azkenean, ordea, Real Madrilek fitxatu zuen, 2015ean, bigarren taldean jokatzeko. Han, ordea, itzali egin zen haren argia. Zinedine Zidane zen orduan entrenatzailea, eta, lehen taldearekin debuta egin arren, ez zuen nahikoa konfiantza lortu. Bazirudien haren etorkizuna zapuztua zegoela.

Azken hiru sasoietan, ordea, Herbehereetako ligan, patxada topatu du berriro ere zituen gaitasunen zertzeladak erakusteko. Utzita aritu zen Heerenveen eta Vitesse taldeetan. Heerenveenekin bi denboraldi egin zituen, 43 norgehiagoka jokatu eta hiru gol sartu. Baina urrats erabakigarria aurreko sasoian egin zuen Vitessen. 39 partida jokatu zituen, 11 gol sartu, eta hamabi asistentzia banatu. Gainera, bakarkako jokoa alde batera utzi, eta taldearentzat lan egiten ikasi zuen. Orain, Realean egin nahi du distira, eta garai bateko mailan eman. Etorkizuna ez ezik oraina ere baduela berresteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.