Urteurrenak festa behar du

Eibarrek bigarren urtez segidan irabazi nahi dio Real Madrili gaur, Ipuruan. Iazko azaroaren 24an lortu zuen garaipen handia

Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Zergatik ez bigarren urtez jarraian? Zailena egin zuen aurreko sasoian Eibarrek: Real Madrili Ipuruan aurreneko aldiz irabaztea. Gaur du bigarren aukera, eta, egutegiak hala nahi izan duelako, iazko egun historikoaren antzeko data izango du gaurkoak ere. Duela urtebete, azaroaren 24an, Escalanteren, Sergi Enrichen eta Kike Garciaren golek astindu egin zuten Real Madril ahalguztiduna, eta urteurren hori gogoan jokatuko dute gaur arratsaldean.

Onetik eta txarretik du hura buruan izateak. Ona da balio izaten ari delako garaipen historiko hura berriz ere plazaratzeko; txarra, orduan irabazi izanak eta egunero gogoratzeak ez duelako inola ere bermatzen oraingoan ere gauza bera gertatuko dela. Inork baino hobeto daki hori Jose Luis Mendilibarrek: «Aurreko sasoikoa ez da erreferentzia bat gaurko, oroitzapen historikoa ez bada».

Lana gogotik eta zehatz egin beharko dute gaur ere Eibarreko jokalariek. Hori dute ezinbesteko baldintza eta oinarria aurkari ahaltsua menderatzen hasteko. Hori gabe, jai. Horregatik, Mendilibarrek jokalariei eskatu die hasieratik erabateko arretaz jokatzeko, eta ez uzteko aurkariari partidan eroso hasten:«Gaizki hasten bagara, eta haiek ondo, nahi duten bezala jokatzen, zaila izango da aurre egitea». Kontzentrazio handiaz gain, «tentsio handiz jokatzeko» ere eskatu die jokalariei;eta horrela segitzeko une guztietan, baita kanpotarrek gola sartzen badute ere. Gogoan izango du entrenatzaileak duela zenbait aste Bartzelonak eman zien astindua jokoan eta emaitzan, nahieran jokatuz, eta ez du berriz ere trantze bera pasatu nahi.

Hura baino erreferentzia hobea badu talde guztiak gaurkoari ekiteko. Hala, Vila-realen aurkako aurreko asteko partida ekarri zuen gogora herenegun Mendilibarrek: «Orduan egindakoa da bidea guretzat; partidan guk geuk agindu nahi dugu». Taldeak azken bi partidak irabazi dituenez—Vila-realekoa Ipuruan eta Leganesekoa kanpoan— ez du aldaketarik aurreikusten: «Ondo dabilena ez da ukitu behar». Onartu du azkeneko bi garaipen horiek «lasaitasuna» ekarri dutela taldera eta eguneroko lanera. Kontuan izanda gaur jokatu eta gero berriz ere liga geratu egingo dela selekzio batzuen partidengatik, geldialdira lasaitasun horrekin joatea handia litzateke. Gaur emaitza ona atera behar horretarako.

Mendilibarrek hogei jokalariko zerrenda osatu du, eta bik ikusi beharko dute partida harmailatik. Sergio eta Ramis dira jokatu ezinda dauden bakarrak. Real Madrilen kasuan, Asensio, Marcelo, Bale, Nacho eta James daude min hartuta. Zinedine Zidanek etxean utzi ditu, berriz, ondorengo jokalariak, gaurko egokiak ez direlakoan: Odriozola, Jovic eta Mariano. Hemeretziko zerrenda osatu du gaurko, eta bat geratuko da harmailan. Partidaz, ondorengoa esan du: «Ipurua zelai berezia da, txikiagoa, baina badakigu zer egin behar dugun».

EIBAR-REAL MADRIL

Eibar. Dmitrovic; De Blasis, Oliveira, Arbilla, Jose Angel; Orellana, Escalante, Diop, Inui; Sergi Enrich eta Kike.

Real Madril. Courtois; Carvajal, Varane, Ramos, Mendy; Casemiro, Valverde, Kroos; Rodrygo, Benzema eta Hazard.

Epailea. Cordero Vega.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.