Fitxaketak iritsi zain, ekin diote lanari

Alaves eta Eibar hasi dira dagoeneko hurrengo sasoia prestatzen. Gorengo mailan hazten jarraitzea dute helburu bi taldeek, eta, horretarako, oraindik lan handia dute egiteko bulegoetan

Jose Luis Mendilibar, Iñaki Bea eta Andoni Azkargorta, atzo, Atxabalpen, sasoi-aurreko lehen lan saioan. GORKA RUBIO / FOKU.
enaut agirrebengoa
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Amaitu dira oporrak. Orain ia bi hilabete bukatu zen 2017-2018ko denboraldia, eta 2018-2019koa hilabete pasatxo barru hasiko da. Hartara, heldu da prestaketa lanei heltzeko ordua. Eibarreko jokalariek atzo zapaldu zuten Atxabalpeko belarra, eta Alavesekoek herenegun osatu zuten lehen saioa Ibaian. Oraindik nagiak kendu beharrean dira, baina bi taldeek dute garbi zein izango den euren helburua sasoi berrian: mailari eustea, estutasun handirik gabe aukeran. Gipuzkoarren bost sasoi daramatzate jarraian gorengo mailan, eta arabarrek, berriz, bi. Bada, azken denboraldietako lan onari segida eman, eta elitean aurrerapausoak ematen jarraitu nahi dute bi taldeek. Txapelketari ekin aurretik, dena den, lan eskerga egin beharko dute, bulegoetan batik bat. Izan ere, dezenteko gabeziak dituzte oraindik.

Alavesek baino fitxaketa premia handiagoa du Eibarrek. Azken urteetan giltzarri izaniko hiru jokalari joan zaizkio: Capa, Dani Garcia eta Inui. Junca, Lomban eta Jovanovic ere irten dira. Horien guztien ordezkoak topatzeko badu lana Fran Garagarza kirol zuzendariak; hilabeteko epea du. Oraingoz, jokalari bakarra fitxatu du, azken bi sasoietan Bartzelona B-n aritu den Jose Antonio Martinez erdiko atzelaria. Hori horrela, datozen asteetan sekulako izen festa izango da. Dagoeneko atera dira batzuk; esaterako, azken egunetan Eibarretik gertu kokatu dute Rayoko Alex Moreno atzelaria.

25 jokalarik hasi dute sasoi-aurrea Jose Luis Mendilibarren aginduetara. Horien artean daude azken sasoietan funtsezko izan diren Enrich, Leon eta Ramis, baita iragan denboraldian maila bikaina emandako Orellana, Jordan eta Arbilla ere. Harrobiko Areitio, Pina eta Ribeirok ere hartuko dute parte lehen saioetan. Bestalde, lanera beranduago itzultzeko baimena dute Herviasek, Elgezabalek eta Millak.

Sasoi-aurrean Mendilibarren esanetara egongo den multzoa galbahetik pasatuko da denboraldia hasi aurretik. Zaldibartarrak 22 edo 23 jokalariko taldea eduki nahiko luke, eta, horretarako, irteerak egon beharko dira ezinbestean. Galvezek, Bebek eta Nanok oso aukera gutxi dute jarraitzeko, eta Calavera, Rivera eta Millaren etorkizuna ere Eibartik at egon daiteke. Nolanahi, azken hiruren gainean erabaki bat hartu aurretik, sasoi-aurrean jardunean ikusi nahi ditu Mendilibarrek.

Eibarrek bederatzi lagunarteko jokatuko ditu ligari ekin aurretik. Lehena uztailaren 17an izango du, Tudelanoren aurka, eta hiru egun geroago Realaren aurka neurtuko ditu indarrak. Uztailaren 21etik hasita zortzi eguneko egonaldia egingo du Kossenen (Austria), eta han Stuttgart, Swansea eta oraindik baieztatzeko dauden bi talderen kontra jokatuko du. Handik itzuli ostean beste hiru neurketa izango ditu, Osasuna, Huesca eta Hoffenheimen aurka.

Munirri eta Pinari itxaroten

Alavesek, berriz, 24 jokalariko multzoarekin ekin dio lanari. Horietatik hamazazpi lehen taldeko jokalariak dira, eta gainontzekoak, harrobikoak. Azken denboraldietan etengabe azalberritu da taldea, baina oraingoan ez da iraultzarik espero. Abelardo Fernandezek segituko du lemazain lanetan, iragan sasoian lan txalogarria osatu ondotik, eta ez da espero taldearen bizkarrezurrean aldaketa handirik izatea. Taldean jarraitzen dute oraingoz Pachecok, Laguardiak, Manu Garciak, Ibai Gomezek eta Guidettik. Azken hirurek ia ziur segituko dute.

Aldiz, Pacheco eta Laguardiaren kasuan, duela hilabete batzuk klubeko agintariek ez zuten baztertu atezaina eta atzelaria erakusleihoan jartzea, beste eragiketa batzuk egin ahal izateko dirua lortzeko. Atzo, ordea, Sergio Fernandez kirol zuzendariak adierazi zuen ez daudela salgai, eta fitxatu nahi dituenak etete klausula ordaindu beharko duela. Handia litzateke Alavesentzat beste defentsan Pacheco eta Laguardiaren bermea izatea beste sasoi batez. Kontrara, Munirren golez nekez gozatu ahalko du. Aurrelaria Bartzelonara itzuli zen sasoia bukatu ondotik, eta ia ezinezkotzat jo daiteke Gasteizera itzultzea. Arabarrek ez dute amore eman nahi, baina prezio altuegia du marokoarrak: Bartzelonak hamabost milioi euro inguru eskatu ditu haren truke. Pina ere berreskuratu nahiko luke Alavesek, baina horretarako ere diru zorroa dantzan jarri beharko du, erdilariak Brujasi estutu ezean.

Oraingoz Jony erdilaria eta Ximo Navarro atzelaria fitxatu dituzte arabarrek, eta bost fitxaketa gehiagorekin itxi nahiko lukete taldea sasoiari ekiteko. Bestalde, atzo iragarri zuten Katai Chicago Fireri (AEB) saldu diotela. Bederatzi partida jokatuko dituzte denboraldi-aurrean, Racing, Logroñes, Leganes, Alcorcon, Numantzia, Oviedo, Valladolid, Reala eta Huescaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.