May eta Corbyn batzartuko dira 'brexit'-aren egoera bideratzeko

Erresuma Batuko lehen ministroak aitortu du beharrezkoa dela irteera data bigarrenez atzeratzea. Europar Kontseiluko presidenteak jarrera irekia agertu du eskariaren aurrean

May Erresuma Batuko lehen ministroa eta Corbyn laboristen buruzagia, aurrez aurre, Komunen Ganberan. EFE.
ander perez zala
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Estrategia aldatu, eta oposizioko alderdi nagusiari begira jarri da Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa. «Batasun nazionala» nahi du, «interes nazionala» errespetatzeko, eta brexit-a akordio batekin gauzatzeko; haren akordioarekin. Ia zortzi ordu iraun zuen atzo Mayk ministroekin izan zuen bilkurak, eta horrek agerian utzi zuen zer edo zer garrantzitsua aterako zela bilera horretatik; Komunen Ganberak hiru aldiz eman dio ezezkoa Londresen eta Bruselaren arteko akordioari, eta, aldi berean, diputatuek ez dute alternatibarik adostu, bitan saiatu diren arren. Blokeo egoera hori ikusirik, Mayk atzo jakinarazi zuen Alderdi Laboristaren buruzagi Jeremy Corbynekin batzartu nahi duela, bien artean egoera bideratuko duen adostasun bat lortzeko. Hori bai, lehen ministroak jarri zituen negoziazio horietarako baldintzak: Europako Batasunarekin (EB) adostu duen itunaren inguruan izan behar direla, eta hizketak etorkizuneko harremanaz izango direla. Corbynek baiezkoa eman zion Mayren eskariari: «Lehen ministroarekin batzartuko naiz. Onartzen dugu mugimendu bat egin duela, eta onartzen dut nire ardura dela gure alde bozkatu zutenak ordezkatzea».

Honako plan hau proposatu dio Mayk laboristen buruzagiari: batetik, Erresuma Batuaren eta EBren etorkizuneko harremanaz adostasun batera heltzea, eta, beraz, Deklarazio Politikoa aldatzea; bestetik, horren inguruan adostasunik lortuko ez balute, harreman horri buruzko hainbat alternatiba zehaztea, gero Komunen Ganberan bozkarazteko. Hori guztia egiteko, noski, brexit-aren data atzeratu beharko litzateke, eta hala aitortu zuen lehen ministroak; beraz, irteera data —hilaren 12koa— berriz atzeratzeko eskatu ko die 27 estatu kideei datorren asteko goi bileran: «50. artikuluaren atzerapen luzeago bat beharko dugu, ahalik eta laburrena, eta [Komunen Ganberak] akordioa onartzean amaituko dena».

Martxo amaieran Europar Kontseiluak egindako proposamena oinarri hartuta, Mayk nahi du atzerapen laburra izatea; hau da, maiatzaren 22ra artekoa izatea, hilabete horretako 23aren eta 26aren artean egitekoak diren Europako Parlamenturako hauteskundeetan ez parte hartzeko.

Orain, ikusteko dago Corbynek zer eskatuko dion Mayri. Izan ere, lehen ministroak estrategia egokia erabili du, eta laboristen buruzagia zalantza baten aurrean jarri du: brexit leuna lehenetsi eta, beraz, EBtik atera, ala bigarren erreferenduma lehenetsi eta, beraz, talde komunitarioan geratzearen aldeko kanpaina egin. Kontuan hartu behar da, halaber,brexit-erako akordioa oraindik onartzeke dagoela, eta May laugarrenez saia daitekeela bozkarazten John Bercow Komunen Ganberako presidenteak uzten badio—; Corbynek defendatzen duen ideiaren aldean, irteera gogorraren aldeko tory-ek Mayren akordioaren alde egin lezakete laugarren saialdian. Laboristen buruzagiak atzo adierazi zuen «aduana batasun bat, EBren merkatu bakarrerako sarrera eta Ostiral Santuko Akordioa» defendatzea izango dela haren helburua; halere, oraindik ez dute datarik jarri, gobernuak adierazi baitzuen bien arteko bilkura «ahalik eta lasterrena» nahi duela. Lehen ministroari begira, agerraldian ez zuen azaldu haren ministroen babesik ote zuen plan horren inguruan, eta horrek atea ireki dio dimisio gehiagori, eta batasun faltan are gehiago sakontzeari.

Mayren agerraldiaren aurretik, Yvette Cooper diputatu laboristak eta Oliver Letwin diputatu tory-ak, beste hainbat diputaturekin batera, lege proposamen bat aurkeztu zuten Komunen Ganberan, gaur eztabaidatzeko eta bozkatzeko.

Hori onartuz gero, May behartuko lukete irteera data atzeratzeko eskaria egitera; baina, lerro hauek idazterako, diputatu horiek ez zuten argitu bozketari eutsiko zioten, lehen ministroak baieztatu baitzuen irteera luzatu behar dela. Datorren astelehenerako, gainera, diputatuak alternatiben inguruan hirugarrenezbozkatzekoak dira, baina ikusteko dago hori ere mantenduko ote duten Mayren adierazpenak entzun ostean.

Europaren erreakzioa

EBren aldetik, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak atea ireki zion Mayren eskariari, eta gainontzeko gobernuburu eta estatuburuei «pazientzia» eskatu zien. Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrek ez zuen ezer adierazi, eta litekeena da gaur aipatzea berritasun hori, Europako Parlamentuan eman behar duen hitzaldian.

Goizaldera, Michel Barnier EBren negoziatzaile buruak honako hau adierazi zuen itunik gabeko irteeraz: «Aukera oso handiak daude hori gertatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.