Futbola. Munduko Kopa

Irabaztea ohitura denean

AEBek ofizio handia erakutsiz irabazi diote Ingalaterrari (2-1), eta bosgarren aldiz sailkatu dira Munduko Kopako finalerako. Ingalaterrak penaltia huts egin du 82. minutuan

Irabaztea ohitura denean.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
AEBetako selekzioa jokalari bikainez osatuta dago, eta ondo merezita sailkatu da bosgarren aldiz Munduko Kopako finalerako. Sariak eta bertuteak bat egiten dute bere kasuan, edo, hobe esanda, sari asko lortu izanak dira bertutea. Alegia, kalitatea eta talentuaz gain, eskarmentua, ofizioa eta partidak kudeatzeko jakinduria du. Mila modutara deskriba daiteke, eta atzo Ingalaterrari irabazi bazion horregatik izan zen, irabaztera ohituagoa dagoelako. Ingalaterrak inoiz ez du Munduko Kopako finalik jokatu, ezta torneo handirik irabazi ere. AEBek, aldiz, hiru izar dituzte elastikoan, eta selekzioarekin 100 partidatik gora jokaturiko jokalari asko. Ingalaterrak urduri jokatu zuen finalerdia, une askotan presaka. AEBek, aldiz, erabaki zuzenak hartuz. Tenplea erakutsi zuen, jokaldiak eta kirioak kudeatuz. Distira izugarririk gabe aurretik jarri zen lehen zatian, eta bigarrenean ia ez zedin jokatu lortu zuen. Huts bakarra egin zuen, penalti bat oparitu, baina Stephanie Houghton kapitain ingelesak huts egin zuen. Presioaren lanak izan ziren.

AEBetako selekzioak oso ondo ekin zion finalerdiari, Munduko Kopako ohiturari eutsiz. Partida guztietan sartu du golen bat lehen hamabost minutuetan, eta atzo ere bai. Rose Lavellek aukera garbia huts egin zuen 3.minutuan; baina 9.enean, Christen Pressen burukada sareetara joan zen. Hasierako oldarraldiaren saria izan zen. Kelley O'Harak erdiraketa neurtua ondo baliatu zuen Pressek. Jill Bill hautatzaileak Megan Rapinoe aulkian utzi zuen ezustean. Press atera zuen haren ordez abiadura gehiagoren bila, eta apustua ondo atera zitzaion.

AEBak gehiago ziren, baina Ingalaterrak Ellen White du, ziur asko sasoi onenean dagoen Munduko Kopako aurrelaria. Hogei minutu ezkutuan egin zituen, baina area barruan ukitu zuen lehen baloia sareetara bidali zuen (1-1, 19. min.). Golerako sen bizi-bizia du Whitek, eta erdiraketa batean tartea aurkitu zuen AEBetako bi erdiko atzelarien artean. Golak min egin zien AEBei, eta Ingalaterra hazi egin zen. Atzokoan, baina, ingelesek erraztasun asko eman zituzten atzean, eta AEBek ondo baliatu zituen bigarren gola sartzeko (1-2, 30. min.). Alex Morganek sartu zuen, hau ere buruz, eta Jill Scotti area barruan aurrea hartuta. Jokaldiaren hasieran, baina, Crystal Dunn AEBetako ezker hegalekoak errazegi kontrolatu zuen 50 metroko pase loratu bat. Hor egon zen Ingalaterraren bekatua golean.

Naeher, heroia

Bigarren zatia motelagoa izan zen. AEBak atzean sartu, eta partida etengabe mozten saiatu ziren. Falta asko eginez erritmoa jaitsi zuten. Ingalaterra saiatu zen bizitzen, baina ez zuen lortu. Bi argi printza izan zituen bakarrik zati osoan, baina ez nolanahikoak. 67.minutuan Whitek gola sartu zuen, baina epaileak, VARaren laguntzaz, ez zuen ontzat eman oso gutxigatik jokoz kanpo zegoelako. Hamabost minutu geroago, aldiz, VARak lagundu egin zion Ingalaterrari (81. min.). Sauerbrunn atzelariak nahi gabe ukitu zuen White area barruan, eta hark ezin izan zuen errematatu. Penaltia zen, bideoak argitu zuen zalantza. Stephanie Houghtonek ondo jaurti zuen, baina Allyson Naeher geldiketa handia egin zuen. Hura izan zen heroia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.