Amets bat galdu, bestea bilatu

Jon Jaunarenak herenegun jokatu zuen profesionaletako azken partida, 27 urterekin. Gaziak eta gozoak izan ditu, baina eskuetako arazoek erretiroa hartzera behartu dute.

Jon Jaunarena pilotaria, Amazabal Leitzako pilotalekuko harmailetan eserita, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
H ogeita zazpi urterekin pilota uztea ez da ohikoena. Urte berean promozio mailako buruz buruko, binakako eta lau eta erdiko txapelduna izatea ere salbuespena da. Eskuko minak, ordea, eta tamalez, ohikoak dira pilotan. Jon Jaunarenak (Leitza, Nafarroa, 1992) hirurak ezagutu ditu: 2012an irabazi zituen hiru txapelak, eskuko minak gero, eta, orain, erretiroa gazte hartzearen erabaki zaila. Herenegun jokatu zuen profesionalen mailako azken partida, Leitzan, bere herrian, familia, lagun, entrenatzaile, eta kideen aurrean. Retegi Bik eta berak 22-19 galdu zuten Peio Etxeberria eta Iñigo Bikuñaren aurka.

Galdu arren, herritarrek agurra gozatu zioten, eta, txaloen artean, emaitzaren eta eskuaren mina azkar desagertu ziren Leitzako pilotalekutik. Zuriz jantziko zen azken eguna «nerbio dezenterekin» hasi zuen, partida iristeko irrikaz. «Banekien ez zela partida arrunta; herrian izanda, familiko jende asko, ezagunak eta lagunak ziren bertan»; denak Jaunarenari azken txalo zaparrada emateko gogoz. Galduta ere, garaileei baino txalo gehiago egin zioten, merezita. Behin partida bukatuta, «lasaitu ederra» hartu zuen.

Aurrelari hasi zuen pilota ibilbidea, 2010ean, Tolosan, baina 2016az geroztik atzelari aritu zen. Aspe enpresaren proposamena onartu, eta goitik beherako buelta eman zion bere ibilbideari.«Egokitze prozesua kosta egin zitzaidan, baina gero maila ona lortu nuen». Eskuko minaren ondorioz, baina, zaildu egin zen atzelari izateko igarobidea. Halako metamorfosia egin eta gero, maila onean hasi zen Jaunarena. Baina komeria guztiak pasatu eta gero, gozatzen hasia zela, eskuko minak itzuli ziren.

Horrela laburbildu ditu azken urteetako gorabeherak: «Iaz ordezko aritu nintzen Lehen Mailako binakakoan, Irribarriarekin, eta nahiko ongi aritu nintzen. Gero, Bigarren Mailakoan, Peio Etxeberriarekin, partida asko jokatu nituen, eta gozatu nuen. Baina, azken hilabeteetan, egoera okertu egin da. Eskuko minak izaten hasi nintzen, eta ez nuen ongi jokatzen, ez nuen hobekuntzarik ikusten, eta, azkenean, erabaki hau hartu behar izan dut». Uda honetan, esaterako, hiru partida jokatu ditu bakarrik.

Minak min, Jaunarenak beti izan ditu gertu familiako kideak eta lagunak, eta erretiratzeko erabakia hartzean haien babesa sumatu du.«Etxekoek sufritzen ari nintzela ikusten zuten, eta beti babestu naute. Gustura ez egoteko, ez zuen merezi jarraitzea». Familia bakarrik ez, behin aurkari izandakoak ere alboan zituen Leitzan. Besteak beste, Erik Jaka Aspeko pilotaria eta Jokin Etxaniz Aspeko tekniaria han ziren, bere kide eta lagunaren agurra ikusten. Haiek ere ulertu dute erabakia: « Jonek kirolaren bi aurpegiak ikusi ditu, arrakasta eta porrota», gogoratu zuen Jakak: «Erabaki hau hartu du, eta guk babestu egiten dugu. Berarekin gaude, eta on guztia opa diogu». Etxanizek ere indarra bidali zion: «Berak hartutako erabakia izan da. Oso gustura ibili gara berarekin orain arte, eta onena opa diot». Jaunarenak eskertu egin du enpresakideen babesa: «Enpresan aurkariak dira, baina beti daude laguntzeko prest».

2012a, urte bikaina

Bukatu da bederatzi urteko profesional ibilbidea, eta balantze gazi-gozoa egin du: «Hasieran, 2012ko hiru txapelekin, asko gozatu nuen. Gero, denetik eduki dut. Lehen Mailako txapelketan partida on batzuk jokatu nituen, etabeste batzuk ez hain onak. Oro har, balantzea ez da izan nik nahiko nukeen bezalakoa. Baina ona hartuko dut gogoan, irabazitako txapelak, eta pasatu ditudan zortzi urte horiek». Bere ibilbide laburrean 335 partida «bakarrik» jokatzeko zortea izan du. Horietatik 173 irabazi ditu, eta 162 galdu, eta, bere palmaresean, 2012ko hiru txapelez gain, 2018ko Bigarren Mailako txapeldunorde izana ageri da. Ordurako, atzelari postuan jokatzen zuen.

Bi egun baino ez dira igaro pilota utzi zuenetik, eta ez du asmo berririk oraingoz. «Ez dut ezer finkorik; egun batzuk lasai hartu nahi ditut, atseden hartu. Gero, ikusiko dugu». Amets bat bukatu zaio, bestea hasteko: «Momentu honetan ez dut ametsik; pilota gehiago ez daukadanez, ez dakit. Orain amets berriak bilatzea tokatzen zait». Ibilbidea amaituta, esker ona baino ez du mundu guztiarentzat: «Oso polita izan zen agurra. Denek jarri zuten zerbait beren partetik. Ez dut eskerrak ematea besterik». Profesionaletan ez, baina ez da arraroa izango bera pilotan ikustea Leitzako pilotalekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.