Putin bere agintaldia 2036ra arte luzatzeko proposamenaren alde agertu da

Errusiako Parlamentuak neurriaren alde bozkatu du, eta estatuburua auzitegien iritziaren zain geratu da. Herritarrek apirilaren 22an bozkatuko dute konstituzioaren erreforma

YURI KOCHETKOV / EFE.
ander perez zala
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Vladimir Putin Errusiako presidenteak agintean jarraitzeko aukera izango du. Konstituzioaren erreforma onartzeko eguna izan zen atzo Errusiako Parlamentuan, eta, ezustean, Putinen alderdiko diputatu batek proposatu zuen herrialdeko presidente karguak dituen mugak kentzea, agintariak aukera izan dezan datozen bozetara aurkezteko eta agintean segitzeko 2036ra arte. Putin horren alde agertu zen, eta parlamentuak baiezkoa eman zion neurriari, aldeko 380 botorekin eta kontrako 43rekin.

Proposamenaren berri jaso eta berehala, Errusiako presidentea parlamentura joan zen, handik ezohiko adierazpen bat egiteko. Diputatuen aurrean, adierazi zuen ez dagoela ideia horren kontra, baina oraingoz ezin duela babestu. Zehazki, Auzitegi Konstituzionalak eta herritarrek horri buruz zer esango duten zain geratuko da —erreferenduma dute apirilaren 22an—, eta, iritziak baiezkoa badira, onartu egingo duela aldaketa. Horrek, hortaz, modua emango lioke 2024ko hauteskundeetara aurkezteko.

Berez, Putinen azken agintaldia da hau, 2018an hasi eta 2024an amaitzen dena, legeak ez baitio modua ematen boterean segitzeko —hamabi urteko bi agintalditan dago muga—. Proposaturiko zuzenketa onartuta, kontagailua zeroan jartzea bezala balio du: «Zuzenketa indarrean sartu den unean. bi agintaldiko mugak ez dio galarazten presidente karguan egon denari hautagai gisa aurkeztea presidentetzarako bozetan».

«Estatu egonkor eta indartsu batean, agintari aldaketa beharrezkoa da garapenarentzat. Oraindik gauza politak egingo ditugu 2024ra arte, eta orduan ikusiko dugu zer gertatuko den. Printzipioz, aukera hori egitea posible litzateke, baina baldintza batekin», adierazi zuen Errusiako presidenteak diputatuen aurrean. Denera, Putinek hogei urte egin ditu herrialdeko agintean: 1999tik 2008ra, presidente karguan; 2008tik 2012ra, lehen ministroaren karguan; eta 2012tik, berriz presidente karguan.

Urteotako eztabaida

Putinek boterean jarraituko ote zuen, eta, hala gertatuz gero, nola; horixe izan da urteotako eztabaida Errusian eta nazioartean. Konstituzioaren erreforma proposatzean, Putinek adierazi zuen ez zuela halakorik nahi, aldaketa horiek ez zirelako berari buruzkoak; Valentina Terexkovaren—espaziora bidaiatu zuen lehen emakumezkoa izan zen— atzoko proposamenak, ordea, agerian utzi du erreformen ezkutuko helburua agintean jarraitzeko mekanismoak ahalbidetzea izan dela, beste hainbat auziren artean.

Terexkovaren arabera, beharrezkoa da presidente karguan dagoenak «segurtasuna» transmititzea, eta, horretarako, «autoritate morala» duen presidente «indartsu bat» egotea karguan: «Egiazki, hau ez da hari [Putini] buruzkoa; guri buruzkoa da, Errusiako herritarrei eta haien etorkizunari buruzkoa. Zertarako egin egitura artifizialak? Denak gardena eta zintzoa izan behar du». Atzoko proposamenen artean bazegoen datorren urtean egitekoak diren parlamenturako hauteskundeak aurtengo irailera aurreratzea, baina Errusiako presidenteak ezezkoa eman zion aukera horri.

Auzitegi Konstituzionalak oraingoz ez du jakinarazi noiz ebatziko duen Putinen agintaldia luzatzea ahalbidetzen duen zuzenketaz; halere, apirilaren 22ko datak eragina izango du egutegian, hori egin aurretik eman beharko baitu iritzia. Putinen agintaldia luzatzeaz gain, herritarrek konstituzioari egindako beste hainbat aldaketaz ere eman beharko dute iritzia —atzo 169 zuzenketa onartu zituzten—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.