Diskurtso baten ondorioa

Txilen azken asteburuetan migratzaileen iritsieraren aurka egindako manifestazioek kezka eragin dute etorkinen giza eskubideak defendatzen dituztenen artean.

Irailaren 25ean Iquiquen (Txile) egindako manifestazioan su eman zioten migratzaileen kanpaleku bati, eta haien ondasunak erre zituzten. JOHAN BERNA / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Sebastian Piñera buru duen Txileko Gobernuaren «politika xenofoboez» ohartarazten ari ziren, Immigrazioaren Koordinakunde Nazionaleko Catalina Boschen esanetan. Horrenbestez, migratzaileen kontra azken bi asteburuetan Iquique hirian, herrialdearen iparraldean, egindako manifestazioek eta horietako baten amaieran izandako istiluek ez dute ezustean harrapatu Txilen etorkinen eskubideen alde lan egiten duen elkarteko bozeramailea. Hori bai, protestetan parte hartu dutenen bortizkeriak kezkatzen du. «Ezin dugu esan gertakari bakanak direnik, baina hainbesteko bortizkeriara heldu gabe geunden». Piñerak berak «kategorikoki» gaitzetsi zituen gertakariak: migratzaileen kanpaleku bati su eman zioten manifestariek Iquiquen, joan den irailaren 25ean.

Papergabe gehienak Boliviatik sartzen dira Txilera, eta muga igarota Colchane herrira ailegatzen dira. 1.500 bat biztanle dauzka, eta COVID-19ak eragindako pandemia hasi zenetik, areagotu egin da hara paperik gabe iristen direnen kopurua. Herria kolapsatuta dago, eta tentsioa handia da. «Gure segurtasuna bermatzeko, ekintza argiak eskatzen dizkiogu gobernuari», kexatu zen, joan den astean, Javier Garcia Colchaneko alkatea. Rodrigo Delgado Barne ministroak adierazi zuen muga «indartuko duela», baliabide eta pertsona gehiagorekin, «Txilen klandestinoki sartu nahi dutenei bidea mozteko». Asteon iragarri dute migratzaileentzako kanpalekuak eta aterpeak eraikiko dituztela Colchanen eta Huaran.

Erabaki horietatik harago, Boschek uste du «xenofobia eta arrazakeria handiko tokiak» daudela Txilen eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetan. «Kolonizazioak eta historiak utzitako aztarnengatik gertatu da hori; handitzen ari dira horiek Piñeraren gobernuarekin».

Migratzaile gehiago ez lelopean egin zuten irailaren 25eko mobilizazioa. Poliziaren arabera, 5.000 pertsona inguru bildu ziren. Amaieran, migratzaileen kanpaleku bati eraso egin zioten —3.000 bat papergabe daude Iquiquen, gehienak venezuelarrak—, eta haien koltxoiak eta umeen jostailuak erre zituzten, besteak beste. «Behin hori eginda, ez da zailapertsona bat hiltzea hurrena. Elementu inplizituak eta esplizituak konbinatzen badituzu, giro egoki bat sortzen da herritarrek modu horretan erantzun dezaten», salatu du Boschek. Alegia, gertatu zena diskurtso jakin baten ondoriotzat hartzen du.

Datorren azaroaren 21erako presidentetzarako hauteskundeak deituta daude Txilen, eta migratzaileen eskubideen aldeko elkartekoak ez daki gobernuaren nolabaiteko jarrera aldaketa lotuta dagoen bozetan botoak lortzeko ahaleginarekin; aterpeak aginduz, esate baterako. «Baina guk beste mota bateko erantzunak nahi genituzke, modu irregularrean daudenen egoera legeztatuz, adibidez». Hamaika aldiz adierazi diote gobernuari migratzaileekin lan egiten duten elkarteekin hitz egin beharko lukeela gertatzen ari dena konpontzeko planteamendu bat egitekoan. «Alferrik, ordea; eta ez dirudi, gainera, gertatuko denik. Alde horretatik, ez da aurrerapausorik eman».

Ikerketen Txileko Poliziaren datuek diotenez, aurtengo urtarrila eta uztaila bitartean 23.673 papergabe identifikatu zituzten; hau da, iaz urte osoan atzemandakoen %40. Herrialdean sartzeko bisa eskaeretan jarri du arreta Boschek: «Txilek Venezuelari eman zizkion bisak eskaerekin konparatuz gero, oso gutxi dira». Datu ofizialen arabera, Txilen bizi diren migratzaileen artean venezuelarrek osatutakoa da talderik handiena (%30,5), 500.000 bat lagun, eta jarraian perutarrak (%15) eta haitiarrak (%12) daude.

Immigrazio legea, oztopo

Txilera iritsitako migratzaileen kopurua nabarmen hazi zen aurreko hamarkadan, baina Piñera bigarrenez presidente izendatu zutenetik, 2018tik —2010etik 2014ra ere egon zen karguan—, haren helburua immigrazio lege berri bat onartzea izan da. Joan den apirilean eskatu zuen, eta, presidentearen beraren hitzetan, «etxea txukuntzeko» asmoarekin. Boschen ustez, legeak «kontraesan asko» ditu. «Diskurtsiboki, migratzaileen giza eskubideen ikuspegitik dago pentsatua, baina praktikan, migratzaileen kriminalizazioa bilatzen du: kanporatzeak planteatzen ditu, eta ez papergabeen legeztatze politika bat. Migrazioari lotutako trabak gainditzen lagundu beharrean, horiek areagotu egiten ditu».

Kanporatzeak aipatu ditu Immigrazioaren Koordinakunde Nazionaleko bozeramaileak. Txileko Gobernuak iragarri zuen, joan den apirilean, aurten 1.500 bat papergabe deportatuko zituela, hamabost hegalditan. Jesuiten Migratzaileentzako Zerbitzuak dioenez, apirilera arte 294 pertsona deportatu zituzten. Human Rights Watchek ziurtatu du ekainean 125 kanporatu zituztela, beste hegaldi batean.

Txileko Auzitegi Gorena deportazio horien aurka agertu da zenbait ebazpenen bidez, eta hori ez da gobernuaren gustukoa izan. «Botere judiziala kategorikoa izan da. Kanporatze askotan ez da legea betetzen». NBE Nazio Batuen Erakundeak berak horretaz ohartarazi du.

Boschek espero du immigrazio politika datozen hauteskundeetarako hautagaien agendan egotea. «Askotan baztertu egiten da, polemika eragin dezakeen gai bat baita». Baina batez ere herrialdean konstituzio berri bat izateko abiatutako prozesuan du fedea. Datorren urtean da bozkatzekoa, eta aktibistak azpimarratu du bermatu beharko lituzkeela «errefuxiatu estatusa duten eta emigratzen duten pertsonen giza eskubideak». Modu horretan, haren ustez, horiek ez dira egongo «bateko edo besteko gobernuaren menpe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.