Libia, aldaketa baterako bidean

Hamar urte bete dira gaur Muammar Gaddafi Libiako burua zena hil zutenetik. Presidentea aukeratzeko hauteskundeak egitekoak dira abenduaren 24an.

Muammar Gaddafi 1969tik 2011ra Libiako buruzagi izandakoaren argazki hautsi batzuk Naluten (Libia), 2011ko otsailean. CIRO FUSCO / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Orain dela hamar urte ez zen giro Libian. Beste arabiar herrialdeetan bezala, matxinada bat zen martxan, eta hangoak Muammar Gaddafi boteregabetzea zuen helburu, are hura suntsitzea. NBE Nazio Batuen Erakundearen ebazpen batek ahalbidetuta, berez zibilak babesteko asmoa zuen operazio militar bat ari zen egiten NATO Afrika iparraldeko herrialde hartan. Eta Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko miliziek testuinguru nahasi hori baliatu zuten 1969az geroztik Libiako agintari bakarra izandakoa hiltzeko, haren jaioterrian, Sirten. Duela hamar urte gertatu zen, gaurko egunez.

Mendeku itxura ere izan zuen hilketak, koronel ahalguztidunaren, aro baten sinboloaren gorpua bost egunez jendearen aurrean erakutsi baitzuten ondoren. Basamortuan lurperatu zuten, sekretupean, eta Libia «askea» aldarrikatu zuen Kontseilu Nazionalak. Baina, azkeneko hamar urteotan, batez ere indarkeria eta ezegonkortasuna gailendu dira Afrikan petrolio erreserba handienak dituen herrialdean. Behin Gaddafi hilda, boterea hartzeko borroka lehertu zen, eta, —atzerriko esku hartzeen eraginpean— batez ere bi alderen artekoa izan den ia hamar urteko gerran, 8.000 pertsona baino gehiago hil eta 15.000 bat zauritu ziren. Huts egindako estatu bat da Libia, txikituta dagoena. Iazko urritik, baina,NBEk hauspotutako elkarrizketa esparru baten barruan adostutako su-eten bat dago indarrean, eta joan den martxoan trantsiziorako batasuneko gobernu bat eratu zuten gatazka militarri eta krisi ekonomikoari aterabidea emateko intentzioarekin. Hauteskundeak egiteko lege bat onartu zuen legebiltzarrak urri hasieran, eta presidentetzarako bozak abenduaren 24an dira egitekoak. Libia, hortaz, aldaketa baterako bidean dago.

Nolanahi ere, kostata heldu dira oraingo abagunera. Gaddafiren hilketaren ondoren herrialdearen kontrola bereganatzeko izandako borroketan alde batek ezin izan zuen bestea garaitu, eta, horrenbestez, bi gobernu izan dira 2014az geroztik. Ipar-mendebaldea GNA Batasun Nazionaleko Gobernuak izan du kontrolpean, eta Tripolin zuen egoitza. Fayez al-Serraj zen lehen ministroa; NBEren onarpena zeukan, eta hainbat miliziaren babesa. Ekialdea, berriz, LNA Libiako Armada Nazionalaren menpe dago, eta Khalifa Haftar militarra du buru —herrialdearen zati dezente handiago bat du kontrolpean—.

NBEren Segurtasun Kontseiluak gatazka konponbidean jartzeko eta batasuneko gobernu bat osatzeko ebazpen bat onartu zuen 2015eko abenduan ere, bi aldeen oniritziarekin. Ia sei urteren ondoren gorpuztu zuten gobernu hori. Eta tartean atzerapauso nabarmenak eman izan dira asmo hori lortzeko bidean. 2019ko apiriletik 2020ko ekainera, gerraren unerik larrienetako batzuk izan zituzten, Haftar buruzagi militarrak Tripoli hartzeko erasoaldia egin zuenean.

Urtebete pasa geroago, bi aldeek menia bat sinatu zuten Genevan (Suitza), eta NBEk Libiako Elkarrizketa Politikorako Foroa sortu zuen, trantsiziorako gobernua osatze aldera.

Geopolitikoki jokaleku garrantzitsua da Libia, eta bi aldeek nazioarteko potentzien babesa eduki dute. NBEk aitortutako gobernuarekin lerratu dira Mendebaldekoak, eta Haftarrek Errusiaren, Egiptoren eta, besteak beste, Arabiar Emirerri Batuen laguntza eduki du. Hain zuzen, ekialdean, buruzagi militar historikoak kontrolpean duen eremuan daude herrialdeko petrolio hobirik handienak.

Petrolioaren ustiaketaren bidez lortutako diruari esker, Gaddafiren agintaldi politikoki errepresiboan garai joriagoak izan zituzten libiarrek. XXI. mendearen hasierako lehen hamarraldian, esate baterako, biztanleko barne produktu gordina kontinenteko handiena zen. Gerrak egoera guztiz irauli zuen, ordea. Argi etenak kronikoak dira, azpiegiturak kaltetuta daude, eta inflazioa oso handia da.

Egoera horretan dira egitekoak hauteskundeak. Oztopoak oztopo, bozak dira nazioartearen lehentasuna. Eta, horien atarian, bada kontuan hartzeko aldagai bat: ustelkeriaren mamuari aurre egin beharko diotela. Izan ere, NBEk filtratutakoaren arabera, legebiltzarrean trantsizio gobernuaz bozkatu zutenean, joan den martxoan, botoak erosi zituen Abdul Hamid Mohamed Dbeibah lehen ministroak. Hori bera aintzat hartuta, zenbait adituk hainbat komunikabidetan adierazi dute hauteskundeetara aurkeztutako aldeen partetik arazoak egon daitezkeela emaitzak onartzerakoan, horretarako eskarmentua falta dela iruditzen baitzaie.

Migratzaileen egoera

MSF Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak duela bi aste salatu zuenez, urriko aurreneko astean 5.000 bat migratzaile atxilotu zituzten Libiako polizia indarrek. Azken urteotan, iheslarien egoera asko zaildu da haientzat Europarako sarbide nagusia den herrialdean. Italiak eta Libiak, Al-Serrajen gobernuak, akordio bat sinatu zuten 2017an. Erdialdeko Mediterraneoko ibilbidea ixtea zuen asmo Erromak, eta, horrenbestez, Libiako kostazainei baliabideak eman zizkien errefuxiatuentzako atxilotze zentroak finantzatzeko.

NBEk salatu du atxilotze gune horietan ez dituztela errespetatzen migratzaileen giza eskubideak: torturatu egiten dituztela, bortxatu. Michel Bachelet erakundearen giza eskubideen goi mandatariak joan den maiatzean aurkeztutakoikerketaren arabera, «EBk [Europako Batasunak] finantzatzen ditu» kostazainak.

AP Associated Press berri agentziak 2019aren amaieran kaleratutako txosten batean zioenez, EBk 380 milioi euro inguru emanak zizkion Libiari migrazio bideak ixteko, jakin arren diru hori milizien esku geratuko zela giza trafikorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.