Lerro bihurriaren argi-ilunak

Markel Alberdik 2016ko Rioko Olinpiar Jokoen ondoren utzi zuen igeriketa, antsietate arazoengatik. 'The Line' egitasmoa jarri du abian, osasun mentalari tabua kentzeko.

Markel Alberdi igerilari ohia eta The Line egitasmoaren sortzailea, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Telebistaren pantailaren bestaldetik inbidiaz begiratzen diote askok goi mailako kirolariari; are gehiago Olinpiar Jokoen distirak dena zipriztintzen duenean. Heroiak dira. «Errealitatea, ordea, guztiz bestelakoa da. Ez da erraza. Asko kentzen dizu. Nahiz eta zuk hautatu duzun bide bat izan, sakrifizio handia egin behar duzu helburuak betetzeko, eta, askotan, ez dira lortzen. Hori aski ez, eta mentalki ezin dituzu ahultasun zantzuak erakutsi». Markel Alberdi igerilari ohiaren aitortza da (Eibar, Gipuzkoa, 1991). Hori guztia ikusarazteko sortu du The Line proiektua.

Alberdirentzat, 2016ko Rioko Olinpiar Jokoak mugarria izan ziren. «Amaiera», hobeto esanda. Jokoetan lehiatu eta gero utzi baitzion igerilari profesionala izateari. «Profesionala edo. Zer da profesionala izatea? Horretaz ez nintzen bizi, diru laguntza jasotzen nuen arren. Kirolari profesionala izateko, munduko onenetariko bat izan behar duzu».

Alberdik iraganean zeraman eguneroko bizitza «erabat desberdina» zen. Madrilgo Blumeko Goi Errendimenduko Zentroan bizi zen. «Igerilekuan eta gimnasioan, zazpi-zortzi orduko entrenamenduak egiten nituen egunero, eta, gero, ikasi. Horretarako bizi nintzen. Nik nahi nuen mailan aritzeko egin behar nuen zerbait zen».

Urte asko zeramatzan bizitza «abiadura handian» eramaten, eta buruan zulo beltz bat handitzen ari zitzaion, apurka-apurka. Antsietate arazoak izan zituen, eta, «jabetzen ez» zela, osasunean ondorio kaltegarriak jasaten ari zen eibartarra. «Ezin nuen lorik egin, eta animoz oso makal nengoen. Pisua ere asko galdu nuen. Ez nintzen pozik bizi, eta horrela ezinezkoa zen ondo aritzea». Barrua txikituta eta lehertuta zeukan.

Harik eta buruak «nahikoa» zela esan zion arte. «Ezin nuen horrela segitu. Gainezka eginda nengoen, eta mentalki oso nekatuta. Igerian ez nuen gozatzen, eta ez neukan ezertarako gogorik». Alberdi «berandu» jabetu zen bizitzen ari zenaz. «Eta berandu eskatu nuen laguntza ere». Riora joan baino sei hilabete lehenago, kirol psikologoarengana joateko erabakia hartu zuen. Hori bai, Jokoei uko egitea ez zitzaion inolaz ere pasatu burutik. «Egoera apur bat iraultzen saiatu ginen, arazoa gehiago handitu ez zedin».

Kirolari batentzat icerbergaren punta da Olinpiar Jokoetan aritzea. Alberdik aitortu duenez, antsietate arazoak izan arren, Rion igaro zituen bi asteetan «gozatu» egin zuen. «Esperientzia ederra izan zen». Baina bat jarri dio bizipen horri. «Buruz eta emozionalki ez nengoen ondo, arazoa apur bat gaindituta zegoela uste nuen arren».

Behin, Jokoetako hodeitik jaitsia zela, etxera itzuli zen, atseden hartzeko. «Igeriketa alde batera uzteko erabakia hartu nuen, burua lasaitzeko lagunduko zidala uste bainuen». Baina ez zen hala izan. Kosta egin zitzaion ohiko bizimodura egokitzea. «Horren erritmo azkarrean bizitzeari utzi eta kolpe batez dena uzten duzunean, alderdi asko aldatzen dira: egunerokoa, motibazioa, identitatea...». Antsietate krisia pairatu zuen bigarrenez. «Psikologoarengana jo nuen, izandako aldaketa horiek guztiak beren tokira eramateko eta ohitzeko». Lagunak eta familia beti izan zituen ondoan. «Baina gidatuko eta zuzenduko ninduen norbait behar nuen: psikologoa». Horretarako, beharrezkoa iruditzen zaio osasun mentalari tabua kentzea. «Gizarteratu gabe badago, askoz ere zailagoa da arazo horri irtenbidea aurkitzea».

Zaletasunetik sortuta

Igeriketa utzi zuenetik, guztiz bestelako bizimodua darama Alberdik. Donostian bizi da, eta Fagor enpresan egiten du lan, Arrasaten (Gipuzkoa), komertzialen arloan. «Lan orduetatik kanpo, lagunartean egon eta kirola egiten dut». Zer kirol? «Crossfit-a, astean hirutan». Eta igerilekura? «Ez naiz joaten. Nahiago dut beste kirol diziplinetan aritu». Pandemia lehertu aurretik murgildu zen azkenekoz igerilekuko uretan. «Igerian ordu erdi egiten nuenean, aspertu egiten nintzen. Ez zeukan zentzurik helburu finkorik gabe igerian egiteak».

Ingeniaritza Mekanikoko ikasketak egin zituen, eta, «hobby» modura, ordenagailuan diseinatutako irudiak sortzen dituen makina bat erosi zuen. Tresna hori gai da egurra, beira eta plastikoa mozteko. Zaletasun horretatik, «kasualitatez» pieza bat egin nahi izan nuen. «Ikasketetan eta eliteko igeriketan bizi izan nuenarekin identifikatuta sentiaraziko ninduena: igaro nituen zailtasunak, antsietatea, bizitzako ikaskuntzak...». Produktuaren logoak iraganekoa bete-betean irudikatzen du: igerilekuko kale bat egin zuen, uraren hondoan egoten den lerro eta guzti. Lerro hori, ordea, zuzena izan beharrean, bihurria da. «Lerro zuzen horren gainean ordu asko igaro ditut, baina argi ikusi dut nire kirol ibilbidea ez dela lerro zuzen bat izan».

Udan bururatu zitzaion ideia, eta burutazio hori finantzaketa kolektiboko plataforma batean islatzea izan zuen lehen egitekoa. Kanpaina urrian jarri zuen martxan, eta egitasmoa aurrera ateratzeko 2.500 euroko diru bilketa egin behar zuen. «3.200 eurora heldu ginen azkenean». Ordutik, produktuak sortzen eta bidaltzen dihardu, pixkanaka-pixkanaka. «Horren atzetik ordu asko daude: sormena, produktuaren ikus-entzunezkoetako hedapena, plataforma sortzea, elikatzea...». Funtsean, helburua da osasun mentalaren gaiari «ikusgaitasun handiagoa» ematea. «Bultzadatxo bat eman nahi nion kontu honi, oraindik tabua baita horretaz hitz egitea».

Azken urteetan, gero eta kirolari gehiagok eman dute jasan izan dituzten osasun arazoen berri; hala nola Sandra Piñeiro Orioko arraunlari ohiak, Naomi Osaka tenislariak, Simone Biles gimnastak, Michael Phelps igerilariak... «Kirolariaren gainetik gizakiak dira, eta, eurek onartzen badute, guztion mesederako izango da», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.