Iazko balentria dute akuilu

Athleticek Superkopako finalerdia jokatuko du gaur Atletico Madrilen aurka, Saudi Arabian. Marcelinoren ustez, sasoi honetan aurrekoan baino talde «hobeagoa» du esku artean

Iñaki Williams, baloia kontrolatzear, aurtengo denboraldian Atletico Madrilen aurka jokatutako ligako partidan, Wanda Metropolitanon. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Athleticek loria dastatu zuen iazko urtarrilean Espainiako Superkopa irabazita, Bartzelona garaitu ostean. Bada, zuri-gorriek duela urtebete egindako balentria handia errepikatzeko abagunea dute aurten ere. Bizkaiko taldeak bi pausora du titulua bigarrenez jarraian irabazteko aukera, laugarrena bere historian. Horretarako, baina, Superkopako finalerako sailkapena banatuko duen partida gainditu beharra dauka. Zuri-gorriek ez dute lantegi erraza izango; iazko ligako txapelduna izango baitute gaur kontrario finalerdietan: Atletico Madril. Lehoiek letaginak ongi zorroztuak dituzte tronua babesteko.

Superkopako lauko finala Saudi Arabian jokatuko da, Riad hiriburuko Fahd Erregea estadioan. Espainiako Futbol Federazioak duela bi urteko bideari jarraitu dio —Asiako herrialde horretan lehiatu zen, Jidda hirian—, eta 2029ra arte ere bertan jokatuko da. Federazioaren jokaldia argia da: txapelketa Saudi Arabiara eramatearen truke diru kopuru esanguratsua patrikaratzea; hots, 30-40 milioi eurorainoko irabaziak, bertan jokatzen den aldiro. Zaku horretan sartuko lirateke txapelketan parte hartzen duten lau taldeak ere. Athleticen kasuan, lehiaketan egote hutsagatik bi milioi euro irabaziko ditu; finala irabaziz gero, hiru milioi euroko poltsa hartuta itzuliko litzateke astelehenean Euskal Herrira.

Jokalari bat edo beste zintzoki mintzatu dira esanez Superkopa Saudi Arabian jokatzeak ez daukala ez hanka, ez buru; Raul Garcia Athleticeko jokalaria, kasurako. Zeharka bada ere, Iñigo Martinezek bere iritzia eman zuen atzo, partidaren atariko prentsaurrekoan: «Geure jarraitzaileen aurrean jokatzea gustatuko litzaiguke. Halere, hori guztia ez dago geure esku, federazioaren esku baizik, hura baita erabakiak hartzen dituena. Gure eginbeharra futbolean jokatzea da. Athleticek ordaintzen dit niri, eta klubaren esanetara nago».

Kirol arloan, bederen, ilusioa hizki larriz idatzi zuen Ondarroako atzelariak. «Titulua berriz etxeratu nahi dugu». Aurkariaren inguruan galdetuta, aitortu zuen Atletico Madril ez dagoela bere sasoirik onenean. Alta, zuhurtziaz mintzatu zen Martinez. «Atletico Madrilek azken urteetan beti izan du talde ona. Errespetua galduz gero, geure kalterako izango litzateke. Partida zaila izango da, eta dena eman beharko dugu». Espainiako taldeak duen oldarkortasuna nabarmendu zuen: «Azken minutura arte borrokatzen dira, gu bezalaxe». Lehia bakarrera izanda, argi esan zuen edozeinek irabaz dezakeela: «Ez dago faboritorik».

Marcelino Garcia Toralek, berriz, harrotasun hitza goratu zuen ororen gainetik komunikabideen aurrean: «Harro gaude ligako edota Europako hiru talde indartsuenekin batera titulu bat lehiatuko dugulako. Anbizio handia dugu». Teknikari asturiarrak 2021eko urte hasieran hartu zuen Athleticen gidaritza, eta handik bi astera lehen arrastoa utzi zuen klub zuri-gorrian, Superkopa irabazita. Bada, Marcelino hau esatera ausartu zen: «Sasoi honetan aurrekoan baino talde hobeagoa dut. Horrek ez du esan nahi, ordea, garaipena bermatuta daukagula, ez horixe».

Marcelino Athleticen aulkian dagoenetik hirutan jokatu du Atletico Madrilen aurka: behin irabazi, behin berdindu, eta behin galdu. Entrenatzailearen iritziz, lehia horiek «estuak» izan dira, eta gaurko demak ere joera bera izango duelakoan dago. «Partida estua izanik, ate aurrean izango ditugun aukera apur horietan asmatu beharra dugu».

Vencedor eta Nuñez gabe

Marcelinok ez du zelaian izango azken boladako euskarria, Unai Vencedor. Oier Zarragak edo Mikel Vesgak bete dezakete haren lekua. Yuri Berchiche, Ander Capa eta Asier Villalibre zerrendara batu dira. Atletico Madrilen kasuan, Stefan Savicek eta Antoine Griezmannek ez dute jokatuko, eta Luis Suarez zalantzazkoa da. Irabazleak Real Madril izango du aurkari finalean. 2-3 irabazi zion atzo Bartzelonari luzapenean, lehen finalerdian.

ATLETICO MADRIL-ATHLETIC
Atletico Madril. Oblak; Llorente, Felipe, Gimenez, Hermoso, Carrasco; Koke, Kondogbia, Lemar; Correa eta Joao Felix.
Athletic. Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Balenziaga; Berenguer, Zarraga, Dani Garcia, Muniain; Raul Garcia eta Iñaki Williams.
Epailea. Cuadra Fernandez.
Ordua. 20:00 (Vamos).
Lekua. Fahd Erregea estadioa (67.000 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.