Reinaldo Iturriza. Venezuelako ministro ohia

«Chavismoaren klase politikoa berritu beharra dago»

Reinaldo Iturrizak 'El chavismo salvaje' liburua (Chavismo basatia) idatzi berri du. Mugimenduaren «kontaketa erromantikoetatik» urrundurik, beharrezko ikusten du oinarrietara begiratzea.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Iosu Alberdi.
2017ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Reinaldo Iturriza (Bolivar, 1973)Venezuelako ministro ohia da, Komunetako eta Gizarte Mugimenduetakoa lehenik (2013-2014), eta Kulturakoa ondoren (2014-2016). Euskal Herrian hainbat hitzaldi ematera etorri da, Askapena erakunde internazionalistak eskatuta. Venezuelako egungo egoeraren inguruan aritu da BERRIArekin. Izan ere, Dominikar Errepublikan negoziazio mahaia abiatzekoak ziren atzo Venezuelako Gobernua eta oposizioa. Herritarrak urteko hirugarren hauteskundeen zain ere badaude, abenduaren 10ean egingo baitituzte udal bozak, oposizioko alderdi nagusien parte hartzerik gabe.

Gobernuaren eta oposizioaren arteko negoziazio mahaia martxan jarri da gaur [atzo] Dominikar Errepublikan. Zer helbururekin hasi da?

Nicolas Maduro presidenteak abiapuntutzat jo duena, gatazka politikotik haratago, oposizioak indarkeriaren bidea baztertzea da. Gobernuaren funtzionamendu normala oztopatzeaz gain, gizarteari eragiten dio horrek. Izan ere, oposizioaren zati bat elkarrizketa politikoa trabatzen saiatu da, eta orain arte lortu du.

Eta zer eskatzen du mahaian eseriko den oposizioak?

Oposizioak, besteak beste, Hauteskunde Batzorde Nazionalaren bestelako osaera bat eskatzen du, euren alderdiek leku gehiago izan dezaten. Horretarako, ordea, Venezuelaren aurkako zigor ekonomikoei amaiera ematea beharrezkoa dela azaldu du presidenteak. Chavismoaren aurkako klase politikoak AEBetako prokontsul gisa funtzionatu du, Venezuelaren aurkako esku hartzea sustatuz; nazioarteko zigorretan ikusi da hori. Halakoak eten egin behar dira.

Negoziazioak hasi eta berehala, aurtengo hirugarren hauteskundeak egingo dira Venezuelan: udal hauteskundeak, abenduaren 10ean. Nola iritsiko da gizartea?

Politikoki, egoera mugitu batetik gatoz. Egia esan, mugitua eufemismo bat da. Azken hilabeteetan, inoiz ez bezalako indarkeria egoera bat izan dugu, eta hori asko esatea da Venezuelan. Ekainaren 30eko [Batzar Nazional Konstituziogilerako] hauteskundeekin, horri buelta ematea lortu genuen. Gero, Batzar Konstituziogileak gobernaziorako hauteskundeak aurreratu zituen, urriaren 10era. Oposizioak ez du inoiz bat egin Batzar Nazional Konstituziogilearen erabakiarekin, eta boikot egin zien hauteskundeei. Jende askok ezin izan zuen bozkatu, batez ere oposizioak indarra duen lurraldeetan.

Hauteskunde hauetan, ordea, gauzak bestelakoak izango dira.

Oraingo honetan, oposizioko alderdi nagusietako ordezkariak ez dira aurkeztuko; ez, behintzat, alderdien babesarekin. Horrek egunean jartzeko modua ematen digu, gure alkateak aukeratzekoa. Erraza da aurreikustea chavismoak alkatetzen gehiengoa eskuratuko duela. Orain, 2018ko presidentetzarako hauteskundeen inguruan ere hitz egiten hasi da herria. Duela aste batzuk urrun ikusten ziren.

Zergatik ez dira aurkeztu, zure ustez?

Hainbat alderdik presidentetzarako hauteskundeetan kontzentratzeko erabakia hartu dute, zerrenda bateratu bat osatzeko. Batzar konstituziogilea porrot handi bat izan zen eurentzat, eta gobernazioetako hauteskundeetara bananduta joan ziren. Hainbat kasutan horregatik ez zuten irabazi. Chavismoaren aurkako askok ere abstentzioaren alde egin zuten. Lehen aldiz, iraultza bolivartarra hasi zenetik, oposizioko alderdien aurkako zigor-boza ikusi zen, euren oinarrien aldetik.

Komunen garrantziaren inguruan hitz egiten duzu zuk; horiek dituzu benetako oinarritzat.

Komunak instituzionalismo berriaren adierazpena dira. Alkatetzak, berriz, konstituzioak onartzen duen eskalarik txikiena. Hori formalki horrela da, baina benetan ez da hala. Komunak, eta aurretik kontseilu komunalak, hau da, herriaren autogobernua, dira jendearengandik gertuen daudenak. Batzar konstituziogilearen desafiorik handiena komuna horiek legalki onartzea da. Lurraldeetan ere tentsio erlazio bat sortzen da, herriaren autogobernuaren eta alkatetzen artean. Hainbat alkateren kudeaketak ez dira autogobernuaren dinamika horiek onartzearen aldekoak. Udal autoritateak aukeratu beharra dago, baina iraultza bolivartarraren oinarria maila bat beherago zehaztu da, herritarrengandik gertuago.

Batzar Konstituziogilerako hauteskundeek eragin handia izan dute egungo egoeran.

Batzar Konstituziogilea eratu zen unean Venezuela aldatu zen, indarkeria gelditu zen. Aurreko hilabeteetan egunerokoa jasan ezina zen. Ez ziren manifestazioak, erasoak ziren, eskolei, autobusei, elikagai almazenei... Hori ikusia genuen, baina jendea erretzen ere hasi ziren, inoiz ikusi gabekoa. Beldurra zegoen kalean. Agian hori zen nahi zutena. Batzar konstituziogilearen eraketarekin amaitu zen hori. Chavismoaren aurkako hainbat sektorek ere bozkatu zuten, indarkeriarekin ados ez zeudelako. Ondoren, indar hartu dutenak zigor ekonomikoak izan dira.

Aurrera begira, nola ikusten duzu egoera?

Ezin zaio eutsi. 2018ko presidentetzarako hauteskundeak funtsezkoak izango dira. Chavismoak irabazten badu, baldintza oso onean egongo gara erresistentziarako. Egoera politiko egonkorrago bat lortu nahi da, erabaki eraginkorragoak hartu ahal izateko. Orain arte, defentsarako posizio bat izan dugu, erasoa oso oldarkorra izan baita.

Egoera onean al dago chavismoa presidentetza hauteskundeei begira?

Duela sei hilabete baino hobeto gaude. Arazo ekonomikoa hain handia da, badirudiela presidentetzarako hauteskundeak ekiditea dutela helburu. Halere, lehen egoera ekonomiko zailari indarkeria gehitu behar zitzaion. Politikoki lekua irabazi dugu, hauteskundeek mesede egin digute.

Benetako chavismoa aipatzen duzu zure liburuan. Zer da benetako chavismo hori?

Chavismoaren esentzialismoa ekidin behar da, kontaketa erromantikorik ez egin. Horrek chavismoa ulertzea zailtzen du. Mugimenduaren aniztasuna azpimarratu behar da. Liburuan planteatzen dut aniztasun hori aitortzeko eta ezagutzeko beharra: boterea eta politika ulertzeko. Barruan mugimendu erreformistak daude, baina baita erradikalki demokratikoak direnak, iraultzaileagoak. Horregatik, mugimenduaren kontrolerako ere barne eztabaidak sortzen dira, prozesu iraultzaile guztietan bezala. Hugo Chavez komandantea jada ez dago. Lider ukaezina zen, guztiak biltzen zituena. Bera gabe, eztabaida hori beste era batean agertzen da.

Badira egungo gobernuarekin bat egiten ez duten adarrak ere.

Noski, baina presidentearen figuraren harira, errekonozimendu orokor bat dago, berak eginiko esfortzuagatik. Halere, jasandako egoeraren kostua ere berak ordaindu du. Hainbatek pentsa dezakete beste norbaitek izan beharko lukeela hautagai. Nire ustez Madurok jarraitu behar du lider gisa. Batzar Konstituziogilerako hauteskundeak deitzean, barruko hainbat sektorek publikoki agertu zuten euren ziurgabetasuna, eta azkenean erabaki egokia izan zela ikusi da. Chavismoak oinarri sozial oso zabala du, baina bere klase politikoa berritzeko beharra dago. Hori ulertzeko bezain inteligenteak izan behar gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.