Baikortasun neurtuarekin

Ampo Ordiziak ligako finalerdiak jokatuko ditu larunbatean, El Salvadorren aurka, Valladoliden. 2012an iritsi zen azkenekoz

Ampo Ordiziako jokalariak entsegu bat ospatzen, Burgosen aurkako iragan igandeko partidan. I. GURRUTXAGA / GOIERRIKO HITZA.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ampo Ordiziak Espainiako Ohorezko Mailako lehen finalerdia jokatuko du larunbatean, El Salvador ahaltsuaren aurka, Valladolideko (Espainia) Pepe Rojo estadioan (17:30). Goierriko taldea 2012an iritsi zen azkenekoz finalerdietara, elkartearen aro loriatsuenean, eta «arrakasta» horrek ezinbestean piztu du Iñigo Marotias entrenatzailearen ilusioa (Ordizia, Gipuzkoa, 1989). «Baikorra izatea dagokit, jokalariek transmititzen baitidate baikortasun hori. Guk zazpi profesional bakarrik ditugu; besteentzat denbora asko kentzen dien zaletasun bat da hau, eta egunero ilusioz entrenatzen ikusten ditut. Gose direla ikusten dut; horregatik naiz baikorra».

Ordiziak sasoi oso ona egin du, eta horren ondorio da finalerdietara iritsi izana. «Helburua hori zen, baina oso helburu zorrotza jarri genuen», zehaztu du teknikariak. «'Gure' ligako aurrenekoak izatea zen helburua. Laugarren postuan bukatuta, lortu dugu, eta bide batez final-laurdenak etxean jokatzea ere bai». Iragan igandean jokatu zituzten, eta 38-31 irabazi zuten Burgosen aurka.

Finalerdia, baina, beste kontu bat izango da, El Salvadorrek lehen postuan bukatu baitzuen liga, eta titulua irabazteko hautagai nagusia baita. Hala ere, Marotiasen baikortasunak badu oinarri objektiboa: etxeko emaitza. Ligan El Salvadorren zelaian jokaturiko partidan, Ordiziak egurra hartu zuen (51-10); Altamiran, aldiz, berdindu egin zuten (13-13). «Horrek erakusten du ezustekoa eman dezakegula. Badakiguzaila dela, baina, gure jokoa eginez gero, izango ditugu aukerak».

Kanpoko partida hartan, Ordiziak hutsune asko izan zituen, eta hasi eta berehala okertu zen.Etxekoan, aldiz, orekari eutsi zion. «Gure onenean geunden, eta partida serioa egin genuen. Defentsan arriskatzea gustatzen zaigu, eta Burgosen aurka huts batzuk egin genituen. Larunbatean ezin ditugu egin. El Salvadorren aurka hutsak egiten baditugu, garesti ordainduko ditugu».

Oreka da Marotiasek nahiko lukeena; sinatuko luke, ez baitio beldurrik bi taldeen arteko eskarmentu aldeari. «Haiek gehiago dute, ohituagoak daude halakoetara, baina eskarmentua jokatuz hartzen da. Seinale ona litzateke guretzat une erabakigarrira berdinduta iristea».

El Salvadorrek, zelaiaz gain, atsedena izango du alde, hilabete baitarama jokatu gabe. Ordiziak, aldiz, bazekien zein izango zen finalerdietako aurkaria. Eta litekeena da Valladoliden ez poztu izana Ordizia sailkatu delako. «Ez gara aurkari erosoa inorentzat: 'Ez dira oso handiak, baina gogorrak dira hauek', esaten dute. Hiru urte daramatzan oinarri bat dugu, eta harreman estuaz gain, automatismo asko ditugu barneratuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.