Arrauna

Hor zeuden, eta hemen daude

Arraun Lagunak taldeko arraunlariak pozik joan ziren atzoko entrenamendura, bezperako garaipenaren olatuaren gainean. Euskotren ligako buruan dira, Oriorekin berdinduta, bandera bana irabazi eta gero. «Gurea egiten badugu, gai gara», diote.

Arraun Lagunak traineruko kideak, garaipena ospatzen, herenegun, Lekeition. ARITZ LOIOLA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Irabaztea baino erregai hoberik ez du arraunlariak lanean serio-demonio jarraitzeko. Gainera, garaipen hori traineru denboraldiaren hasieran lortzen bada, konfiantza hartzen du, prestaketako lan luzeak zerbaiterako balio izan duela gehiago sinesteko. «Ondo hastea garrantzitsua izaten da», zioen atzo Nagore Claramuntek (Donostia, 1986), Arraun Lagunak taldeko arraunlariak, asteleheneko entrenamendua hasi baino lehen. Irribarrea zen nagusi denen aurpegian, igandean bandera irabazi eta gero Lekeition (Bizkaia), Euskotren ligako bigarren saioan.

Oriorekin berdinduta dago Arraun Lagunak, baina azken estropadan irabazle izan zenez, buruan da. Bandera irabaztea ezustea izan ote zen galdetuta, ezezkoan daude Claramunt eta Patxi Olabe entrenatzailea: «Guk bagenekien gurea egiten badugu udan hor ibiliko garela, eta hemen gaude». Entrenatzaileak beste baieztapen indartsu hau ere gehitu du: «Iaz baino azkarrago dabil aurten trainerua, eta datu zehatzek emandako informazioa da».

Ibili zen azkar, bai, Lekeition, eta batez ere poparean. Ziabogan, Oriok lau segundo atera zizkion, eta ematen zuen banderak bazuela jabea. Donostiarrek ez zuten hori pentsatu, ordea: «Gure gabezietako bat irteera izaten da, eta, gainera, Orio oso indartsu atera ohi da. Behin irteera emanda, gure abiadura hartuz joaten gara, eta Lekeition horixe egin genuen», adierazi dute Claramuntek eta Olabek. Patroiak izaten du arraunlarien animoari goian eusteko ardura nagusia, eta Andrea Astudillok (Zierbena, Bizkaia, 1999) ondo bete zuen lana kanporanzko luzean atzetik zihoazenean: «Ikusten nuen Orio joan egin zela pixka bat, baina urruti ere ez zegoen. Ziabogara, ahal dela, harekin batera iristea zen asmoa. Ez genbiltzan urruti, eta ez genuen burua galdu».

Oinak lurrean

Bigarren luzean, buru ona, indarra, abiadura, arraunkera eta kale ona —Arrauneko kideek hala aitortu zuten atzo— erabili zituzteninor gutxik espero zuena lortzeko. Olabek honela ikusi zuen ontzi motordunetik taldearen erreakzioa: «GPS gailua ari zitzaigun esaten jaisten ari zela Orioren aldea, eta bi segundora geundela. Gureak zirela pentsatu nuen». Talde barruan, berriz, borroka lekuan, Claramuntek nahikoa zuen berearekin: «Istriborrean nindoan ni, eta ezin, bada, Orio ikusi, ababorretik zetorrelako, baina Andreak esandako hitz magikoek eman zidaten berri ona». Astudillo patroiak ondorengo hau esan zien arraunlariei Orioren gainera joan zirenean: «Ondarroan bezala, bandera». Iaz Ondarroan (Bizkaia) liga honetan irabazitako bandera ekarri zuen gogora patroiak, eta «talde guztiari sekulako jaikialdia eman zigun», azpimarratu du Claramuntek.

Garaipenak ez ditu beren lekutik aterako. Asteburuan Galizian izango dira, Coruñako eremu zabalean, eta badakite lanean serio jarraitu behar dutela. Bidea zein den garbi adierazi dute entrenazaileak, patroiak eta arraunlariak: «Guk gurean segitu behar dugu, harrotu gabe, eta burua hotz. Gure lanak emango digu zerbait gehiago; hori gabe, jai daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.