Berea egin du Roglicek

Etapa eta lidergoa lortu ditu esloveniarrak Espainiako Vueltako erlojupeko luzean. Txikitu egin ditu aurkariak, eta alde handiarekin iritsiko da mendiko azken etapetara. Quintanak 3.06 galdu du

Berea egin du Roglicek.
enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Kolpe handia eman zuen atzo Primoz Roglicek (Jumbo Visma) Espainiako Vueltan, Paue (Okzitania) inguruan jokatu zen bakarkako erlojupekoan erakustaldia eginda. 36 kilometroko saio gorabeheratsua zen, aukerakoa esloveniarrarentzat, eta ez zuen hutsik egin. Etapa eta maillot gorria eskuratu zituen, eta, hori gutxi balitz bezala, alde handiak, ia erabakigarriak, atera zizkien aurkariei: 1.29 Tadej Pogacarri (UAE), 1.38 Alejandro Valverderi (Movistar), 2.00 Miguel Angel Lopezi (Astana) eta 3.06 Nairo Quintanari (Movistar).

Roglicek berea egin zuen, Quintanak ez bezala. Haren kasuan, bereak egin zuela esan daiteke. Lider iritsi zen, baina maillot gorriak ez zion, antza denez, adorerik eman. Aurreikuspenik txarrenak ere gainditu zituen, eta, hala, lasterketa irabazteko ia aukera oro galdu. Hiru minutuko atzerapena du orain sailkapen nagusian, Pogacar gazteak duen ia berbera: 3.05. Lopezek eta Valverdek, berriz, 2.11 eta 1.52ko atzerapena dute. Hots, dena alde du Roglicek lehen itzuli handia irabazteko. Oraindik mendiko etapa gogorrak gelditzen zaizkio, baina txirrindulari segurua da, lasterketako igotzaile onenen pare dabil, eta Italiako Giroan baino talde sendoagoa du inguruan.

Etaparen lehian, Remi Cavagna (Deceuninck) izan zen erlojuari astindua ematen lehena, 47.32ko denborarekin. Ondoren, Patrick Bevinek (CCC) bi segundoan ondu zuen frantziarraren marka. Zeelanda Berrikoak tinko eutsi zion lehen postuari, harik eta Roglic azaldu zen arte. Esloveniarrak hegan egin zuen lehen 24 kilometroetako maldetan, eta denborarik onena ezarri tarteko bi mugarrietan. Amaierako ordekan ere abaila batean joan zen, eta, azkenean, 25 segundoan hobetu zuen Bevinen denbora.

Oilarren arteko borrokan, berriz, hanka batekin nagusitu zen Roglic. Pogacarrek nahiko ondo eutsi zion lehen mugarrian 21 segundo bakarrik galdu zituen, baina behera egin zuen gero. Valverdek, berriz, ia 40 segundoko atzerapena zuen hamabigarren kilometroko mugarrian, eta minututik gorakoa Quintanak eta Lopezek. Erlojupekoak sufrikario izan ohi dira bi kolonbiarrentzat, eta atzo ere larri ibili ziren. Lopezek itxura duinagoa eman zuen azken zatian, baina Roglicek aurreratu egin zuen helmugatik 400 metrora.

Euskal ziklisten artean, Ion Izagirre (Astana) izan zen onena: 24. sailkatu zen, 2.56ra. Sailkapen nagusian, berriz, Mikel Nieve (Mitchelton) dago hobekien kokaturik; 12. postuan, 8.52 galduta.

Gaurtik etzira Euskal Herrian

Lasterketa Euskal Herrian sartuko da datozen egunetan. Hasteko, 180 kilometroko etapa jokatuko da gaur Donapaleu eta Urdazubi artean. Ibilbide aproposa topatuko dute ehiztariek, hainbat muino eta hiru mendate puntuagarrirekin: bigarren mailako Izpegi 7,2 kilometro eta %7,1 eta hirugarren mailako Horkaitz 4,9 kilometro eta %6,1 eta Otxondo 7,6 kilometro eta %4,7. Tropelak, ziurrenik, lasai hartuko du eguna, baina lasterketa azkenekoz Urdazubira iritsi zeneko utzikeriarik gabe. Izan ere, 2016an ia 34 minutuko atzerapenarekin helmugaratu zen onenen multzoa.

Biharamuneko etapa, berriz, Los Arcosko zirkuituan hasi eta Bilbon bukatuko da. 171,4 kilometro ditu, eta bi zati oso ezberdin. Lehen 125 kilometroak lauak dira oro har; hirugarren mailako Azazeta da zailtasun bakarra 5,4 kilometro eta %3,7. Alabaina, azken 45 kilometroek klasiko itxura dute, hirugarren mailako Urruztimendi 1,5 kilometro eta%12,5, Ganguren 4,5 kilometro eta %7,4 eta Arraizekin 2,6 kilometro eta %10,6. Arraizek helmugatik 7,5 kilometrora du gaina; beraz, bertan erabaki daiteke etapa. Litekeena da garailea iheslarien artean egotea. Tropelean ez da kontrol hertsirik izango, eta azken mendatean hasiko dira mugitzen.

Ostiraleko etapak Bilbon izango du hasiera, baina berehala aterako da Euskal Herritik, Kantabriarantz (Espainia) jotzeko. Machucos tentean egongo da helmuga 6,5kilometro eta %10,4.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.