Eskatzen hasita baino hobeto

Natxo Monrealek larunbatean jokatu zuen estreinako neurketa Realarekin, eta, partida ona egiteaz gain, bere lehendabiziko gola egin zuen talde txuri-urdinarekin.

Natxo Monreal, Atletico Madrili sartutako gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Zaleek gutxien espero zutenean iritsi zen Natxo Monreal (Eskirotz, Nafarroa, 1986) Donostiara. Realeko zuzendaritzak aspaldiko helburua zuen hura fitxatzea, baina, sasoia Arsenalekin hasi ostean, bazirudien desioa betetzea ezinezkoa izango zela klub txuri-urdinarentzat. Merkatua ixtear zela, ordea, aldatu egin zen egoera. Unai Emery Arsenaleko entrenatzaile hondarribiarrak oniritzia eman zion Monreal Realera joateari, eta irailaren 2an atzelari nafarra aurkeztu zuen Realak. Egun hartan, Jokin Aperribai presidenteak esan zuen «aspaldiko nahia» zela hura fitxatzea, eta «jokalari garrantzitsua» izango zela. Lehendabizikoa jakina zen, eta bigarren esana asmatzeko bidean da klubeko agintari nagusia.

Eskatzen hasita lortzea zaila izango zen estreinakoa egin zuen Monrealek iragan larunbatean. Ligako laugarren jardunaldian jokatu zuen bere lehen neurketa, eta ondo moldatu zen atzeko lerroko ezker hegalean. Ez hori bakarrik; gol bat sartu zuen, partidako bigarrena, eta hari esker berretsi zuen Realak Atletico Madrilekiko erakutsi zuen nagusitasuna.

Jokalariak berak aitortu zuen ez zuela halako hasierarik espero: «Inolaz ere ez nuen imajinatuko ligara gisa honetara itzultzerik. Oso gustura nago garaipenarengatik; liderraren aurka hutsean utzi dugu atea, eta gainera gola sartu dut. Zoratzen nago».

Eskatzen zioten huraxe egin zuen futbolariak Atletico Madrilen aurka. Talde gaztea du Realak, eta atzeko lerroak ere esperientzia urriagoa du Raul Navasek eta Hector Morenok kluba utzi ostean. Taldeari pisua eman zion larunbatean; une oro nola jokatu asmatu zuen, eta ez zuen inolako estutasunik igaro. Erasoan ere ondo moldatu zen Mikel Oiartzabalekin, eta nabaritu zen Europako talderik garrantzitsuenetako batean aritu dela orain artean.

Monrealek debuta egin aurreko neurketetan, donostiarrek uste baino gehiago sufritu zuten ezker hegaletik. Zenbait gol sartu zizkioten alde horretatik, eta premia bazuten nola edo hala ixteko. Horretarako izugarri ondo etorri zaie Monrealen laguntza; erakutsi du sasoiko dagoela oraindik. Eraso distiratsua duen taldeari atzean sendotasuna eskaintzeko xede horretan erakutsi zuen 33 urte izan arren futbola oinetan duela luzarorako.

Aihen Muñozen aurretik

Monrealen etorrerak erabat aldatu du Realeko atzeko lerroko ezker hegalaren irudia. Orain artean, Aihen Muñozena zen postua, baina Atletico Madrilen aurkakoa harmailatik ikusi behar izan zuen harrobiko jokalariak. Aldaketa esanguratsua izan zen , Aihen Muñozek beti jokatu izan baitu izan baitu iragan sasoian debutatu zuenetik. Badirudi, gaur-gaurkoz, jokalari beteranoak aurrea hartu diola hamaikakoan egoteko lehian.

Halaber, Kevin Rodriguesi ere eragin dio egoera aldaketak. Lehen jardunaldian Realarekin aritu zen Valentziaren aurka, bost minutu jokatuta, baina ez da gehiago ariko denboraldi honetan. Izan ere, Monrealen eta Aihen Muñozen aldeko apustua egin du Imanol Alguacilek, eta Leganesera utzita joan da baionarra.

Alabaina, Kevin Rodriguesek oraindik ez du jokatu Espainiako taldearekin. Batetik, arazo fisikoak izan ditu, eta, bestetik, postua bereganatzeko lehia estua du Jonathan Silvarekin. Orain artean, argentinarrak jokatu du gehien ezker hegalean, baina, Leganesen egoera txarra tarteko —azkena da ligako sailkapenean—, litekeena da aurki Realak utzitako jokalariak bere lekua aurkitzea.

Monreal sei urteren ostean itzuli da Espainiako Ligara. Osasunarekin egin zuen debuta, 2006-07ko denboraldian, eta 144 partida jokatu zituen gorritxoekin, harik eta Malagak fitxatu zuen arte. Polemika piztu zuen salmenta hark, harrobiko jokalaria izanik, baina Malagaren urterik onentsuenetan aritzeko aukera izan zuen. 2013ko urtarrilean egin zuen jauzi Arsenalera, eta zazpi denboraldi egin ditu Londresen. «Etxera» itzultzeko gogoak ekarri du Realera, eta bikaina suertatu zaio estreinaldia. Ez du erraza izango partida denetan hala aritzea, baina, gehienetan halako maila eskaintzeko gai bada, Realak harekin asmatu duen seinale izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.