Izar bat Mintxetako zelaietan

Hellen Obiri kenyarra da etzi Elgoibarko Krosean ariko den atletarik distiratsuena. Iaz, irabazi egin zuen, eta, ondoren, munduko txapeldun izan zen krosean eta 5.000 metrokoan. Zigor Diez antolatzaileak eta Maitane Melero atletak Obiri goratu dute .

Hellen Obiri, ahalegin betean, iaz, Elgoibarko Krosean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Luxu hutsa da hura bezalako atleta bat gurean lehiatzea». Zigor Diezek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1981) ezin du ezkutatu zein pozik dauden Elgoibarko Mintxeta atletismo taldeko kideak Hellen Obirik (Nyangusu, Kenya, 1989) Juan Mugerzaren Nazioarteko Krosean bigarren urtez jarraian parte hartuko duelako. Iaz aritu zen estreinakoz Mintxetako zelaietan, eta erakustaldia eman zuen. Bi hilabete geroago, berriz, kroseko munduko txapeldun izan zen.

Diezek argi du Obiri Elgoibarren aritzeak «mesede handia» egingo diola probari. «Obirik jende pila bat mugitzen du, mundu mailako izar bat da. Oso zaila da hura gertutik ikustea, eta Elgoibarren bitan ikusiko dugu. Oso zortekoak gara». Eta nola lortu dute hura bezalako atleta puska bat berriz erakartzea? Bada, «lan asko» eginda. «Oso argi genuen berriro nahi genuela gurean, eta ahalegin handia egin dugu. Oso garestia da hura bezalako izar bat ekartzea, baina ez dugu burua galdu. Bagenekien noraino irits gintezkeen. Zorionez, lortu dugu helburua, eta, horretarako, bai Obirik, baita guk ere jarri dugu gure partetik. Apustu handia egin dugu, baina ziur gaude merezi duela».

Diezek azaldu duenez, kenyarrak «oso kontuan» hartu du iazko esperientzia. «Batetik, berak esan izan dit oso gustura aritu zela; eta, bestetik, prestaketa moduan, ezin hobeto atera zitzaion apustua, gerora munduko txapeldun izan baitzen krosean eta 5.000 metrokoan. Horregatik, iaz dena zein ondo atera zitzaion ikusita, aurten ere prest azaldu da etortzeko. Ea udan Tokioko Olinpiar Jokoetan irabazteko balio dion».

Krosean bikain moldatu izanagatik ere, pistako 5.000 metrokoa da Obiriren probarik kutunena. Aspaldi geratu zen aurkaririk gabe distantzia horretan: urrezko domina irabazi du azken bi munduko txapelketetan —Londresen, 2017an; eta Dohan, iaz—, eta garaipena lortu du Diamantezko Ligaren azken hiru ekitaldietan. Azken Munduko Txapelketan, Dohan, 14.26.72ko marka egin zuen. Inork ez zuen horren azkar korri aurretik jokatutako hamasei ekitaldietan. Markarik onena, hala ere, askoz hobea du, ia zortzi segundo hobea: 14.18,37. Erroman egin zuen, 2017an. Lau atletak besterik ez dute hark baino denbora hobea. Etiopiarrak dira guztiak. Beraz, bera da inoizko kenyarrik onena, eta hori asko esatea da.

Pistan eta krosean bikaina, eta pista estalian beste horrenbeste. Behin izan da munduko txapeldun 3.000 metrokoan —2012an, Istanbulen (Turkia)—, eta beste behin txapeldunorde —2014an, Sopoten (Polonia)—. Hain zuzen, Obiri da Kenenisa Bekele Etiopiako atleta handiarekin batera, pistan, pista estalian eta krosean maila nagusiko munduko txapeldun izan den bakarra.

Erditu osteko lan gogorra

Ama izan eta gero lortu du hori guztia. 2015ean jaio zen haren alaba. Erditu baino bi hilabete lehenago aritu zen kirola egiten. Gero, erditzean, zesarea egin zioten, eta zazpi hilabetez egon zen entrenatu gabe. 23 kilo hartu zituen. «Lanak izan nituen kilo horiek jaisteko. Baina pixkana-pixkana lanean hasi nintzen, eta gorputzak ondo erantzun zuen. Azkenean, lortu nuen helburua: 72 kilotik 49ra jaistea, eta sasoiko jartzea». Ametsetako itzulera izan zuen, zilarrezko domina irabazi baitzuen Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetan. Vivian Cheruiyot herrikideak aurrea hartu izan ez balio, balentria epikoagoa izango zen.

Maitane Melero (Iruñea, 1983) Obirirekin lehiatuko da Elgoibarren. Kenyarrak bezala, hark ere haur bat du, 4 urte betetzear dena, eta horregatik azpimarratu du Obirik egiten duenak «meritu handia» duela. «Oso zaila da entrenamenduak eta amatasuna kontziliatzea. Nik, behintzat, lanak ditut biak egiteko. Denbora falta zait. Ezin duzu egin zuk nahi duzuna, besteen mende zaudelako. Ez dakit nola moldatuko den Obiri, baina, kanpotik ikusita, sekulako meritua du, harena goi-goi mailako lehia delako. Ni baino makina bat koska gorago dago».

Melero ez da inoiz lehiatu Obirirekin. Iaz, Elgoibarren aritzekoa zen, baina gripeak jota, uko egin zion parte hartzeari. Etzi izango du aukera, eta aitortu du «ilusio handia» egiten diola. «Obiri superizar bat da. Sekulako ohorea da hura ariko den lasterketa berean parte hartzea. Atleta puska da, beste galaxia batekoa. FutbolekoMessi da, onena bere distantzian. Gozamena da hura korrika egiten ikustea: gaitasun fisiko ikusgarria du, eta teknika ederra».

Horregatik, bai Diezek, baita Melerok ere, deia egin dute jendea Mintxetara joan dadin. «Ziur» dira «ikuskizun ederra» izango dela. Makina bat atleta bikain ariko da, eta haien gainetik bat: Obiri, izarrik distiratsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.