Ilun zegoena argituz doa

Zehaztu dituzte errugbiko maila nagusiko hasiera datak, zazpi hilabetez geldirik egon ostean. Ampo Ordizia eta Getxo urriaren 24an hasiko dira; Eibar, abenduaren 12an.

Eibar errugbi taldeko jokalariak, batuta, aurreko denboraldiko bigarren mailako norgehiagoka batean. EIBAR ERRUGBI TALDEA.
Mikel O. Iribar.
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Aurtengo errugbi denboraldia egingo dela jakin berritan, hasperenak dakarren lasaitasuna sentitu dute Iñigo Marotias Ampo Ordiziako entrenatzaileak (Ordizia, Gipuzkoa, 1986) eta Getxoko Ander Calvo (Getxo, Bizkaia, 1996) eta Eibarko Asmae Ourdi (Errachidia, Maroko, 1996) jokalariek. Errugbia kirol ez-profesionala izanda, Espainiako Federazioak zalantza ugari zituen ea bideragarria izango ote zen lehiaketa egitea, izurriaren eraginez. Zailtasunak zailtasun, ilun zegoena argitu dute.

Zazpi hilabeteren ondoren, baloi obalatua airean ikusi zen Altamiran, Ampo Ordiziaren eta Gernikaren lagunarteko partidan, baita Hernaniko Landare Toki berdegunean ere, Getxoren aurkako neurketan. Inoizko denboraldi-aurrerik luzeena egin dute, eta jokatzeko «irrikaz» zeuden errugbiko jokalariak. «Jokatzea zer zen ahaztua genuen», atera zaio barrutik Calvori. Jokalariek azken hilabete «gogor» horietan egin duten lana txalotu du Marotiasek. «Sasoia mantentzeko euren etxeetan egin duten esfortzua ikaragarria izan da; meritua dute». Batak zein besteak «saritzat» hartu dute norgehiagoka jokatzea.

Baina denek ez dute liga hasi aurreko lagunarteko neurketa jokatzeko aukerarik izan. Ez, behintzat, Eibarrek. Ourdik ez du ezkutatu lehiatzeko falta handia sumatzen dutela. «Lan saioetan egiten ditugun neurketetan taldekideen aurka ez ditugu plakaketak egiten, eta jokoaren erritmoa ere motelagoa da». Hala, liga hasi baino lehen partidaren bat jokatzea beharrezkotzat jotzen du, «dena emateko», maila nagusian estreinakoz ariko baitira.

Hain zuzen, gizonezkoen liga urriaren 24an hasiko da, eta, iaz bezala, bi euskal talde arituko dira gorengo mailan. Aurtengoan, ordea, Ampo Ordiziaz gain, Getxok hartuko du Hernaniren lekua, igotzea lortu baitu. Calvok eta haren taldekideek zuhurtziaz ekingo diote txapelketari. «Badakigu lan handia egin beharko dugula aurkariei gauzak zail jartzeko».

Atzo jakin zuten noren aurka jokatuko duten lehen jardunaldian. Ordiziarrek Independienteren kontra jokatuko dute. «Denboraldi oro aldaketa asko egiten dituen talde bat da, eta beti kanporaketak jokatzeko borrokan egoten da». Getxoztarrek, berriz, Alcobendasen aurka neurtuko dituzte indarrak: «Txapelketak irabazteko lehian egongo da. Baina ondo etorriko zaigu halako aukari gogor baten aurka hastea. Dena eman beharko dugu».

Osasun krisiaren eraginez, ligako formatuan aldaketak egon dira; besteak beste, lehen itzulia soilik egingo dute: gizonezkoetan hamaika neurketa. Neurketa horiek jokatutakoan, bi multzotan banatuko dituzte taldeak; lehen seiak titulurako lehiatuko dira; besteak, aldiz, jaitsierako postuak saihesteko. Marotiasek azaldu duenez, ohiko formatuan egiteko modurik ez zegoen, neurketa batetik bestera atsedena hartu behar baitzuten. Bestalde, segurtasun neurri zorrotzak ezarrita ere, Calvok irudipena du kutsatze kasuak jazoko direla: «Eguneroko kontua izango da, baina egoera berrira egokitu beharko dugu. Ez dago besterik».

Emakumezkoen maila nagusiak ere formatu bera izango du: zazpi partida jokatuko dituzte hasieran. Halere, liga hasteko eguna dezente urrutiago dute : abenduaren 12a. Maila gorenean zortzi talde izanda, «moldagarriagoa» izango dela uste du Ourdik. Alabaina, berdintasunik eza errugbian ere islatzen dela nabarmendu du: «Emakumeen talde gehiago sortu behar dira, geuk ere ikusgarritasun handiagoa izateko». Gipuzkoarrek ez dakite oraindik zein talde izango duten aurrean lehen jardunaldian. Ez du ukatu horrek, zalantzarik gabe, «ezinegona» eragiten diela.

Estreinaldiko aurreneko neurketa ortzi mugan ikusten duten arren, ilusiorik ez zaie falta, eta jokatzeko amorratzen daude. «Gogor ari gara entrenatzen, eta lehen jardunaldian zeintzuk garen argi geratuko dela uste dut». Taldearen iazko bizkarrezurra galdu gabe, atzerrian ibili diren pare bat jokalari Eibarren proiektura batu dira; aipagarriena, Iera Echebarria madrildarra, eskarmentu handikoa. «Talde igo berria garen arren gauzak ondo egiten ari garen seinale izango da», aitortu du.

Ampo Ordiziak eta Getxok «nolabait» eutsi diote azken lau urteetako taldeari, betiere etxeko jokalariak taldearen oinarri direla ahaztu gabe. Bietan, taldeko jokalarien %80 inguru harrobikoak dira, eta Ordizian bederatzi profesional dituzte; Getxon, berriz, bost. Fitxaketa gutxi egiteak badu bere alde ona, Calvoren iritziz: «Taldea kanpoko jokalari gutxirekin indartzen baduzu, egitura oso gutxi aldatzen da; hala, kanpoko jokalariek taldera egokitu behar dute, eta ez alderantziz».

Talde bat, helburu bana

Bakoitzak dituen dohainen eta kalitatearen arabera, helburu ezberdinekin ekingo diote denboraldiari. Eibarren eta Getxoren kasuan, bigarren mailatik lehen mailara igota, Ourdik eta Calvok badakite exijentzia handiagoa izango dela. Gipuzkoarrak motibazioz gainezka dira: «Maila mantentzeaz gain, lehiakorrak izan eta Eibar mapan jarri nahi dugu, umiltasuna eta anbizioa galdu gabe». Calvok ez du kerik saldu nahi. «Datorren urtean maila nagusian egoteko langileak eta borrokalariak izan behar gara».

Ampo Ordiziakoak, bestalde aurreko denboraldian geratu zitzaien arantza kendu, eta urrats bat aurrera egin nahi dute. «Titulurako lehian ibili nahi dugu», esan du Marotiasek. Gustuko dute baloia abiadura eta intentsitate handiarekin mugitzea, eta defentsa arloan ere «indartsu» sentitzen dira: «Ordiziako jarraitzaileei horixe gustatzen zaie». Horrenbestez, gero eta gertuago dago hasiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.