Errusiar mendi batean ibiliko balira bezala

Urrutikoetxeak 22-18 irabazi dio Jakari lau eta erdiko ligaxkan. Zaratamokoa 21-5 aurreratu da, baina Jakak ia lehia irauli du

Mikel Urrutikoetxea eta Erik Jaka, elkar agurtzen, atzoko partida amaieran. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Gozamenetik eta sufrimendutik. Bietatik izan zuen atzo Mikel Urrutikoetxearentzat, Erik Jakaren aurka jokatutako Lau etaErdiko Txapelketako ligaxkako partidak. Erakustaldia emanda iritsi zen 21. tantora, oldarkor jokatuz eta tanto ikusgarriak eginez. Partida eskuan zuen: 21-5. Baina pilotan 22 tanto egin behar dira irabazteko. Eta partidaren bigarren zatia sufrikario bihurtu zen Zaratamokoarentzat. Izan ere, sakearekin asmatzen hasi zen Jaka, eta tantoak bata bestearen atzetik eginez, 18ra iritsi arte. Azken txapelketetako zalantzak eta mamuak agertzen hasi zitzaizkion orduan Urrutikoetxeari. Eta, azkenean, Jakak luze ateratako sakeak eman zion garaipena. Sentipenak azaleratzea kosta egiten zaio Urrutikoetxeari, baina amaieran egin zuen oihua hartu zuen lasaituaren isla izan zen.

Tolosako Beotibarren (Gipuzkoa) jokatu zen partida errusiar mendi baten parekoa izan zen. Bi zati oso diferente izan zituen. Lehenbizikoan, Urrutikoetxea oso nagusi izan zen. Hasieratik ikusi zen Jakak ez zuela partida luzatzea nahi, eta ahalik eta gehien saiatu zen airez sartzen, eskuinarekin zein ezkerrarekin. Horren aurrean sendo agertu behar zuen Urrutikoetxeak, eta ahal zuenean bere aukerak baliatu.

Ederra izan zen punpa lasterrean egin zuen 3-3ko; baita 4-3koa ere, hirugarren koadro eta erditik gantxoz. Egoera horretan, nahiz eta tantaka pilotakada onak jo, ez zegoen eroso Jaka, eta Urrutikoetxeak lehen zuloa ireki zuen: 7-3. Pilotan agintzen ari zen Zaratamokoa, eta Jaka ondo mugitzen. Fresko eta txinpartarekin ikusten zitzaion. Pilotakadarik zailenak ere ondo atera zitzaizkion. Dena alde zuen. Lizartzakoak nahikoa zuen defentsako lanean aritzea. Erasoan ez zuen mina egiteko zulorik topatzen.

Partida eten beharra zuen Jakak, zerbait aldatzeko. Eta hala egin zuen 9-3koarekin. Partidaren ordura arteko bilakaera, ordea, ez zen aldatu. Alderantziz, Urrutikoetxeak oldarkor eta bizi jokatzen segitu zuen. Tantoa apur bat luzatzen zenean piloteoan nagusi zen, kaiolan hobeto kokatua zegoela baliatuz. Fisikoki fin eta fresko iritsi da txapelketara, eta Victor Estebanen aurka ere erakutsi zuen atarikoan.

Hamahiru tanto egin zituen erreskadan Urrutikoetxeak, eta 16-3 jarri zen aurretik. Jaka norgehiagokatik irtenda zegoen. Presaka eta ezinean jokatu zuen, eta ondoen egiten duena ere ez zitzaion atera: airez sartzea. Pare bat akats nabarmen egin zituen pilota horrela joaz. Urrutikoetxea, ordea, gozatzen ari zen, eta gantxoz eta bi paretaz tanto ederrak egin zituen. 21-5era arte joera hori izan zuen norgehiagokak.

Goitik beherako aldaketa

Urrutikoetxeak, baina, ez zuen asmatu azken tantoa egiten, eta hor hasi zen aldatzen partida. Sakea berreskuratu zuen Jakak, eta aurretik pare bat aldiz emandako mezua errepikatu zion Iraitz Olaetxea botileroak. «Ahaztu emaitza, eta pentsatu jokoan».

Hala egin zuen Jakak. Sakeanmin egiten hasi zen. Tantoa egiten ez bazuen, bigarren pilotakadan ordu arte agertu ez zuen oldarkortasuna erakutsi zuen, Urrutikoetxeari min handia eginez. Zaratamokoak lehen zatian egin zuen bezala, hamahiru tanto egin zituen segidan Lizartzakoak. Tanto bakoitzaren ostean Urrutikoetxearen zalantzak handituz zihoazen.

21-17koarekin abagune garbia izan zuen tantoa egin, eta garaipena lortzeko. Baina hor ere ezin asmatu. Pilotan tarteka izaten dira halakoak, eta Jakak norgehiagoka iraul zezakeen traza hartzen ari zen. Baina, azkenean, ez. Hala, ligaxkako lehen puntua lortu zuen Urrutikoetxeak. Hurrengo jardunaldian, Ezkurdiaren kontra jokatuko du. Larunbatean izango da, Iruñean. Jakak, berriz, astelehenean, Lasoren kontra jokatuko du Tolosan.

Partida amaieran, «gozatu eta sufritu» egin zuela onartu zuen Urrutikoetxeak. «Gustura irten naiz, oldarkor. Baina bigarren zatian ez dut errestoan asmatu. Erikek min handia egin dit sakearekin, eta urduri jarri naiz. Azkenean, eskerrak sakean huts egin duela». Ezkurdiaren aurka partida «gogorra» espero du.

Jaka «amorratuta eta triste» zegoen partidak izandako bilakaerarekin. «Sentsazioa dut pilotan egin gabe noala etxera. Behintzat, tanteoa txukundu ahal izan dut, eta orain derrigor irabazteko partida dut Lasoren aurka astelehenean. Irabazten ez badut, txapelketatik kanpo gera naiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.