Albistea entzun

Berdinen arteko norgehiagoka

Igandeko lau eta erdiko finalerdirako pilotak aukeratu dituzte Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak. Hamargarren aldiz ariko dira elkarren aurka diziplina horretan
Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia, igandeko lau eta erdiko finalerdirako aukeratutako pilotekin, atzo, Gasteizko Ogeta pilotalekuan.
Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia, igandeko lau eta erdiko finalerdirako aukeratutako pilotekin, atzo, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Unai Etxenausia -

2021eko urriak 29 - Gasteiz

Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietako partida jokatuko dute igandean, Gasteizko Ogeta pilotalekuan (16:30, ETB1). Hamargarren aldiz ariko dira bi pilotari horiek elkarren kontra diziplina horretan. Aurreko bederatzi neurketetatik lau txapelketakoak izan dira, eta hirutan nagusitu da Ezkurdia; hain zuzen ere, azkeneko hiruretan; tartean, bi finaletan, 2018koan eta 2019koan. Iaz, ordea, Altuna III.ak jantzi zuen txapela, finalean Erik Jakari irabazita. Azken horrek kanporatu zuen Ezkurdia finalerdietan.

Atzo aukeratu zituzten etziko pilotak, eta biek esan zuten iganderako «gogo handiz» daudela. Altunak azaldu zuen «buru-belarri eta oso gustura» aritu dela partida prestatzeko entrenamenduetan. Baina Ezkurdia ere sasoi onean iritsi da partidara: «Sentsazio onekin nago, fisikoki, eskuak, burua... oso ongi sentitzen naiz». Elkarri estimu handia diote biek, eta onartu zuten irabaztea ez dela erraza izango. Altunak esan zuen Ezkurdia bolada onean edo txarrean harrapatzeak berdin duela, eta beti dela «oso zaila» hari irabaztea. Ezkurdiak, berriz, esan zuen «dena» emango duela, baina badakiela «oso partida zaila» izango dela.

Badituzte antzekotasunak jokoan. Bi pilotariek gustuko dute bizkor eta erasokor jokatzea. «Altuna oso erasokorra da. Erasoan jokatzea gustatzen zaio, eta ahal duen guztietan tantoa bukatzen saiatzen da». Altunari aurre egiteko, Ezkurdiak argi du partidaren «erritmoa» berak ezarri behar duela; «kantxa erdia kontrolatu» nahi du, eta tanto egiteko «angeluak» bilatzen saiatuko da. Halere, Altunak badaki Ezkurdiari ezin diola «kantxa erdia» dominatzen utzi. «Josebak erritmo ikaragarria jartzen dio partidari. Nik erasokor aritu behar dut; defentsan oso zaila da hari irabaztea». Halaber, biek badakite lau eta erdikoan sakea alde izateak duen «garrantziaz», eta aprobetxatu behar den zerbait dela.

Konforme geratu ziren pilotekin, eta antzeko estrategia erabili zuten. Izan ere, pilota bat bestea baino bizkorragoa aukeratu zuten biek. «Ez dago aitzakiarik. Haren pilotarekin jokatzeko aukera berdina izango dut, eta alderantziz», esan zuen Altunak. Ondo ezagutzen dute etzi jokatuko duten kantxa, behin baino gehiagotan neurtu dituzte indarrak Ogetan, eta nabarmendu zuten biei «asko» gustatzen zaien frontoia dela.

Ez da final bat

Asko hitz egin da igandekoa final aurreratua izango dela, baina Altunak azpimarratu zuen ez dela horrela izango, eta finalera heltzeko «merituak» egin behar direla. Baita finalera heltzen denak ere «oso final ona» egin beharko duela ere. Altunak adierazi zuen igandeko partida, ohi bezala, asko luza daitekeela. «Partida gogorrak jokatu izan ditugu».

Ezkurdiarentzat, finalerdietan egotea «pozik» egoteko zerbait da. Aipatu zuen biak finalerdietan topatzea «gauzak ondo» egiten ari diren seinale dela, eta espero duela Altunarekin batera urte askoan «gorenean borrokatzen» jarraitzea. «Etortzen den jende guztiarentzat zein etxetik ikusiko gaituztenentzat, ea partida eder bat egiten dugun eta ikuskizuna ematen dugun».

Ezkurdia jokatutako hiru partidak irabazita iritsiko da; Altuna, ordea, bat galduta, Peio Etxeberriaren kontrakoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tolosa eta Altuna gaurko partidaren une batean, Bilbon, Anoetakoaren lesioaren aurretik. ©Aritz Loiola / Foku

Tolosaren lesio bat tarteko, Elordik eta Zabaletak jokatuko dute finala

Paulo Ostolaza

19-15 irabazten ari zirela, zuntz haustura bat izan du Anoetako atzelariak. Neurketa bikaina egiten ari zen. Datorren igandean jokatuko dute finala Laso-Imazen aurka.

Eneko Otaño garaipena ospatzen, gaur, Azpeitian (Gipuzkoa). ©Idoia Zabaleta / Foku

Otaño nagusitu da Mugertzaren aurkako aizkora apustuan

Berria

Beizamakoak minutu bat baino gehiagoko aldea atera dio Mutrikukoari. 10.000 euro zeuden jokoan.

Lucas Egibar, ezkerretik hasita lehenengoa, pasa den astean Veysonnazen (Suitza). ©LAURENT GILLIERON / EFE

Lucas Egibar, munduko txapeldunorde

Berria

Laugarren egin du gaur, eta ezin izan dio Urrezko Globoko lehen postua kendu Martin Noerl alemaniarrari.

Baionako eta Paueko jokalariak, nor baino nor gehiago, atzo, Anoetan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Anoetan galdu du lehenengoa

Iñaki Berastegi

Baionak denboraldiko lehen partida galdu du etxean, Paueren kontra. Txuri-urdinen hamabostekoan lau euskal jokalari aritu dira. 38.646 zalek bete dituzte harmailak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.