Berriz abiada hartzeko prest

Ia bi hilabeteko etenaldiaren ondoren, Bera Berak eta Zuazok asteburuan ekingo diote berriz ere lehiari. «Gogotsu gaude», diote Esther Arrojeriak eta Izei Permachek.

Zubileta Evolution Zuazoko eta Super Amara Bera Berako jokalariak, bien arteko derbia hasi aurretik, joan den azaroan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Urterokoa da. Lehia eten egiten da ia bi hilabetez Espainiako Ohorezko Mailan: azaro erditik urtarril erdira. Berriro hasi beharra dago, berriro abiada hartu, sasoiaren bigarren zatiari, erabakigarrienari, ekiteko. Lau hilabete pasatxoko borroka dago aurretik.

Super Amara Bera Berak eta Zubileta Evolution Zuazok ere etena egin dute Gabonetan, baina egunak daramatzate jada lanean. Asteburu honetan ekingo diote berriz ere lehiari: Barakaldoko (Bizkaia) taldeak bihar jokatuko du urteko lehen partida, etxean, Malagaren kontra (19:30). Donostiakoa, berriz, etzi arituko da aurrenekoz, Lanzaroten (Espainia), etxeko taldearen aurka (12:00).

Bera Berak amaitu zuen bezala hasi nahi du urtea: sendo. Sailkapenari erreparatu besterik ez dago: lehena da, eta hamar partidetatik bederatzi irabazi ditu, eta bat berdindu. Puntu bakarrak ihes egin dio, Porriñoren pistan. Inor ez da gai izan haren erritmoari eusteko. Hiru puntura ditu bigarrena eta hirugarrena: Ro'Casa eta Gijon, hurrenez hurren.

«Oso lan ona egin dugu. Pena izan zen Porriñorekin berdindu izana, haiek baino gehiago baikara. Hala ere, meritu handia du egin dugunak, gero eta zailagoa baita punturik ez galtzea. Oso ondo hitz egiten du gutaz eta gure lanaz», azaldu du Esther Arrojeria erdikoak (Usurbil, Gipuzkoa, 1994).

Bi «baina» bakarrik jarri dizkio orain artekoari. Bata, Espainiako Superkopa galdu izana da: «Hiru urte daramatzagu irabazi ezinik». Bestea, berriz, Europan «beste urrats bat» ez egin izana: «Oso zorte txarra izan genuen zozketetan, aurkaririk zailenak egokitu baitzitzaizkigun. Hala ere, lau neurketetan aritu ginen nor baino nor gehiago. Gutxik espero zuten halako kontrario indartsuak horren estu hartuko genituenik».

Horrez gain, aitortu du «pena» izan zela Adriana Cardosok egun batetik bestera taldea utzi izana: «Oso garrantzitsua zen: larri ginenean, arnasa handia ematen zigun, oso gutxi behar baitzuen gola sartzeko. Baina aukera ederra iritsi zitzaion, eta aprobetxatu egin zuen. Ondo egin zuen; ezin zuen pasatzen utzi. Pixka bat hankamotz utzi gaitu, baina, halere, lasai gaude, Adriana ona baldin bazen Maitane ez baita atzean geratzen [Etxeberria]. Adriana gabe, zaildu egingo zaigu lana, baina uste dut lortuko dugula haren hutsunea ez dadin horrenbeste sumatu». Hura ere «prest» dago laguntzeko: «Ondo nago, sasoiz eta jokoz. Espero dut horri eustea».

Lanzaroten arituko dira bihar. Azkena da etxeko taldea, eta ez du punturik. Azaldu duenez, «mesede» egingo die ustez lehia«eramangarri samarra» izateak: «Denboraldiaurre nahiko bihurria izan dugu: batetik, bost jokalari aritu ziren Munduko Txapelketan, eta jende gutxirekin entrenatu gara; bestetik, hiru positibo egon dira. Ondo etorriko zaigu lehen bi partidak, Lanzaroteren eta Morvedreren aurkakoak, horren gogorrak ez izatea. Mesede egin diezagukete sentipenak berreskuratzeko, eta aurretik genuen sasoia berriro hartzeko».

Ez dute nahi etenak ezer etetea: «Pena izan zen gelditu behar izatea, oso bolada onean baikinen. Hala ere, baikor naiz, eta uste dut berriro harrapatuko dugula bolada on hori. Otsail hasieran dugu lehen neurketa gogorra, Ro'Casaren kontra, etxean. Ea ordurako erritmoa hartua dugun».

Aurrera begira, berriz, bi helburu dituzte: «Lehen postuari eutsi nahi diogu, eta Kopan txapeldun izaten saiatu. Handia litzateke, etxean jokatuko baitugu».

Gero eta hobeto

Zuazok asmo askoz apalagoak ditu. Ligan, hamargarrena da: hiru partida irabazi ditu, bat berdindu, eta sei galdu. Ez dago larri: bost puntura du jaitsiera. Gainera, sentipena da merezi baino gutxiago jaso duela: «Lan ona egin dugu, eta hor egon gara partida guztietan, baina errematatzea falta izan zaigu», dio Izei Permach piboteak (Zarautz, Gipuzkoa, 1999). Datu batek ematen dio indarra baieztapen horri: gehienez hiru golengatik galdu du Zuazok, eta behin bakarrik izan da, Bera Beraren aurka. Permachek argi du helburua: «Hasitakoa errematatu behar dugu. Lan ona egiten ari gara, eta emaitzetan islatu dadila nahi dugu. Gorago egoteko taldea dugu».

Haren iritziz, «ulertzekoa» da taldeari kosta egin izana sasoiari «neurria» hartzea: «Aldaketa dezente egon dira, eta normala da pixkanaka joatea. Horregatik, pena izan da eten hau, erritmoa hartua baikenuen, eta bolada onean baikinen [zazpi puntuetatik bost lortu zituzten azken lau partidetan]. Baina oso motibatuta gaude berriro lehiari ekiteko, eta orduko sentipenak berreskuratzeko».

Permachek estreinako sasoia du maila nagusian. Ez zuen ondo hasi, denboraldiaurreko aurreneko lagunartekoan min hartu baitzuen ezker besoan, eta bi hilabete eta erdi pasatxo egin baitzituen jokatu ezinik: «Gogorra izan zen. Talde eta liga berri batera iristean, oso garrantzitsua da denboraldiaurrea, erritmoa hartzeko; aurrerapausoak emateko garaia da. Nik atzerapausoa eman nuen, lesioagatik. Zorionez, sasoiari eutsi, eta ondo itzuli nintzen lehiara». «Berehala» sumatu zuen jauzia: «Alde handia dago erritmoan eta indarrean. Lehen partidan argi geratu zitzaidan sasoi betean egon behar dela. Horretan ari naiz, gogor. Taldekideen pare nago».

Derbiaz du oroitzapenik onena: «Taldeak oso partida ona egin zuen, eta nik ere bai [zazpi gol sartu zituen]. Berezia izan zen etxe ondoan jokatzea». Helburuez galdetuta, taldeak «gora egitea» eta Kopako azken fasea jokatzea aipatu ditu. Eta «gozatzen» jarraitzea: «Oso gustura nago taldean. Sekulako oparia da hemen egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.