Profesionaltasunaren eredu

Vanesa Gimbert Athleticeko jokalariak erretiroa hartzea erabaki du, 23 sasoi Lehen Mailan jokatu ostean. Bost liga eta Espainiako bost Kopa irabazita doa.

Zelaian zein zelaitik kanpo eredu izanda esango dio agur bere ibilbideari Vanesa Gimbertek. Irudian, baloia jotzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Vanesa Gimbert Athleticeko jokalariak Lehen Mailan debuta egin zuenean Naroa Uriarte, Oihane Hernandez, Oihane Valdezate, Irene Ogiza, Leire Momente eta Paula Arana taldekideak jaio gabe zeuden. Ez da ohikoa jokalari batek 23 denboraldi egitea Lehen Mailan, eta 42 urterekinjokatzen segitzea.Sakrifizio eta profesionaltasun handia eskatzen du horrek. Horiexek izan ditu Gimbertek bidelagun bere kirol ibilbidean. Baina atseden hartzeko garaia dela erabaki du. Sasoi amaieran hartuko du erretiroa, atzo iragarri zuenez. Hiru partida geratzen zaizkio agur esateko. Ibilbide oparoa osatuta doa: bost liga eta Espainiako beste hainbeste Kopa irabazi baititu, eta zenbaki ikusgarriak bildu. Erika Vazquez, Ainhoa Tirapu, Nekane Diez eta beste zenbait jokalariekin batera, eredu izan da harrobitik igo diren jokalarientzat.

Lehen Mailan jokatu dituen 23 denboraldietatik bederatzi egin ditu talde zuri-gorrian. Txikitan Andaluziara joan zen gurasoekin lan kontuengatik, eta Levantek eman zion Lehen Mailan debuta egiteko aukera, 1999an. Txapelketako talderik indartsuena zen, eta harekin bi liga, Espainiako hiru Kopa eta Espainiako bi Superkopa irabazi zituen. Ondoren, Huelvan sasoi bat egin zuen (2003-2004), eta hiruna Sevillan, (2004-2007),Rayo Vallecanon (2007-2010) eta Espanyolen (2010-2013). Vallecaseko taldearekin beste bi Liga titulu eta Kopa bat eskuratu zituen; eta Bartzelonako taldearekin, Kopa bat. Hain zuzen, 2012an, Athleticen aurka. Luzapenean erabaki zen neurketa.

2013an iritsi zen Athleticera, 33 urterekin, Juan Luis Fuentesen eskutik. Sasoi hartako lehen partidan egin zuen debuta elastiko zuri-gorriarekin. Realaren aurkako derbi batean izan zen, Lezaman. Athleticek 1-0 irabazi zuen.Partida hartan jada lehen marka ezarri zuen, zuri-gorriekin debuta egiten zuen jokalari beteranoena izan baitzen.

Hortik aurrera ibilbide oparoa egin du Athleticekin. Guztira 248 partida jokatu ditu zuri-gorriz, eta hamargarren postuan dago neurketa gehien jokatu duten jokalarien zerrendan. Euskarri postuan eta erdiko atzelari gisa jokatu arren, gol kopuru polita lortu du: 41. Asko geldikako jokaldietan izan dira. Halakoxea izan da orain arte sartu duen azkena. Levanteri egin zion, urtarrilean, korner batean, buruz. Gol kopuruari erreparatuz, lehen denboraldia izan zen oparoena: hamahiru sartu zituen.Zuri-gorriekin ere titulu bat eskuratu du, 2016ko Liga, hain zuzen. Hala, bere garaipen zerrenda biribildu zuen. Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ere izan zuen hurrengo denboraldian.

Eta hori guztia zelaian eta zelaitik kanpo eredu izanda lortu du, egunero profesionaltasunez arituz. Euskarrian edo erdiko atzelari moduan jokatu, taldeko zutarrietako bat izan da, eraginkortasuna ikusgarritasunaren gainetik jarriz. Zelai erdian taldeari eusten zion, baloia kalitate handiz ateraz. Atzean, berriz, jokoa irakurtzeko duen gaitasunari eta eskarmentuari esker sendotasuna eta ziurtasuna eman dizkio taldeari azken denboraldietan. Joseba Agirrek pasatu zuen 2017-1018ko denboraldian atzean jokatzera. Espero bezala, kexarik ez. Izan ere, beti jarri du taldearen interesa berearen gainetik. Honela mintzatu zen horren inguruan BERRIAri emandako elkarrizketa batean: «Erosoago nago zelai erdian, hor jokatu izan baitut beti. Baina taldea horren gaztea izanda, entrenatzaileak eskarmentua nahi du atzean, eta baloia ondo ateratzen duen jokalari bat. Niri agindu dit zeregin hori, eta ni lan hori ondo betetzen saiatzen ari naiz».

Zaintzea gako

Beti izan du buruan hobetzea: asko eskatu dio bere buruari, etaizugarri zaindu du bere burua. Are gehiago adinean aurrera joan ahala. Hala aitortu izan du: «Oso zorrotza naiz eguneroko prestakuntzan;goi mailako kirolari izanda, ardura hori dugula uste dut. Beti ikusi izan dut nire ogibidearen parte gisa. Hala, ez diot ezeri uko egin horretarako».

Arlo horretan bi gauzari eman dio garrantzia: elikadurari eta atsedenari. Hala aitortu zion BERRIAri duela hiru urte. «Garbi eta osasungarri jaten dut, eta garrantzi handia ematen diet indarberritzeari eta atsedenari».Gainera, azken urteetan entrenamendu plan zehatz bat izan du, entrenatzaile taldearekin eta prestatzaile fisikoarekin adostuta. Iraia Iturregi gaur egungo entrenatzaile eta taldekide ohia prestatzaile fisikoa zenean hasi ziren lantzen. Adibidez, ariketa batzuetan txandaka jartzen zuten, edo egokitu egiten zizkioten, batez ere indarra lantzekoak. Hala, gainkargak saihesten zituen. Entrenamendu ostean ere, egunero hartu izan du masajea.

Horri esker lortu zuen 86 partida oso segidan jokatzea, lesiorik eta txartelik pilatu gabe. «Fisikoari dagokionez, genetika kontua ere badela esan izan didate. Txartelen kasuan, ez naiz sekula jokalari gogorra izan». Azkenaldian, ordea, gero eta gehiago kostatu zaio denboraldiei martxa hartzea. Pandemiagatik liga eten zuten urtean buruan izan zuen erretiroa. Horregatik luzatu izan du kontratua urtebetez. Klubak askatasun osoa eman dio bere etorkizunari buruzko erabakiak noiz eta nola hartu erabakitzeko orduan. Uzteko garaia orain dela erabaki du. Jakinarazpena orain iritsi da, baina ofizialki denboraldi amaieran esango du agur. Arreta osoa azken hiru neurketetan du jarria. Profesional izan nahi baitu azkenera arte.

Agurra Sevillaren aurkako partidan izango da, Lezaman, maiatzak 14-15eko asteburuan. Egun horretan, bai zaleek eta bai emakumezkoen futbol guztiak aitortza egingo diote, asko eman baitie. Futbolak ere izugarri eman diola esan izan du berak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.