Hazten segitzeko mugarria

Baliteke Reala Txapeldunen Ligarako sailkatzea lehen aldiz, bihar Rayori irabaziz gero. Larraitz Lucas eta Sandra Ramajo jokalari ohiak «gozatzen» ari dira taldearekin.

Realeko jokalariak, aurreko jardunaldian Sevillari sartutako goletako bat ospatzen. LA LIGA.
ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Kontuak argiak dira: Realak bihar Rayori irabazten badio Zubietan (12:00 RS TV), hirugarren postua ziurtatuko du, eta Txapeldunen Ligarako sailkatuko da estreinakoz —Athleticek Granadilla hartuko du gaur Lezaman, 12:00etan—. Saria handiagoa izango da geratzen diren beste bi partidetan puntu bat urratzen badu. Izan ere, bigarren izango litzateke, eta, bi atariko jokatu beharrean, bat jokatu beharko luke ligaxkan egoteko. Larraitz Lucas eta Sandra Ramajo jokalari ohiek argi dute «beste mugarri bat» dela taldearen hazkundean, eta merezitako saria: «Sekulako denboraldia egin dute».

Bai Lucasek bai Ramajok badakite zer den talde txuri-urdinaren historian «mugarriak» ezartzea.Reala Lehen Mailara igo zeneko taldean zegoen Lucas, eta Ramajok Espainiako Kopa altxatu zuen Granadan (Espainia). Biek eraman dute kapitainaren besokoa, eta bihotzean daramatzate kolore txuri-urdinak.

Beste zale askok bezala, aitortu dute ez zutela espero taldea hain goian egotea. Are gutxiago udan hamar jokalarik taldea utzi ostean. «Aro aldaketak ez dira errazak, eta jokalariek zein klubak sufritu egiten dute. Denok genituen zalantzak taldeak zer egin zezakeen», dio Ramajok. Lortzeko moduari erreparatu dio Lucasek:«Hiru jardunaldiren faltan lor dezake, eta lurtarren artean onena izanda, egun Bartzelona menderaezina baita».

Hainbat gako aipatu dituzte taldea hain goian egoteko. Baina gauza bat nabarmendu dute: talde izaera eta jokoa. Izaerari lotuta, multzoa oso batuta egon da. «Nereak [Eizagirre] berak argi esan zuen: zeudenek hemen geratu nahi zutela, eta Reala handi egin nahi zutela. Denboraldian zehar hark eta Amaiurrek [Sarriegi] kontratua berritzea oso mezu indartsua izan zen multzoarentzat. Uste dut zuzendaritzak oso ondo egin zuela hori. Baita Maddik [Torre] eta Iraiak [Iparragirre] segitzea ere. Kapitainak dira, Kopa irabazi zuten taldeko kide izan ziren eta aldagelan ere garrantzi handia dute».

Zelaian ere ikusi da batasun hori, Lucasen ustez: «Jokalari bakoitzak dituen trebezien gainetik, talde jokoa asko aberastu du Realak. Oreka eta erregulartasuna izan ditu». Taldearen ondorengo ezaugarrietan egin du azpimarra, berriz, Ramajok: «Alai jokatu du, eta ideiak argi izanda. Baloiarekin zein gabe, oso talde sendoa da. Hasieratik, defentsan asko hobetu du. Horrek asko lagundu die, baita zelai erditik aurrerako jokalarien mugikortasunak ere».

Ideiak argi izate horretan Natalia Arroyoren lana goraipatu dute biek. Lucas: «Jokalariek ideia horietan sinestea lortu du. Komunikatzaile aparta da, eta taldeari onena atera dio. Horri gehitu behar zaio futbolaz asko dakiela, asko gustatzen zaiola, eta, jokalari izan zenez, badakiela haien lekuan jartzen». Ramajok, gainera, bigarren denboraldi honetan «askoz egokituago» ikusi du Arroyo.

Hainbat izan dira bai teknikariak, bai Garbiñe Etxeberriak zuzendutako kirol zuzendaritzak hartutako erabakiak. Horien artean egon da talde motz baten alde egitea. «Apustu arriskutsua da, batez ere lesioekin arazoak izanez gero. Baina kasu honetan, zorionez, lesio larri bakarra izan du: Ceciliarena [Marcos]. Eta ondo atera zaio. Multzoa luzea denean beti daude jokalari batzuk jokatzen ez dutenak, eta azkenerako hori kudeatzea ez da erraza. Kasu honetan hamabi-hamahirujokalari izan ditu titular, eta besteak gazteak izan dira. Gazte horiek oso ondo aritu dira jokatu dutenean», azpimarratu du Lucasek.

Jokalarien artean, hain zuzen,Nerea Eizagirrek eta Amaiur Sarriegik piztu dute arreta gehien. Baina, beste izen batzuk aipatzeko eskatuta, bina jokalari aipatu dituzte. Lucasek, Iris Arnaiz eta Manuela Vanegas: «Irisek sekulako lana egin du zelai erdian, ikusten ez dena, baina funtsezkoa. Taldearen euskarria izan da. Vanegasek, berriz, izugarrizko trebezia erakutsi du baloia ateratzeko, eta hori funtsezkoa da Nataliaren jokatzeko erarako».

Sanni Franssiren jokoa «oso gustuko du» Ramajok. «Baloirik gabe egiten duen jokoak txundituta nauka. Beste taldekideentzat zulo asko zabaltzen ditu. Gainera, oso borrokalaria da». Herenegun kontratua berritu zuen Ane Etxezarreta ere aipatu du: «Anerekin jokatzeko aukera izan nuen, eta asko pozten nau denboraldi honetan hainbeste jokatu izanak. Beti iruditu zait oso jokalari interesgarria: postu batean baino gehiagotan jokatzeko gaitasuna du, eta buruz asko ematen dio taldeari. Gainera, aurrerapauso bat eman du baloia ateratzen».

Orain artekoari jarraitu

Baina lana biribiltzeko azken urratsa egitea falta zaie, askotan zailena. Nola heldu, ordea, igandekoa bezalako partida bati? Biek argi dute: orain arte egindakoa eginez. «Egia da gertu dagoenean urduritasun apur bat izan dezakezula, eta gauzak presaka egin nahi izatea ekar dezakeela. Baina taldea oso fidagarria izan da sasoi osoan zehar. Lasai egon behar dute, eta gozatu. Ziur nago denboraldi osoan zehar erakutsitako mailan lehiatzen badira igande honetan bertan lortuko dutela. Hori da onena. Baina ez dezatela ahaztu beste bi partida ere geratzen direla. Buruarekin joka dezatela. Buruarekin, baina lehiakor», dio Ramajok.

Eta lortuz gero, zer? Berehala erantzun du Lucasek: «Egonkortasuna, zentzuz lan egitea, eta orain arte bezala urrats sendoak egiten segitzea emakumezko taldearen hazkundean eta garapenean».

Ramajo bat dator:«Denboraldiz denboraldi, haziz joan da taldea. Kopa irabazi zuen aurrena, eta joan den denboraldian ordu arteko sailkapen onena lortu zuen. Sasoi honetan ixtear da Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Hala jarraitu behar da lanean, ezarrita dauden zutarriak sendotzen jarraituz, aurrera begiratuz eta taldeak sorreratik izan dituen ezaugarriei eutsiz:izaera lehiakorra, zaleekiko gertutasuna...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.