Uda giro, pilota giro

Inaxio Errandonea, Iker Amarika eta Maite Ruiz de Larramendi «oso pozik» daude, aurtengo uda pandemiaren aurrekoen antzekoa izango baita. Ados daude: «Sasoi polita izango da».

Nafarroako Foru Komunitatea Txapelketako finalak, Nafarroa Arenan. Inoiz baino ikusle gehiago egon zen emakumezko pilotarien jaialdi batean: 1.600. E. MASTER CUP.
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Sakelakoak gehiagotan jotzen dit. Aldea dago aurreko bi urteekin konparatuta. Jendea gogotsu dago, animatuta», dio Inaxio Errandonea Aspe enpresako zuzendari komertzialak (Bera, Nafarroa, 1964). Oraindik ez dute erabat zehaztu egutegia, baina uste du uda «polita» izango dela, «pandemiaren aurrekoen antzerakoa».

Bi txapelketa jokatzen ari dira orain Aspeko eta Baikoko pilotariak: sanferminetako lau eta erdikoa eta Bizkaia torneoa. Aldeak alde, «gustura» daude haien jardunarekin, eta «kontent», pilotazaleak frontoira itzultzen ari direlako. «Beldurrak uxatu dituzte, eta lasai joaten dira frontoira berriro. Guretzat, lasaitua da hori».

Baita bi urteko etenaren ostean festak ospatzea ere. «Festen aitzakian, jende asko joaten da frontoira. Igarri egiten da non diren festak eta non ez. Azken bi urteak oso gogorrak izan dira: ez dira festak ospatu, eta ez digute utzi antolatzen jaialdiak festak egin behar ziren data horietan. Zorionez, egoerak hobera egin du, eta festak ospatuko dira. Garai polita dator».

Ate joka daude lehen festa handiak: sanjoanak, sanpedroak eta sanferminak. Iruñekoa da udako lehen feria garrantzitsua. Duela bi urte, ez zen egin; iaz, berriz, laburragoa izan zen, eta lau eta erdiko finala ikuslerik gabe jokatu zen. Aurten, ordea, lehengora itzuliko da. «Sarrerak salmentan jarri, eta segituan hasi zen jendea sarrerak erosten: %80 baino gehiago saldu dira. Ez dago sarrerarik lehen egunetarako, baina oraindik geratzen dira batzuk. Oso-oso pozik gaude. Labritek itxura ikaragarria izango du sanferminetan».

Iruñekoak dira hiriburu batekoaurreneko festak. Ondoren ospatuko dituzte pilotan sona handia duten beste hiru festa: Gasteizkoak, Donostiakoak eta Bilbokoak; hirurak abuztuan. Guztietan dute asmoa feria bat egiteko, baina ez dute zehaztu nolakoak izango diren. Caixabank Mastersaren hirugarren aldia jokatu da ere bai. «Uda diseinatzen ari gara. Kontu asko daude antolatzeko».

Pilotariak ere banatu behar dituzte: jaialdi bakoitzean zeintzuk jokatuko duten. «Oreka» bilatu behar dutela dio. «Gehienek pilotari berberak eskatzen dizkigute, punta-puntakoenak: Altuna, Ezkurdia, Zabaleta, Rezusta, Martija... Baina ahalegintzen gara pilotari guztiek partida kopuru polita joka dezaten».

Goi mailako txapelketa

Iker Amarika Emakume Master Cupeko antolatzaileak ere gertu du sakelakoa (Larrabetzu, Bizkaia, 1981). «Mugimendu gehiago dago, baina udalek ez dute deitzen jaialdi bat antolatzeko eskatzeko. Norberak mugitu behar du; bestela, jai duzu. Nekez etorriko dira zugana. Hala ere, nabari da jendea gogotsu dagoela. Bi urte iraun du pandemiak, eta azkeneko bi udak oso arraroak izan dira, ekitaldi gutxi egin dira. Orain, zerbait eskaini, eta erantzuna bestelakoa da. Itxaropentsu gaude».

Herrietako jaialdiez gain, hiru txapelketa antolatuko dituzte. Lehenbizi, sanferminetako torneoa; uztailaren 9an jokatuko dute finala. «2019an, sekulako arrakasta izan zuen torneoak. Jendetza geratu zen Labrit kanpoan, barrura sartu ezinik. Ea orduko arreta berreskuratzen dugun. Azkeneko bi urteetan ez dugu antolatu, eta ez dakigu jendeak nola erantzungo duen». Sekulako oroitzapena dute Iruñean jokatutako azken aldiaz: ekainaren 5ean izan zen, Nafarroa Arenan, Nafarroako Foru Komunitatea Txapelketaren finaletan. «Inoiz baino ikusle gehiago izan ziren emakumezko pilotarien jaialdi batean: 1.600. Ez genuen halakorik espero. Izugarrizko poza hartu genuen».

Udako txapelketa bat antolatuko dute ere bai. «Uztailean hasiko da, eta gure pilotaririk onenek jokatuko dute. Goi mailako txapelketak antolatzea da gure helburua, eta halakoa izango da txapelketa hau: goi mailakoa».

Uda bukatzeko, Logroñoko sanmateoetako torneoa (Espainia) jokatuko dute irailean. «Uda polita izatea espero dugu. Badugu gogoa lehengora itzultzeko. Gu ezin gara kexatu, azkeneko bi urteetan txapelketak antolatu baititugu, baina murrizketekin jokatu ditugu, eta sekulako burokrazia lanak egin eta gero. Argia ikusten ari gara. Ea pilotazaleak animatzen diren emakumeen partidak ikustera. Gero eta maila handiagoa dago pilotarien artean, eta partiden inguruan ikuskizun polita antolatzen dugu».

Plazaz Plaza, berriro

Maite Ruiz de Larramendi Ados klubeko pilotari eta ordezkariak ere «itxura polita» hartzen dio udari (Beasain, Gipuzkoa, 1973). «Jendea deika ari zaigu emakumezkoen partidak eskatzeko. Igarri da festak ospatuko direla berriro; mugimendu gehiago dago. Pozik gaude; partida dezente jokatuko ditugu. Ea sasoiari eusten diogun eta eskuek ez duten gehiegi sufritzen. Atseden hartu beharko dugu ere bai, uda betea izango baitugu. Baina ezin gara kexatu: klubaren helburuetako bat da urtean ez uztea jokatzeari, eta ez diogu utziko. Lan handia egin dugu hala izan dadin, eta, zorionez, lan hori fruitua ematen ari da».

Txapelketa bat jokatzen hasiak dira, Getariakoa (Gipuzkoa). Lehen bi jardunaldiak jokatu dituzte, eta uztailaren 31n izango da finala. Tartean, bi txapelketa jokatuko dituzte. Batetik, sanferminetakoa. Gaur bertan ekingo diote Lesakan (Nafarroa), eta final-laurdenak eta finalerdiak jokatu ondoren, uztailaren 5ean izango da finala, Labriten. Sei bikotek parte hartuko dute.

Sanferminen bueltan hasiko da Ados klubak udarako antolatutako txapelketa nagusia: Plazaz Plazaren bigarren ekitaldia. «Iaz jokatu genuen aurreneko aldiz, eta oso gustura aritu ginen; aho zapore oso gozoa utzi zigun. Iaz, ekainean, uztailean eta abuztuan jokatu genuen. Aurten, berriz, pixka bat beranduago hasiko gara, eta uztailean, abuztuan eta irailean jokatuko dugu. Pilotari kopuruari eutsiko diogu: hamasei, zortzi bikotetan banatuta. Baina berrikuntza batzuk egongo dira. Aurki jakinaraziko ditugu. Oso itxura polita du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.